Hainbat andre arrazializatu batu dira salatzeko ez dutela greba eskubiderik

«Zaintzaren eskubide kolektiboaren» defentsan bat etorri arren, esan dute ez dutela bat egingo greba feministarekin, hainbat talderen izenean

Atzo Zumaian egin zuten agerraldiko irudia. BERRIA.
arantxa iraola
2023ko azaroaren 12a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Hainbat emakumek agerraldi bat egin zuten atzo Zumaian (Gipuzkoa). Azaroaren 30erako deituta dagoen greba feministaren aldarri nagusiarekin bat egiten dutela gogoratu zuten, «zaintzaren eskubide kolektiboa» defendatzen dutela, baina jakinarazi zuten ez dutela bat egingo deialdiarekin. Pertsona arrazializatuen, migratuen eta ijitoen elkarteen izenean solastatu ziren andreok, eta, grebarekin bat ez egiteko eman zituzten motiboen artean, hona lehena: greba egin ezina bera. Halaxe argudiatu zuten: «Greba estrategia baztertzaile bat da, pertsona arrazializatu, migratu eta ijito gehienok sektore arautu gabeetan edo babes sindikalik gabekoetan lan egiten dugun heinean, hala nola etxeko lanetan edo kaleko salmentan».

Adierazi zutenez, ezin dute «subjektu politiko gisara» jardun greban egungo baldintzetan, eta horregatik ezin dute bat egin borroka molde horrekin. «Zaintzaren pisua daramaten kide arrazializatu, migratu, ijito eta baita euskaldun zuri asko ere kanpo geratuko gara, horretarako baldintzarik ez dugulako», azaldu zuten: «Ondorioz, greba al da zaintza krisia salatzeko tresnarik egokiena? Ezetz uste dugu». Mugimendu feminista oro har «zuria» dela esan zuten, handik «planteamendu itxi» bat jaso dutela, eta ez direla «entzunak» sentitu. Hala ere, grebaren testuinguruan nor diren azaltzeko era izan dezaketela sentitu dute andreok: «Geure burua ikusarazteko, aldaketarako eragile politiko garen neurrian».

Eskakizunak

Hainbat eske ere zabaldu zituzten atzoko agerraldian; besteak beste, paperik gabeko migratzaileak erregularizatzea, udalek erroldan izena emateko bideak erraztea, etxeko langile egoiliarren lana desagerraraztea, eta astean 35 ordura apaltzea zaintzetara bideratutako lanaldiak. Eskari horiek guztiak eta gehiago ere jasota daude greba feministaren aldarrien barruan. Propio eskatuko da Atzerritarren Legea bertan behera uzteko eta bitartean zaintza langile guztiak erregularizatzeko; halaber, erroldatzeko eskubidea guztiontzat eskuragarri izatea ere grebaren eske nagusietako bat da.

«Merkantilizaziorik» gabeko zaintza sistema publiko bat da funtsean grebaren bidez aldarrikatu nahi dena, «tokian-tokian» sustraitutakoa, soldatak apaldu gabe lan jardunak murriztuko dituena, eta, betiere, zaintzeko denbora egokiak bermatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.