Albistea entzun

Schroedingerren prezioak

Inflazioa %10 ingurura iritsiko da ekainean. Bueltan da inflazio kamuflatua supermerkatuetako apaletan. Prezioak igotzeko beste modu bat da, etiketek bere hartan irauten badute ere.
Bi erosle supermerkatu batean, Buenos Airesen.
Bi erosle supermerkatu batean, Buenos Airesen. JUAN IGNACIO RONCORONI / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Julen Otaegi Leonet -

2022ko uztailak 3

Konfiantzazko supermerkatura joan, edozein astegun buruzuritan bezala. Bertan sartu, eta betiko kutxazainak, betiko produktuak, betiko prezioak. Tutik ere ez dela aldatu dirudi, letra txikiari erreparatu arte. Ez da produktu guztietan gertatzen, baina paketeak hutsago daude: patata frijitu eskukada bat gutxiago hemen, bost gaileta gutxiago han, txokolate ontza bat faltan... Ez da fenomeno berria. Inflazioarekin batera, inflazio kamuflatu ere bueltan da supermerkatuetan.

Lehengaiak, energia, produkzioa, garraioa eta beste hainbeste garestitu diren honetan, enpresek gero eta kostu handiagoei egin behar diete aurre. Prezioak igo eta erosleak uxatu baino lehen, beste estrategia bati heldu dio zenbaitek: inflazio kamuflatuari. Lehen begiratuan, supermerkatuetako apaletako zenbait etiketa ez da aldatu; berdin-berdin jarraitzen dute prezioek. Ordea, kasuan kasuko paketea eskuan hartu, eta pisuaren zenbakia aldatu da: oraintsu arte kilo erdikoa zen makarroi poltsak orain 450 gramo pisatzen du. Schroedingerren katuaren pare. Katua bizirik dago, baina hilik dago; prezioak ez dira igo, baina igo egin dira.

«Inflazio kamuflatua beti existitu da marketin estrategia gisa. Enpresa batzuek ongi darabilte, oso ondo ezkutatzen dute prezioen gorakada», dio Ander Cornejok, EKA Euskal Kontsumitzaileen Alkarteko komunikazio arduradunak. Era batera edo bestera, ekoizleek ez dute etekinik eta eroslerik galdu nahi, eta nola hala disimulatu behar dute produktuen garestitzea.

Ezkutuko praktika da inflazio kamuflatua. Zenbat eta jende gutxiago ohartu, hobe konpainiarentzat. Horregatik, Cornejok gomendatu du erne egoteko orgari tiraka ibili bitartean. Eroslearen eskuetan dago pisuaren aldaketa hautematea; enpresa «ez da leiala eta tranpetan dabil».

Gardentasun kontua

Horrek ez du esan nahi produktuari pisua kendu eta prezioak mantentzea legez kanpokoa denik. Inflazioa ezkutatzeko beste praktika batean datza. Cornejoren ustez, baina, ez da modurik aproposena: «Legezkoa da, baina ez da oso etikoa edo morala. Erregulatzeke dago, eta horretaz aprobetxatzen dira markak».

Ekoizleak behartuta daude aldaketa horiek bilgarrietan islatzera. Erraza da, zenbaki bat aldatu besterik ez dute. Hori da egin dezaketen gutxienekoa; hortik aurrera, ez dago ezer idatzirik. Hala, EKAko arduradunaren ustez, informazioa «argi» adierazi behar da, begi bistan jarri behar da produktuari pisua edo kantitatea kendu zaiola. Aurpegia eman beharko lukeela konpainiak, alegia.

Izan ere, aldaketok disimulatu egiten dituzte ekoizleek; ematen duten informazioa lausoa da. Alejandro Martinez Eroskiko osasun eta jasangarritasun saileko zuzendariak azaldu du enpresaren interesen «aurka» doala aldaketez ohartaraztea: «Legea bete behar dute, muga batzuk dituzte. Hortik aurrera, bakoitzak erabakitzen du zenbateraino garden jokatu salgaiaren aldaketen inguruan».

Aukeran, baina, zer nahiago: gehiago ordaintzea, gosarian gaileta mokadurik falta ez dadin? Ala berdin ordaintzen jarraitzea, trukean gutxiago jasota ere? Halakoetan, eroslearen eta salgaiaren araberakoa izango da erabakia; halere, oro har, «hobe izango da» inflazio kamuflatua. Prezioak igotzea neurri «nabarmenagoa» da; erosleari atzerakada handiagoa eragin diezaioke, inflazio kamuflatuak baino.

