Pastor
DARWIN ETA GU

Afrikako oroitzapenak

2023ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Hegoafrika, 1973. urtea. Poliziaburu bat, hainbat tortura eta hilketa agindu dituena, tiroz josi dute. Egun horretan, zortzi urteko neskato bat bahitu, bortxatu eta hil du beste pertsona batek, hiri berean. Bizi bat kendu dute bi kasuetan. Hala izanda ere, inor gutxik pentsatuko luke, hemen eta Espainian, hilketak alderagarriak direla. Hala ere, bertoko zein kanpoko hainbat lagunek iritzi hori aldatuko lukete, lotsarik gabe, biak Euskal Herrian gertatu izan balira. Zergatik?

Asmatutako adibide hori azaltzea ez da kapritxoa. EH Bilduk bozetan aurkeztu dituen zenbait hautagai ume-bortxatzaileen pare jarri dituzte. 50 urte atzera egitea ez da tranpa bat, atentatua ez arbuiatzeko arrazoi gehiago izateko. Ez. Izan ere, egun, berdin dio atentatu bat noiz izan zen. Batzuen ustez, inoiz ez zen halakorik gertatu behar. 1973an ere ez. Euskal Herrian, noski. Atzerrian, bai, antza.

EH Bilduren zerrendetan ETAko kide ohiak daude. Gustuko izan edo ez, legezkoa da. Eta, EH Bilduri atsegin eman edo ez, hautu hori kritikagarria izan daiteke. Dena den, kritika egiten duenari koherentzia eskatu behar zaio. Atentzioa ematen du oldartu direnak beste zenbait kasutan isildu izanak. Zergatik?

1977ko bozetan Alianza Popular alderdiak hartu zuen parte. Diktadurako zazpi ministro ohik sortu zuten AP. Manuel Fraga izan zen horietako bat. 1963an Julian Grimau komunista fusilatu zuen frankismoak, torturatu ostean. Mundu osoko liderrek Grimau ez hiltzeko eskatu zioten diktadoreari. Alferrik. Heriotza zigorra onartu zuten ministro kontseiluan Fraga zegoen. Francoren Lan ministro ohi Licinio de la Fuentek ere diputatu postua lortu zuen 1977an.

EAJk zergatik ez zion argi eta garbi esan APri ez zuela zerrendetan pertsona horiek aurkezteko eskubiderik, errespetu falta zela, diktaduraren biktimei barre egitea, Euskal Herrian zein Espainian? Euskal Herriak ez du orain merezi Espainiari orduan eskaini zion eskuzabaltasuna, etorkizuna gogoan?

Zoru etikoa aipatu du Andoni Ortuzarrek, berriro. Hemen ere koherentziarik ez. Nelson Mandela 2013an hil zen. Jeltzaleak hitz hauekin goretsi zuen: «Borroka armatutik abiatu zen barkamenaren, adiskidetzearen eta bizikidetzaren lurraldea lortzeko». Hala izan zen. Haatik, Mandelak inoiz ez zuen iragana gaitzetsi. Horixe gogorarazi behar zaie «ez zen gertatu behar» mantraren matraka soilik hemengoekin errepikatzen dutenei.

Mandelaren erakunde armatuak herritar xumeak hil zituen. 1983an 19 pertsona zendu ziren Pretorian, asko zibilak, Aire Armadaren egoitzaren kontra jarritako bonba bat lehertu ondoren. Nelson Mandelak hauxe idatzi zuen Long Walk to Freedom liburu autobiografikoan: «Zibilak hiltzea istripu tragikoa izan zen, eta heriotza kopuru hark oso hunkitu ninduen. Baina, hildako horiek asaldatzen ninduten arren, banekien istripu horiek borroka armatuari ekin izanaren ondorio saihetsezina zirela».

1985eko abenduaren 23an Kongresu Nazional Afrikarraren (ANC) adar armatuak bonba bat ipini zuen Amanzimtoti hiriko saltoki-gune batean. Hiru ume hil ziren. Poliziak Andrew Sibusiso Zondo atxilotu zuen. Epaitu eta urkatu egin zuten. Hemeretzi urte zituen. Siphiwe Nyanda jeneralari Zondori buruz galdetu zioten 2016an, apartheidaren erregimenak hura exekutatu eta 30 urtera. «Andrew Zondok halako egintza batean parte hartu izanak ez du paria bihurtzen gure hiztegian. Gure heroia da oraindik ere», esan zuen.

2008an Zondoren izena jarri zioten eskola bati KwalaZulu-Natal-en. Mandelaren alderdiak bultzatu zuen erabakia, hura artean bizirik zegoela. Militanteak ohorezko lekua du bere bonbak hiru haurrak hil zituen probintzian. Non eta ume eskola batean. Euskal Herrian ez ausartu diktadurako presidentea hil zuenari heroia deitzen eta heroi horren jaioterriko plaza xume bati haren izena ematen. Kontuz gero!

Mandelak aurrera egin zuen bakearen eta adiskidetzearen bidean, baina inoiz ez zion uko egin iraganari. Diktadura bat zegoen. Zer egin behar zuen? Kaikua jantzi eta txistua jo?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.