'Novitxok' berriz ere

Ingalaterran gertatu diren beste bi pozoitze kasuk tentsioa piztu dute berriz ere Erresuma Batuaren eta Errusiaren artean. Baliteke Errusia OPCWtik ateratzea azaroa baino lehen

Erresuma Batuko polizia bat, pozoitutako bi pertsonen etxea zigilatzen eta inguruak berrikusten, atzo, Amesburyn. R.FINDLER/ EFE.
2018ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Errusiaren eta Erresuma Batuaren arteko tirabirek ez dute etenik. Oraingoan, protagonista zahar bat dute hizpide: Novitxok. Joan den martxoan Sergei Skripal Errusiako espioi ohiaren pozoitze kasuak izandako oihartzunaren ondotik egoera baretua zenean, beste pozoitze kasu batek sua piztu du atzera bi herrialdeen artean. Skripal pozoitu zuten hiritik (Salisburytik) 11 kilometrora agertu dira beste biktimak, Amesburyn. Lehengo eztabaida piztu da berriz ere. «Errusiaren telefono deiaren zain gaude oraindik», adierazi du Erresuma Batuko Segurtasun ministro Ben Wallacek. Moskuk, berriz, Erresuma Batuari egotzi dio Munduko Futbol txapelketa zapuzten saiatu dela, «Moskuren aurkako» jarrera zabaltzeko.

ZER GERTATU DA?

Larunbat goizean, 44 urteko Dawn Sturgessek larrialdi zerbitzuetara deitu zuen Amesburyko etxe batetik, anbulantzia bat eskatzeko. Handik ordu batzuetara, 45 urteko Charlie Rowleyk ere dei egin zien laguntza eskatzeko, sintoma berdinak baitzituen. Biak Salisburyko ospitalera eraman zituzten, heroina edo crack-a hartu zutelakoan kutsatutako lekuren batetik. Ospitalean egonkortu zituztenean, ordea, Neil Basu Erresuma Batuko terrorismoaren aurkako brigadako ofizial nagusiak esan zuen Novitxok-arekin pozoitu zirela. Novitxok-a Sobietar Batasunak garatu eta erabilitako pozoi arriskutsu bat da, Bigarren Mundu Gerran asmatua eta Gerra Hotzean ere erabilia. Uste da bost miligramok pertsona bat hiltzeko adina indar dutela, eta denbora asko behar duela airean deskonposatu eta desagertzeko. Hala ere, Errusiak esan du Erresuma Batuak Novitxok-aren 70 konposatu garatu dituela azken urteetan, eta balitekeela horietakoren bat izatea pozoitze kasuen eragile. Osasunaren inguruko eztabaida arma kimikoen inguruko eztabaida bilakatu da berriz ere.

ZER DIO LONDRESEK?

Gertaeraren harira, Londres eta Mosku elkarri mokoka hasi dira. Theresa May Erresuma Batuko presidenteak pozoitzea nahitaegin izana egotzi dio Moskuri, eta «nerbio-sistemari kalte egiten dioten substantzien kontrola» galdu izana leporatu dio. Hala ere, Jeremy Hunt Erresuma Batuko Osasun ministroak uste du «aurreko istripu haren ondorio zoritxarreko —eta espero dezagun ez- tragiko— bat» izan dela. «Ez dugu uste inor hiltzeko asmoz egin denik, baina aukera guztiak aztertu behar dira», esan du Huntek.

ZER ESAN DU ERRUSIAK?

Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek Mayri eta Wallaceri erantzun die ez dutela «Erresuma Batuko biztanleak hiltzeko inolako interesik», eta Errusia pozoien inguruko ikerketak egiteko prest egon dela iraganean ere, baina «Erresuma Batuak ez duela izan inolako interesik». Gaineratu du hedabideek zabaldutako informazioaren bidez jakin dutela Erresuma Batuan gertatutakoaren berri, eta ez zekitela nerbio sistemari kalte egiten dioten agenteak bertan bazirenik.

SKRIPAL KASUA

Larunbateko kasuak hautsak harrotu ditu Erresuma Batuaren eta Errusiaren artean. Novitxok-aren aferak, ordea, martxotik ditu etsaituta bi herrialdeak. Izan ere, martxoaren 4an, Skripal espioi ohia eta haren alaba Julia pozoituta eta konorterik gabe aurkitu zituzten Salisburyn. Alabak hilabete egin behar izan zuen ospitalean erabat osatu arte, eta aitak, berriz, bi. Bi herrialdeek elkarri leporatu zioten erasoa, baina ez da egiaztatu nor izan den egilea. Mayk Errusiako 33 diplomazialari bota zituen Erresuma Batutik, eta espioitza behin betiko amaitzeko eskatu zuen. Europaren historian, diplomazialarien inoizko kanporatzerik handiena izan zen hura. Berri hark oihartzun handia izan zuen nazioarteko hedabideetan.

Alabaina, Skripalen pozoitzea ez da azken urteetako kasu bakarra izan. 2006an, Aleksander Litvinenko KGB zerbitzu sekretuetako espioi ohia polonioz pozoituta hil zen Londresko ospitale batean. Zenbait hedabidek iturri judizialak aipatuz kaleratutakoaren arabera, egileek Putinen oniritzia zuten hilketa gauzatzeko.

Azken urteetako kasu horiek, eta batez ere Skripalen kasuak, lehen lerrora eraman du Arma Kimikoak Debekatzeko Erakundearen OPCW jarduna.

OPCW

Joan den astean, Erresuma Batuak ezohiko bilkura batera deitu zuen, eta onartu zuten OPCWk aurrerantzean ikerketan adieraziko duela nor den erruduna haren ustetan. Izan ere, adierazi zuen Novitxok-a erabili zela Skripalen kasuan, baina ez zuen adierazi nor den erruduna. Erabakia azken pozoitzea baino egun bat lehenago heldu zen, ostiralean.

Britainiarrak pozoitu eta biharamunean, igandean, Errusiak OPCWri jakinarazi zion balitekeela azaroa baino lehen kide izateari uztea. Herrialdeak hilabete barru egingo den goi-bilera baino lehen jakinaraziko du kide izaten jarraituko duen edo ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.