Herriko bozak. Angelu

Angelun, bizitegi sozialak eskas

Hiru hautagai izanen dira Angelun: Sandrine Dervillek eta Sandra Pereirak lehia eginen diote Claude Olive oraingo auzapezari. Etxebizitzaren gaiak piztu du eztabaida handiena

Angeluko herriko etxearen irudi bat, artxibokoa. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2020ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Azken sei urteetan, Claude Olive Frantziako eskuineko auzapeza izan du Angeluk (Lapurdi). Bozetara berriz aurkeztea erabaki du, Angelu Elkarrekin Aitzina zerrendan. Bi emakume izanen ditu parean: Sandrine Derville, Vivement Anglet taldearekin, eta Sandra Pereira, Reveillez Anglet zerrendarekin. Bi emazteak oposizioan izan dira 2014tik. Dervillek Frantziako ezkerraren zati bat batu du: Alderdi Sozialistak, Berdeek eta Frantziako Alderdi Komunistak sostengatzen dute zerrenda, besteak beste. Pereirak, berriz, Frantzia Intsumisoaren babesa lortu du; horixe da Ipar Euskal Herrian alderdiak ofizialki babestu duen zerrenda bakarra.

2014ko bozetan, abertzaleek lista bat osatu zuten, baina, aurten, ez da izanen hautagai abertzalerik Angelun. Hala ere, herritar eta elkarte kolektibo batek hautagaiei galdera zerrenda bat helarazi die hizkuntza politikari eta kultur politikari buruz dituzten kezkak agertzeko. Patxi Amulet taldeko kidea da. Uste du abertzaleek «herriko kontseiluko kadirak betetzeko indarra eskas» dutela, eta, horregatik, «elkarte mundutik» ekin nahi izan diote aurten.

BAM eremuan dago Angelu, eta Ipar Euskal Herriko bigarren hiri handiena da, Baionaren gibeletik. Lapurdi kostaldeko beste leku zenbaitetan bezala, etxeen gaia izanen da herriko bozetako eztabaidaren erdigunean. Azken kargualdian, oposizioak gogorki salatu du Olivek etxebizitza eta hirigintza arloan eraman duen politika. Sandrine Dervillek uste du «nolanahika eta gehiegi eraiki» dela. «Eraikin kopurua anitz emendatu da azken sei urteotan. Baina tokiko jendearentzat ezinezkoa da hor bizitzea, garestiegia delako». Dervillek azpimarratu du etxebizitza sozialak eskas direla. «2018an, 2.363 galde genituen erantzun gabe», deitoratu du. «Gutxiago baina hobeto» eraiki nahi du. Oroitarazi du Angeluko bizitegien %17 bigarren etxeak direla eta etxeen %6 hutsik daudela. Olivek uste du arazoa «kontuan» hartu behar dela, eta bigarren etxebizitzen zerga emendatzeko prest agertu da —%40ko zerga dute momentuz—. Dervillek aldarrikatu du «neurri txikien gainetik etxebizitzaren inguruko politika orokor eta koherente bat» behar dela.

Pereirak ere begi txarrez ikusten du Oliveren etxebizitza politika: «Gune berde guzietan hormigoia jarri du. Etxebizitza sozial gutxiegi dago: klase sozial jakin batendako eraiki du soilik Olivek. Espekulatzaileei saltzen die Angelu», salatu du Pereirak. Amuletek bat egin du harekin: «Hondartza aldea hutsik gelditzen da uda garaitik kanpo, eta beste lekuetan prezioak azkarki emendatu dira. Angeluarrendako kasik ezinezkoa da erostea». Olivek dio oposizioa «kontraesanean» dagoela. «Ez dut ulertzen: bizitegi sozialak eraiki behar direla diote, eta gero kexatzen dira eraikinak eginarazten ditugunean. Angeluko bizitegien %14 dira sozialak. Kostaldeko beste herrietako auzapezek eraiki ditzatela nik bezainbat». Alta, legeak behartzen du hiriko bizitegi guztien laurdenak sozialak izatera, eta hori lortzeko asmoa du Dervillek. Pereirak bizitegi sozialei eman nahi die lehentasuna: «Ez dut uste arazoa denik eraikin garaiak egitea. Bizitegi sozialak behar dira, eta lurrik ezin da erosi Angelun, garesti direlako. Bertikalera jo behar bada; ez da arazo».

Angeluko auzapezgoaz gain,Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariorde kargua ere badu Olivek, eta garraioen ardura. Ontzat jo ditu egindako egitasmoak, hala nola Tram'busa —Baionatik Miarritzerako ibilbidea egiten du oraingoz—. «Eskasia batzuk badaude, agian, baina bi urteko epean sekulako lana egin dugu». Erabiltzaile kopurua emendatu dela adierazi du. Dervillek uste du gauzatu den garraio politika ez dela «handinahia», eta ez diola eskaerari erantzuten. «Bizikleta ibilbideak eskas dira, garraioek maiztasun apala dute, eta, beraz, autoek nagusitasuna dute beti». Dervillek «ekologismotik» landu nahi du gaia, eta elkargoko beste herriekin «koherentziaz» jokatu behar dela azpimarratu du.

Euskarari leku gutxi

Garraioez eta etxebizitzaz anitz, baina hizkuntza politikaz gutxi hitz egin dute Angeluko hiru hautagaiek. Olivek, ikastola handitzeko obrak «lagundu» dituen arren, ez du beharrik ikusten hizkuntza politika herriko etxean gauzatzeko: «Hizkuntzak elkargoak kudeatzen ditu; ez dut nik kudeatzen ahal», argudiatu du. Ez du asmorik Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak proposaturiko karta izenpetzeko. «Hauteskunde garaietan itun eta kartak izenpearazi nahi dizkigute alde guzietatik; ez dakigu zertarako diren ere», esan du. Amuletek uste du «bake soziala erosteko indar zenbait» egin dituela Olivek, «borondate argirik» erakutsi gabe. Pereirak zerrendakideekin osatu du programa, «krisi soziopolitikotik hasita», eta hizkuntzen gaia «ez da atera». Dervillek ituna izenpetu du, «tokiko hizkuntzak sostengatzea garrantzitsua» baita haren irudiko. Nahiz eta programan ez agertu, eskola publikoan murgiltze esperimentazioak egitearen alde agertu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.