G7koen goi bilera Miarritzen

Itsasargiaren magalean, ostertz iluna argitu nahian

G7koek goi bilera abiatu dute Miarritzen, ziurgabetasuna eta zatiketa protagonista dituztela. Gerra komertziala, klima larrialdia eta 'brexit'-a izango dituzte hizpide, besteak beste

Miarritze. Boris Johnson, Angela Merkel eta Emmanuel Macron, atzo, laneko bilera batean. ANDREW PARSONS / EFE.
ander perez zala
<i>Miarritze</i>
2019ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Aurtengo G7koen goi bilera Emmanuel Macron Frantziako presidentearen bilera da. Haren gobernuari egokitu zaio hitzordua antolatzea, eta aukera ezin hobetzat hartu du Frantziaren nazioarteko irudiari eta pisuari bultzada bat emateko. Haizea, ordea, ez du erabat aldeko izango agintariak: zazpi estatuburu eta gobernuburuen arteko zatiketa nabarmena da gai askoren inguruan; desadostasunak sakonak dira, eta ziurgabetasuna izango da bilerako protagonista nagusia, Donald Trump AEBetako presidentearen jarrerarekin batera. Agian horregatik erabaki zuen Macronek atzo gainontzeko agintariekin izan zuen afaria Miarritzeko itsasargian egitea, gaurko eta biharko ostertz iluna argitzeko asmotan.

Agintariak jakitun dira egoera ez dela egokiena. Donald Tusk Europar Kontseiluko presidentea izan zen ohartarazpena egiten lehena, atzo eguerdian: «Oraindik ez dago argi irtenbide komunak adostuko ote ditugun. Aurtengoa azken aukera izan liteke gure komunitate politikoa berreskuratzeko». Macron ere aukera horren beldur da, eta hori iradoki zuen aurrez grabaturiko bideo batean, Miarritzeko hondartza atzean zuela: «G7 hau baliagarria izatea nahi dut».

Gaur eta bihar mahai gainean jarriko dituzten gaiak gatazka iturri bilakatuko dira, zalantzarik gabe. Trump hitzordura iritsi da Txinari ezarritako muga zergak handituta, eta ikusteko dago zer-nolako gatazka sortuko duen auzi horrek, agenda bere eremura eramatea lor baitezake; gai horri begira, Frantziako presidenteak atzo adierazi zuen agintariei ohartaraziko diela «tentsio komertzialak» txarrak direla guztientzat, eta egoera «egonkortzeko beharra» dagoela. AEBen eta Iranen arteko harremana, Amazoniako suteak amaitzeko beharra, Siriako eta Libiako gerren egoera eta Errusiarekiko jarrera ere izango dira eztabaidagaiak.

Johnsonen estreinakoa

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroaren estreinako nazioarteko goi bilera da egunotakoa, eta arretaz jarraitu beharreko hitzorduak izango ditu gaur: bata, Tuskekin, brexit-az aritzeko; eta bestea, Trumpekin, Erresuma Batuaren eta AEBen arteko harremanaz aritzeko. Eta, jakina, bi agintariek elkarrekin utziko duten irudia ikusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.