Pastor
DARWIN ETA GU

Austerrengandik askatu zen gizona

2023ko ekainaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Urdina Beltza zelatatzen hasi da. Horretarako kontratatu du, hain zuzen, Zuriak. Astero txosten bat bidali behar dio Urdinak, Beltzaren bizimoduari buruz jakin duena azalduta. Paul Austerren Ghosts eleberrian emango ditu Urdinak xehetasun guztiak.

Batzuetan, Zuriak alokatu dion gelatik begiratzen dio Urdinak Beltzari, hura etxean dagoen bitartean. Izan ere, gela horren aurreko eraikinean bizi da Beltza. Besteetan, kanpoan segitzen dio, isilka. Gaur, ibaiaren gaineko bidea zeharkatzen ari ziren bitartean, aitaz gogoratu da Urdina: polizia zen, eta gero detektibea. Dena ondo zihoan, egun batean bala batek haren burua zulatu zuen arte. 1927an izan zen. Hogei urte lehenago.

Urdina, Paul Austerren lumak gatibu duen pertsonaia, ondoko dendan sartu da eta egunkaria erosi du, Laranja kaleko gelara itzuli baino lehen. Hogei urte. Izutu egin da, jadanik igaro den denbora gogoan. Bere buruari galdetu dio zerurik ote dagoen eta aita berriro ikusiko ote duen. Orduan, aldizkari batean irakurri zuen notiziaz oroitu da Urdina: Frantziako Alpeetan gizon bat desagertu zen, eskiatzen ari zela. Haren semea eskiatzaile egin zen aita bilatzeko. Orain aurkitu du haren gorputza, izozturik. 1947an. Hogei urte geroago.

Hogei urte atzera begiratu eta jota geratu da Urdina. Guri ere 2003ra begiratu eta izuaren mamua ageri zaigu laino artean. Otsaileko egun hartan Euskaldunon Egunkaria itxi zuen epaile espainiar batek —bost urte lehenago Egin eta Egin Irratia ere zarratu zituen beste epaile espainiar batek, Jabier Salutregi, asteazkenean joana, egunkariaren zuzendaria zela—. Hogei urte atzera begiratu eta bidegabekeria etortzen zaigu burura. Eta, horrekin batera, atxiloketak, torturak, espetxea. Herri oso baten aurkako erasoa —itxiera «euskal kulturaren aldekoa» zela esatera ausartu zen Angel Acebes Barne ministroa—.

Hogei urte ezer ez direla kantatzen du Carlos Gardel-ek Volver tangoan. Euskarazko egunkaria ez da itzuli, inoiz ez baitzen joan. Izan ere, Egunkaria itxi eta Egunero sortu genuen biharamunean. Egunero kaleratu zen hura, harik eta 2003ko ekainaren 21ean BERRIA jaio zen arte. Orain dela hogei urte. Hogei urte ezer ez direla dio tangoak. Hogei urte, agian, ez dira deus, baina hogei urtean gauza asko gerta daitezke. Edozeinen bizitzan eta hedabide baten ibilbidean. Jendea badoa, joan. Jendea badator, etorri. Eta harekin batera, odol berria.

Odol berri hori ezinbestekoa dugu aurrera segitzeko. Hogei urteko denboran BERRIAko kide berriek aukera izan dute eskarmentu handiko kazetariekin lan egin eta trebatzeko. Euskal irakurlearentzat, euskaraz bizi den edo euskaraz bizi nahi duenarentzat, erreferentzia izaten segitzeko.

Belaunaldi bat badoa, apurka-apurka. Gogoan iltzaturik ditugu bizipen bereziak eta gertakari eta berri garrantzitsuak. Goizeko eta arratsaldeko bilerak, orduko solasaldiak eta eztabaidak: zer, non eta nola jorratu. Zergatik. Nori deitu, norekin kontaktatu informazio zabalago eta oparoagoa lortzeko. Hamaika pasadizo, hainbat barre eta gogo eta zenbait negar-malko, lanari zein norberaren ibilbide pertsonalari eta alde humanoari lotuak. Izan ere, egunkari batek albisteak sortzen ditu. Eta egunkari batean albisteak sortzen dira: harremanak, jaiotzak, heriotzak…

Jende gaztea sartu da BERRIAn hogei urte hauetan. Bete-betean ari da lanean antzinako eta oraingo baliabideak eta kazetaritzak txertatuz. Belaunaldi berriek ardura hartu eta aurrerako bideari ekin diote, aurrekoek egin zuten bezala. Eta lanean segituko dute.

Urdinak ere bai, baina jadanik ez da Beltzaren atzean joango. Beste zeregin batzuetan arituko da. Lana amaitu eta gero ondoko dendan sartu eta BERRIA erosiko du, baina ez da gehiago itzuliko Laranja kaleko gelara. Orain 2023an gaudelako, ez 1947an. Independizatu delako. Euskaldunon mundura etorri delako, Paul Austerri baimenik eskatu gabe.

Eskerrik asko eta ez adiorik, Martxelo! Eskerrik asko eta ongi etorri, Amagoia!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.