Martinezen ustez, honako hau da galdera: «Zenbat aldiz kontsumitu ahal izango dut?». Ez da gauza bera jogurt poto bakoitzari bost gramo kentzea —bost potorekin amaituko duzulako—, edo dozena bateko arrautza kaxa hamarrekoan uztea. Lehen kasu horretan, zentzuzkoagoa litzateke kopuruz produktu gutxiago nahi izatea; bigarrengoan, berriz, kontsumitzailea «galtzen» irtengo da, arrautza kaxa gehiago erosi beharko baititu.

Erosketa ohiturak

Inflazio kamuflatua eta inflazioa agertu bezain laster, kontsumitzaileek «erreakzionatu» eta beren ohiturak aldatzeko joera dute. Kontzienteagoak izan, prezioak alderatu, pagotxen atzetik ibili, produktu garestiagoez ahaztu eta merkeagoen alde egiten...

Halakoetan, kontsumitzailearen erosketaren hierarkia irauli egiten da. Aldian aldiko gutiziak zein hain beharrezkoak ez diren salgaiak apaletan geratzen dira; oinarrizko produktuek baino gehiago «sufritzen dute». Martinezek salgai gutxi batzuen kasua ere azpimarratu du: «Egoera ekonomikoa zenbat eta okerragoa izan, gehiago saltzen dira. Esaterako, oilasko edo txerrikia, behikiaren kaltetan». Produktu merkeagoak dira, oinarrizko beharrak merkeago asetzen dituztenak. Kontsumo finkodun salgaien kasuan ere —komuneko papera, pixoihalak...— , erosketak aitzindu egiten dira promoziorik izatekotan. Denbora baterako nahikoa erosten da, aurrerago izan daitezkeen prezioen gorakadei aurre egiteko.

Aholku batzuk eman ditu EKAko Cornejok, inflazio kamuflatuaz ohartzeko eta hura saihesteko: ondo begiratzea produktuen etiketak eta letra txikiak, eta beste marka batzuk erosteko beldurrik ez izatea. Establezimendu handiagoetan ere prezioak lehiakorragoak izan ohi dira, «aldea zentimo kontua bada ere».

Aldaketa horiek, baina, aldi baterakoak izan ohi dira. Denbora igarota, prezioek behera egitekotan, ohitura zaharretara itzultzeko joera izaten dute kontsumitzaileek. «Ohiturazaleak gara», dio Cornejok. «Elikagaiekin zein oinarrizko produktuekin —eta merkatuak hori badaki—, betikora jotzen dugu. Ez dirudi hori aldatuko denik».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Gudongeko petrolio planta, Txinako Dongying probintzian dago. ©WU HONG / EFE

Petrolioa, atzeraldiaren usainean

Imanol Magro Eizmendi

Upelak bi aste daramatza 100 dolarretik behera, eta Ukrainako gerra hasi zeneko prezioan dago
Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburua, atzo. ©IREKIA

Jaurlaritzak «masiboki» bultzatu nahi du energia berriztagarria

Julen Otaegi Leonet

Energia berriztagarrietarako trantsizioa bizkortu behar dela uste du Jaurlaritzak, eta hala eskatu dio Espainiako Gobernuari Industriaren energia kontsumoak murrizteko, ezinbestekotzat jotzen du Madrilek bat egitea eskakizun horrekin.

XXI. mendeko apostolua

XXI. mendeko apostolua

Jokin Sagarzazu

Bere ondasun guztiak ekintza filantropikoetarako erabiliko dituela berretsi du Bill Gatesek: izurriteen kontra egiteko, munduko gosea amaitzeko, klima aldaketari aurre egiteko. Haren fundazioaren egitasmoak, baina, auzitan daude aspalditik.

Bill Gates, 2018an Berlinen emandako hitzaldi batean. ©KAMIL ZIHNIOGLU, EFE

XXI. mendeko apostolua

Jokin Sagarzazu

Bere ondasun guztiak ekintza filantropikoetarako erabiliko dituela berretsi du Bill Gatesek: izurriteen kontra egiteko, munduko gosea amaitzeko, klima aldaketari aurre egiteko. Haren fundazioaren egitasmoak, baina, auzitan daude aspalditik.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...