Espainiako Kongresua. Diputatu subiranista kartzelatuak

Politikaren egitekoa gutxietsiz

Kongresuak kargua eten die lau diputatu subiranista kartzelatuei, Prozedura Kriminaleko Legea argudiatuz. Meritxell Batet ganberako presidentearentzat, erabaki «zuhurrena» da

Meritxell Batet Espainiako Kongresuko presidentea, atzo, kazetarien aurrean, Mahaiak hartutako erabakiaren berri ematen. EMILIO NARANJO / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Bukatu da azkeneko egunetan eskuineko alderdiek eta fiskaltzak egindako presiopean Espainiako Auzitegi Gorenak eta Kongresuko Mahaiak jokatutako tenis partida. Eta, pilota eskuan zuela, lehia eten eta Mahaiak hartu zuen, atzo, Oriol Junqueras (ERC), Jordi Sanchez, Josep Rull eta Jordi Turull (JxC) diputatu independentista behin-behinean kartzelatuak kargugabetzeko erabakia. Meritxell Batet Mahaiko presidenteak (PSOE) bezperan adierazi zuenez, ganberako legelariek auziaz ebatzitakoa errespetatuko zuen. Horiek atzo helarazi zioten txostenaren arabera, «automatikoki» eten behar zitzaien diputatu kargua, Prozedura Kriminaleko Legearen 384 bis artikuluak zehaztutakoa aplikatuz. Hori egin zuen Mahaiak, PSOEko, PPko eta Ciudadanoseko ordezkarien oniritziarekin. Beraz, Kataluniako prozesu subiranistan beste hainbatetan gertatu bezala, jardun politikoak berriro galdu du, eta katalan erdien botoak baliogabetu dituzte, nahiz eta oraingoan ez den zuzenean Gorena izan deliberatu duena.

Iazko uztailean, auzitegi horrek eten zien hautetsi horiei beraiei parlamentari kargua Kataluniako Parlamentuan. 384 bis artikulua aplikatu zuen horretarako. Horrek dioenez, kargu politiko bati kargu publikoa eteten zaio baldin eta matxinada delituagatik auzipetua eta behin-behinean kartzelatua baldin badago.

Batetek prentsaurrekoan esan zuenez, erabakia «garantistena eta zuhurrena» da. Talka egiten du, ordea, Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidenteak Kataluniako auzia konpontzeko azken urtean tarteka erabili duen dialektika eraikitzailearekin eta joan den asteartean Kongresua osatu zenean Junquerasi eman zion bostekoarekin —Isabel Zelaa gobernuko bozeramaileak atzo nabarmendu zuenez, «kortesiazko» keinua izan zen—. Bide batez, Sanchezek muzin egin dio joan den apirilaren 28an hauteskundeak irabazi eta gero jarraitzaileek kementsu jakinarazi zioten «Riverarekin ez!» horri, eta Ciudadanosek sutsuki exijitutakoa lehenetsi du. Eskuineko liberalen hatsa garondoan sentitu du Sanchezek egunero, biharko hauteskundeen kanpainan.

Eta ikusi beharko da atzokoak bultzada bat ematen ote dien alderdi subiranista katalanei biharko hitzorduan. Mahaiak deliberatutakoa kritikatu zuten, eta eskatu zioten erabakia berriro pentsatzeko. JxCk iragarri zuen eteteari eusten badio Auzitegi Konstituzionalean babes helegitea jarriko duela, eta ERCk ere bide bera jarraituko du. «Kargua etengo diete Espainian, baina ezin izango diete Europan eten», adierazi zuen Esquerra Republicanak, Twitter bidez.

Horixe bera azpimarratu zuen Junquerasek sare sozial berean. «Preso politiko bat Europako Parlamentuan sartzea da Espainiako Estatuaren errepresioa salatzeko modurik onena; estatua Europa osoaren aurrean estutasunean jartzea da». Konbentzituta dago europarlamentari aukeratzen badute Estrasburgora joan ahal izango dela ganbera osatzen duten egunean, uztailaren 2an.

Diputatu akta uzteko asmoa dauka, beraz, ERCren liderrak. Horrek zerikusia dauka, hain zuzen ere, atzoko erabakiak ganberaren gehiengoan eragin dezakeen aldaketarekin. Horri buruzko txosten bat eskatu die Batetek behe ganberako letraduei. Uneotan, 350 diputatu beharrean, 346 diputatu ditu Kongresuak, eta, horrenbestez, 176 ordez 174 diputatu nahikoa izango ziren gehiengo osoa edukitzeko. Oraindik ere ez dago argi, halere, diputatu kargugabetuek akta utziko duten eta ordezkatuak izango diren. Kataluniako Parlamentuan ez zuten horrelakorik egin, baina bozkatzen jarraitu ahal izan zuten.

Zenbaki horiek badute pisua Sanchezen inbestidura posibleari dagokionez. Joan den asteartean, Batet Kongresuko presidente hautatu zutenean bozka bidez, 175 boto lortu zituen: PSOErenak, Unidas Podemosenak, EAJrenak, Coalicion Canariarenak, Compromisenak eta Kantabriako Alderdi Erregionalistarenak. Lau diputatu kargugabetuak ordezkatuak ez badira, kopuru hori nahikoa izango da Sanchez inbestitzeko; baita Junquerasek europarlamentari izateko aktari uko egiten badio ere, eta beste norbaitek hartzen badu haren lekua. Zelaak iradokitakoaren arabera, gainera, gustukoa du «ERC eta JxC gabeko» aritmetika hori. Baina Coalicion Canariak herenegun jakinarazi zuenez, ez du Sanchezen alde bozkatuko PSOEek Unidas Podemosekin gobernu koalizioa edota akordio programatikoak egiten badu.

Unidas Podemos, aurka

Gerardo Pisarello En Comu Podemekoa eta Gloria Elzo Unidas Podemosekoa ere Mahaiko kide dira, eta Batetek iragarritako erabakia kritikatu zuten. Haien ustez, ez dute denborarik eduki legelarien txostena behar bezala aztertzeko. Iruditzen zaie, gainera, Gorenari zegokiola erabakia hartzea. Pisarelloren esanetan, «Goreneko epaile bat hartzen ausartu ez den erabakia» hartu du Mahaiak.

Unidas Podemosek koalizio gobernua osatu nahi du PSOErekin. Irene Montero alderdi morearen bozeramaileak atzo azpimarratu zuenez, Mahaiaren erabakiak ez du bi alderdien arteko «konfiantza hautsiko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.