Podemoseko idazkari nagusi Ione Belarraren arabera, egun Podemosek PSOErekin batera Espainian osatzen duen gobernua ez da «imajinatu» daitekeen onena: «Ez baitu buruzagi Yolanda Diaz». Goraipamen hori atzo egin zion Belarrak Espainiako Gobernuko Lan ministro Diazi, alderdiak Barakaldon (Bizkaia) egin zuen ekitaldian. Diazek Espainiako Kongresuko hurrengo bozetara begira antolatu nahi duen «ezkerreko fronte zabala» hauspotzeko mezuak ozendu egin dira azken asteotan, eta atzokoa beste bat gehiago izan zen.
Begirada zabalak izeneko topaketa egin zuen atzo Podemosek Barakaldon. Belarrak adierazizuen COVID-19aren izurriari eta ekarri duen krisi ekonomikoari aurre egiteko neurriak «atsedenik gabe» defendatu dituela Podemosek Espainiako Gobernuan, «funtzionatu» egiten dutela, eta ezarritako lan ildo horietan sakontzen jarraitu behar dela.
Eusko Jaurlaritzarako EAJreneta PSE-EEren gobernuaren aldaketa sustatu behar dela azadu zuen: «Aurrerakoia eta eraldatzailea izan behar du, euskal herritar guztien eskubideak defendatzeko». Aldaketa hori gauzatze aldera Podemos-Ahal Dugu bertako errealitatean «errotuago» egoteko ahaleginetan ari direla esan zuen Belarrak. «Nazio aniztasunaren» defentsa egin zuen; hitzez harago, «egin» beharrekoa dela uste du.
Lan erreforma
Diazek ere hartu zuen hitza; hizpide izan zituen Espainiako lan erreformaren inguruan martxan dauden negoziazioak, eta bide onetik doazela esan zuen: «2022a beste erreforma batekin hasiko dugu». «Enpleguaren egonkortasuna» izango du ezaugarri.
Belarrak Diaz goratu du Podemosek Barakaldon egin duen ekitaldian
Jaurlaritzarako aldaketa «aurrerakoi eta eraldatzailea» lortu behar dela esan du, eta alderdi «errotuago» bat nahi dutela horretarako

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu