«Errepublika burujabe eta askea» aldarrikatuko dute Amaiurren ekainaren 5ean

Nafarroa Berriz Altxak ekitaldi politikoa eginen du, Gaztelak Amaiurko gaztelua hartu zuenetik 500 urtera. Autobusak jarriko dituzte joateko

Nafarroa Berriz Altxako kideak, atzo, Amaiurren. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Jon Ordoñez Garmendia - Ion Orzaiz
2022ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Iraganera begiratu, etorkizuna eraikitzeko. Uztailaren 19an 500 urte beteko dira Gaztelako Erresumak Amaiurko gaztelua hartu zuenetik (Nafarroa), eta Nafarroa Berriz Altxa mugimenduak iragarri du urteurren horren atarian, ekainaren 5ean, ekitaldi politiko bat eginen duela gazteluko zelaietan. Ekitaldian aldarrikatuko dute «dena» erabaki ahal izatea, eta horretarako beharrezkoa dela «errepublika aske eta burujabe batera eramango duen burujabetza prozesu propio eta herritar bat» eraikitzea.

Ekainaren 5eko ekitaldia 11:30ean hasiko da, eta, ondoren, hiru kilometroko martxa bat egingo dute Arizkun herrira. Horren ostean, ekitaldi sorta eskainiko dute Elizondon. Antolatzaileek ez dituzte festaren nondik norakoak azaldu, baina esan dute «datozen asteetan» emanen dutela xehetasun guztien berri. Azaldu dutenez, Baztango herrietako bizilagunekin «auzolanean» prestatu dute egitasmoa. Amaiurko gazteluaren inguruko eremua zaintze aldera, gainera, autobusez joateko deia egin dute, eta horretarako izena emateko 30 gune izanen direla aurreratu dute: maiatzaren 5ean iragarriko dute non egonen diren izena emateko toki horiek.

Nafarroa Berriz Altxak esan du «Nafarroako subiranista eta independentistentzat» 1522ko uztailaren 19ko egun hura gorriz markatuta dagoela. «Amaiurko urtemuga honekin ziklo historiko bat ixten da, 1512. urteko konkista odoltsu hartatik bederatzi urtera, Nafarroako Erresuma berreskuratzeko hirugarren saiakerarena», azaldu dute aurkezpenean.

Gaurkotasunezko auzia

Nafarroako Erresumaren konkistaren auzia «oroitzapena eta memoria» baino gehiago dela azpimarratu du Nafarroa Berriz Altxa erakundeak. Horregatik, ekainaren 5ekoa «gaurkotasun handiko aldarrikapen egun bat» izanen dela aurreratu dute. «XXI. mende honetan subiranista edo independentista izatea ez da inondik ere kapritxo bat, gure ustez XXI. mendean subiranista izatea behar bat da». Azpimarratu dute Nafarroan libreki hartzen ez diren erabakiek dauden arazoei eta krisiei ematen zaizkien erantzunak baldintzatzen dituztela: klima krisiari, eta elikadura, energia edo migrazio krisiei, adibidez.

«Gaur egun subiranoak ez izateak esan nahi du, halaber, nafarrak gainerako euskal lurraldeekin eta estatuko gainerako lurraldeekin harremanak izateko eredu batera kondenatuta gaudela, eta eredu hori, subiranotasunetik abiatuta, zalantzan jartzen dugula eta erabaki ahal izatea ere aldarrikatzen dugula», adierazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.