Etxebizitza eskubidea bermatuko duen lege bat eskatu dute kalean

Manifestazioak egin dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Besteak beste, alokairu sozialeko etxebizitza gehiago eskatu dituzte

Donostian atzo egin zuten manifestazioa. GOTZON ARANBURU / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2021eko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Etxebizitza eskubidearen aldarria kalera atera zen atzo Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Ehunka herritar mobilizatu ziren etxebizitza eskubidea bermatuko duen lege bat aldarrikatzeko, eta alokairuak norberaren diru iturrien araberakoak izan daitezela eskatzeko, sinetsita horrela aurre egin ahal izango zaiola espekulazioari. Martxaren deitzailea Etxebizitza Eskubidearen Aldeko Euskal Ekimena izan zen —bertako kide dira, besteak beste, Kaleratzeak Stop, SOS Arrazakeria, ELA, LAB, CCOO, UGT, CNT eta EGK—.

Donostiako manifestazioa amaitu zenean, Marce Garcia Stop Kaleratzeak plataformako kideak irakurri zuen manifestua: «Bada garaia estatu osorako balioko duen lege bat lortzeko; ahalbidetu beharko luke maniobrarako tarte txikia uztea banketxeei, etxe agentzia handiei eta putre funtsei». Kontrara, etxebizitza eskubide gisa onar dadila jaso beharko luke plataformak eskatzen duen araubideak, eta «negozioa egiteko bitarteko izateari utzi diezaiola» eskatu zuten. Alokairu sozialeko parkea handitu behar dela esan zuten egitasmoko kideek, baita ura, argindarra eta gaserako bitartekoak bermatu daitezela ere.

Etxebizitza Eskubidearen Aldeko Euskal Ekimenak egin dituen eskaera horiek Madrilera begira eginak dira. Ez dira kasualitatez egindakoak; izan ere, Espainiako Gobernuko kide diren PSOE eta Unidas Podemos alderdiak etxebizitza arautuaren legea eztabaidatzen ari dira orain, eta bien artean tirabira ugari piztu ditu egunotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.