Pastor
DARWIN ETA GU

Nafarrak atzerrian

2023ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Iruñekoa da neska. Erdaraz esan dio telebistako programako kazetariari. Haren doinu nahasezinak Nafarroan kokatu du gaztea, duda izpirik gabe. Harekin batera Euskal Herritik kanpo bizi diren beste lagun batzuk azaldu dira. Euskaldunak munduan.

Atzerrian bizi dira. Atzerrian, baina ez Espainian. Cuenca munduan kokatuz gero —soilik munduan, ez atzerrian— ikusle, politikari eta kazetari bat baino gehiago asaldatuko litzaiguke. Kontuz ibili behar. Frantziarekin ez dago arazorik, ordea. Euskaldun bat Parisen bizi bada, munduan dago. Madrilen bada, non?

Espainian? Estatuan? Madril ez dago, bada, munduan? Madril munduan dago, bai, baina ez atzerrian. Geure eredu autonomikoak halaxe azaltzen digu.

Ez da batere erraza munduan euskaldun huts agertzea. Gustura mugitzen bazara pasaporte espainiar edo frantziarrarekin, zeure egiten baduzu nortasun agirietan ageri diren Reino de España edo République Française hitzen muina, arazorik ez. Inposatutako kontzeptutzat jotzen baduzu, ostera, beste kontu bat da.

Nola kudeatu zeure nortasuna, herritartasuna, benetako pertenentzia sentimendua kanpoan zaudenean? Ez naiz muturreko egoerei buruz ari. Ez da inori heroia izateko eskatzea: hango polizia bati euskalduna zarela esatea, adibidez. Ondorio ez oso onuragarriak ekar ditzake horrek. Halakorik ez dagoenean nola jokatzen dugu, baina?

Gure herriaren zatiketa administratiboak bete-betean jo gaitu azken hamarkadetan. Begi bistakoa da. Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroako Foru Erkidegoa, Iparraldea... Hego Euskal Herrian, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako herritarren artean, are nabarmenagoa da joera. Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako herritarrek ez dute arazorik euskaldunak direla adierazteko, gehienek euren burua frantsestzat jotzen duten arren. Hegoaldean, berriz, bestelakoa da kontua.

Nafarroan inon baino nabariago da hori. Ez, ez naiz antzinako Nafarroako Erresumari buruz ari —«ez da erraza Nafarroako jendeak bere burua euskal herritartzat jotzea, eta orain hara non Logroñon proselitismoa egiten hasi nahi duten batzuek», esan zidan lankide batek behin—. Nafarroako Foru Erkidegoa dut gogoan. Bertan Espainiak urteetan, hamarkadetan, mendeetan bultzatutako kolonizazio prozesuak EAEn baino ondorio kaltegarriagoak izan ditu. Eta ez onak, noski. Batzuetan poztu edo egiten naiz Gaztelako tropak Luzaidetik haratago joan ez zirelako. Hori gertatu ez izanak ahalbidetu du oraindik leku bat izatea, nafarrek lasai eta iskanbilarik gabe euskaldunak direla esan ahal dutena. Euskal herritarrak. Nafarrak, bai, baina Euskal Herrikoak. Pays Basque-koak.

Nola identifikatzen dute bere burua Euskal Herri penintsularreko nafarrek kanpoan eta, batez ere, Espainian? Jende arruntarekin edo lagunen artean daudenean, giro horri buruz ari naiz. Denetik ikusi eta entzun dut. Askok nafarrak direla esaten dute. Nafar espainolistek, zer esanik ez, baina bestelako sentimenduak dituztenek ere bai. Euskaldunak direla esan lezakete, nafarrak izateak ez baitu euskaldunak izatea baztertzen. EAEko herritarrek samurrago dute euskaldunak direla esatea. Nafarroakoek, berriz, ez. Iruñeko neska bat Euskal Telebistako programa batean euskaldun agertzea gauza bat da. Espainiako telebistan hori esaten ausartzea, beste bat.

Bada salbuespenik; ez dakit zenbat, baina badut kasu baten berri. Pertsona horrek euskalduna dela esaten du beti, edonon dagoela ere. Andaluzia aldera joan izan da hainbat urtetan han bortxaz egonaldi luzeak egin dituzten euskal herritarrak bisitatzera. Hara joan eta nongoa den galdetzen zioten bakoitzean «euskalduna» zen erantzuna. Zehatz-mehatz zer herritakoa jakin nahi zuten gero eta hark bere herriaren izena ematen zien. «Eta hori, non dago?». Nafarroan. Hori entzun eta oker zegoela esaten zioten espainiar haiek. Nafarra eta euskal herritarra? Ezin. Goizuetako herritar bati euskalduntasuna ukatzen zioten. Ez zuten ezer ulertzen. Ez zuten ezer ulertu nahi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.