Tolosalderako osasungintza publikoa aldarrikatu dute

Erabat publikoa izango den ospitale bat eskatu dute eskualderako. 2.000 lagunek parte hartu dute manifestazioan, antolatzaileen arabera

Osasungintza publikoaren aldeko protesta, atzo, Tolosan. GOTZON ARANBURU / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2023ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde elkarteak deituta, manifestazioa egin zuten atzo eguerdian, Tolosan (Gipuzkoa). Tolosaldeko osasungintza egoera larrian. Irtenbidea orain lelopean, ehunka herritar atera ziren kalera. Hauxe antolatzaileen eskaera: «Tolosalderako erabat publikoa izango den ospitale bat behar dugu». Haiek eman zuten datuaren arabera, 2.000 lagunek baino gehiagok parte hartu zuten protestan.

Antolatzaileek nabarmendu dute eskualdeak osasungintza «egoera prekarioa» duela. Gaur egun, ez daukate ospitale publikorik; Asuncion klinika pribatuak ematen du zerbitzua, Osakidetzarekin duen hitzarmen baten bidez.

Zerbitzu hori, ordea, ez zaie behar bezalakoa iruditzen: «Arreta kaxkarragoa jasotzen dugu, azpiegitura aldetik ere eskasago gabiltza, eta gainerakoetara baino diru gutxiago iristen da eskualde honetara». Ospitale publikoa egingo dutela agindua dute; alabaina, nabarmendu dute ia ez dakitela ezer horri buruz. Bitartean, Asuncion klinikako langileek ere kezkatzen dituzte: «Ez dakigu zer etorkizun izango duten Asuncion klinikak eta bertako langileek». Eta osasungintza publikoaren alde ere jarraituko dute lanean: «Galdera gehiegi dauzkagu erantzunik gabe, eta horrengatik guztiagatik borrokan jarraituko dugu, denok merezi dugulako».

Langileak ere protestan

Herritarrak ez dira protestan ari diren bakarrak: ELA eta LAB sindikatuek deituta, Asuncion klinikako langileek ere zenbait mobilizazio egingo dituzte maiatzean. Hain zuzen ere, asteon hiru egunetan bi orduko lanuzteak egin dituzte, eta hamar egunetan greba egingo dute: bihar, etzi, hilaren 9an, 17an, 18an, 19an —azken bi egun horietan Osakidetza osoko langileek egingo dute greba—, 22an, 23an, 29an, 30ean eta 31n. Egun horietan elkarretaratzeak ere egingo dituzte klinikan, 12:00etan. Gainera, auto karabanak egingo dituzte lau egunez: etzi, hilaren 17an, 23an eta 31n.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.