Koronabirusa

Beste 1.668 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

Apur bat baretu da positiboen gorakada. Ospitaleratzeak gora ari dira, baina ZIUetako egoera egonkorra da oraindik

Gazte bati egindako proba, Lesakan (Nafarroa). JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Juanma Gallego.
2021eko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Uda lasaia espero zuten askok, baina eguneroko datuek berresten dute joera kezkagarria: COVID-19aren bosgarren olatua bete-betean jotzen ari da mundua, eta Euskal Herria ez da salbuespena.

Azken egunetako kutsatzeek gora baino ez dute egin. Herenegun jasotakoek, berriz, zertxobait hobera egin dute. Izan ere, Osasunbideak eta Osakidetzak emandako datuen arabera, positiboen kopurua zertxobait apaldu zen ostiralean: 14.710 test diagnostiko egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta, horietatik, 1.668 izan ziren positibo. Hortaz, eginiko proben %11,3k eman zuten positibo. Kopurua OME Osasunaren Mundu Erakundeak izurria kontrolpean edukitzeko ezarritako %5eko langa halako bi baino gehiago da oraindik.

Hildako gutxiago

Lurraldeka, Nafarroan detektatu zuten positibo gehien: 491 izan ziren. Gertutik jarraitu zion Bizkaiak, 481 positiborekin. Gipuzkoan 421 izan ziren, eta, ohi bezala, Araban atzeman zen kopuru txikiena, 128 kasu.

Iazko udazkenetik ez da bildu hain datu txarrik. Bereziki 2020ko urriaren erdialdetik, eguneko mila kutsatuen langa hasi zen gainditzen Hegoaldean, eta joera txar horrek hilabete inguru iraun zuen. Urriko azken eguna izan zen txarrena: orduan, 2.000 kutsatu baino gehiago detektatu ziren. Kutsatuekin batera, ordea, hildako asko izan ziren egun haietan: egunero hamar eta hogei lagun artean hiltzen ziren COVID-19ak jota, eta kopuru horiek, gainera, hainbat hilabetez mantendu ziren. Orain, kutsatze mailan garai hartako antzeko datuetara hurbildu arren, aldagai hori ez da islatzen ari hildakoen kopuruetan: azken egunotan, izan ere, ohikoak izan dira inor hil ez den egunak.

Halere, ospitaleei begira jarraitu beharra dago, ezinbestean. Ostiralean bildutako datuetan jasotzen denez, Hego Euskal Herrian 59 lagun ospitaleratu zituzten COVID-19aren ondorioz. Egun hartan, 43 lagun zeuden ZIUetan. Oraingoz, ospitaleratzeek gora egin dute hil honetan, baina zaintza bereziak behar izan dituztenen kopuruak ez du gorakada nabarmenik izan. Hortaz, kutsatutakoen parte bat erietxera eraman behar izan badute ere, muturreko kasuak bere hartan mantentzen dira.

Kalteberen artean, gora

Pandemiaren bilakaera aztertzean, komeni da adin tarteei ere erreparatzea, txertaketa kanpaina hein handi batean faktore horren arabera antolatuta dago eta. Uztaileko lehen hamabostaldian, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuetan oinarrituta, hasiak dira joerak atzematen.

Kutsatzeei dagokienez, datuak adin tarte guztietan ari dira txarrera egiten; baita adinik zaurgarrienetan ere. 80 urtetik gorakoen artean, azken astean ohikoa izan da eguneko hamar kasu baino gehiago izatea, eta ostegunean 21 kutsatzeetara iritsi zen. Modu berean, 65 urtetik gorakoen artean ere gora ari dira kutsatzeak: osteguneko 53 positibo tarte horretakoak izan ziren. Gorakada are nabarmenagoa da 40 urtetik beherakoen artean, txertaketa masiboa izan ez den adin tarteetan, hain justu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.