LRk bizirik irautea du jokoan

Frantziako alderdi eskuindarrak kongresua egingo du gaurtik larunbatera, eta horretan aukeratuko du 2022rako presidentegaia. Bertrand, Pecresse eta Barnier dira faboritoak

Ezkerretik hasita: Michel Barnier, Eric Ciotti, Xavier Bertrand eta Valerie Pecresse. Eskuinetik bigarrena da Philippe Juvin. ERREPUBLIKANOAK.
ander perez zala
2021eko abenduaren 1a
00:00
Entzun

Datorren urtean Frantzian egitekoak diren presidentetzarako bozei bi protagonista falta zaizkie: batetik, Emmanuel Macron estatuburua, nahiz eta zalantzarik ez den berriz aurkeztuko dela; eta, bestetik, eskuin tradizionala, azkenetarikoa baita haren hautagaia aukeratzen. LR Errepublikanoen jarraitzaileek —ia 140.000k— gaurtik larunbatera antolaturiko kongresuan egingo dute hautu hori, testuinguru ezjakin eta zail batean; izan ere, kongresua aspaldidaniko irekiena da, ez dago ezer argi balizko emaitzez aritzean eta presioa handia da, primario itxi horietan lehiatuko direnek eskuen artean izango baitute alderdiak bizirik irautea.

Barne bozketan parte hartuko duten hautagaiak bost dira, baina, egiazki, horietako hiru dira garaipenerako aukera handienak dituztenak. Inkesten arabera, Xavier Bertrand Frantzia Garaia eskualdeko presidentearen eta Valerie Pecresse Ile-de-Francekoaren artekoa izango da lehia; ordea, Michel Barnier Europako Batasunaren brexit-erako negoziatzaile buruak ere zeresana eman lezake, bi arrazoirengatik: LR-ren oinarria inkestetakoa baino eskuindarragoa delako, eta jarraitzaileek begi onez ikusten dutelako alderditik atera ez izana, Bertrandek eta Pecressek duela urte batzuk egin zuten modura.

Horien atzetik legoke Eric Ciotti Asanblea Nazionaleko diputatua, primario itxien kanpainan proposamen kontserbadoreenak eta eskuindarrenak helarazi dituena —batzuetan, eskuin muturraren ideiekin bat eginda—. Hark emango luke sorpresarik handiena, inor gutxik espero baitu bigarren itzulira pasatzea, alderdiaren oinarrian ospe handia duen arren: «Boto baliagarriaren presidentegaia naiz», errepikatu du hainbatetan kanpainan. Aldiz, azken hautagaiak, Philippe Juvin eurodiputatu ohiak, ez luke garaipenerako aukerarik.

Lau urte eta erdi pasatu da eskuineko indar tradizionala V. Errepublikan lehen aldiz presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulitik kanpo geratu zenetik, eta hamar bat urte oposiziora itzuli zenetik. Iazko herriko bozetan eta aurtengo eskualdekoetan emaitza onak lortu dituen arren, LRk herrialdeko presidente kargua berreskuratu nahi du —azkenekoz Nicolas Sarkozyrekin izan zuen (2007-2012)—, eta pixkanakako prozesu batean murgildu da hori lortzeko; finean, ez baitu 2017ko esperientzia errepikatu nahi: François Fillon hautagairik eskuindarrenak ezustean irabazi zituen primarioak, eta, dena aldeko zuenean irabazteko, ustelkeria kasu baten ondorioz bigarren itzulitik kanpo geratu zen.

Datorren urterako bideari dagokionez, inkestei erreparatuz gero, LRk ez du erraza izango garaipena lortzea; abiapuntua, behintzat, ez baita egokiena. Primario itxietan parte hartuko duten hautagai guztien hipotesiak neurtu dituzte, eta, egun, Bertrandek jasoko luke babesik handiena, botoen %14 bilduta; kopuru horrek, baina, ez lioke balioko bigarren itzulirako sailkatzeko, Macron (%24) eta Marine Le Pen (%19) aurretik izango bailituzke. Eric Zemmour polemistaren hautagaitzak, gainera, zenbait boto emaile kenduko lizkioke.

Finalistak, bihar

Christian Jacob alderdiko presidenteak biharko 14:00etan jakinaraziko ditu bigarren itzulira pasatuko direnen izen-abizenak; garailearenak eta eskuin tradizionalaren presidentegai izango denarenak, berriz, larunbatean, 14:30ean.

Hori jakinda, LRk hilaren 11n egingo du bozetara begirako lehen ekitaldi handia hautagaiari babesa helarazteko, eta horretan parte hartuko dute alderdiko agintarietako gehienek; tartean, François Baroin Frantziako Barne eta Ekonomia ministro ohiak, presidentegai izateko LRren aparatuaren gogokoenak —ez da primarioetara aurkeztu—.

Eskuindarren presidentegaiak, 2022ko bozetan irabazteko helburua izateaz gain, 2017tik arrastaka daramatzaten barne zatiketa eta inplosiorako arriskua kudeatu eta konpondu beharko ditu, alderdiko sektoreen desadostasunak ez baitira iraganeko kontua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.