BIDAIARIEN ITZULERA DESIRATUA

Astebete barru bidaiari trafikoa itzuliko da Forondara, Ryanair konpainiaren eskutik. Urte ilunak igaro ditu Arabako aireportuak, ordutegia erdira murriztuta eta lanpostu ugari galduta, baina oraingoa susperraldi baten hasiera izatea espero dute erakundeek eta langileek.

BIDAIARIEN ITZULERA DESIRATUA.
Ivan Santamaria.
2017ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Ondo bidean, astebete barru Ryanair konpainiaren Airbus 737-800 hegazkin batek turbinak berotuko ditu, Forondako 3.500 metroko pista —Euskal Herriko luzeena, hegaldi transatlantikoetarako aproposa den bakarra— zeharkatuko du ziztu bizian, eta RYR5538 hegaldian 189 bidaiari eramango ditu Bergamoraino, Italiako iparraldean. Bidaiak amaiera emango dio Arabako aireportuaren fase ilunenari. 1.534 egun igaroko ditu Forondak hegaldi erregularrik gabe. Lau urte, bi hilabete eta hamalau egun Helitt konpainiak Bartzelonara egiten zuen txangoa ia egun batetik bestera bertan behera utzi zuenetik, hiru hilabete eskas iraun zuen eskaintza laburra.

Azpiegitura biziberritzeko hamaikagarren saiakera da. 1980. urtean Iberiar penintsula iparraldeko aireportu nagusia izateko asmoz eraiki zuten, baina ez du sekula estatus hori lortu. Loiu nagusitu zaio, eta, apurka, erabilera galduz joan da. 1990eko hamarkadan zama garraiorako indartzea erabaki zen. Lan horrek fruituak eman ditu, eta paradoxa bat sortu du: gauez bizi-bizi dagoen aireportua hilda ageri da egunez. AENA kudeatzaileak 2012an hartu zuen erabaki batek zalantzan jarri zuen Forondaren etorkizuna. Ordutegia erdira jaitsi zitzaion, eta soilik gauez martxan egongo zen. Horrekin batera, muga ikuskaritza izateko baimena galdu zuen. 2013an, hondoa jo zuen bidaiari trafikoak: 7.000 baino gutxiago zituen.

Gurpil zoro batean sartu zen aireportua. Arabako erakunde publikoentzat obsesio bihurtu zen egun osoko jarduna berreskuratzea. AENAk, aldiz, eskaintza izateari baldintzatu zion. Hegaldirik gabe, ez zen ordu gehiagoz zabalduko, baina airelineak erakartzeko beharrezkoa da pista zabalik egotea. «Hau ez da Arabako erakundeen kapritxoa. Gaur egun, aireportu bat lehiakorra izateko lehen ezaugarria da 24 orduz irekita egotea. Bestela antolatzaile turistiko batzuk atzera botatzen dituzu, ez zara erakargarria», azaldu du Pilar Garcia de Salazar Arabako diputatuorde nagusi eta Garapen Ekonomikorako ahaldunak.

Aurten hautsi da geldialdia. VIA elkartearen bidez —aireportua sustatzen duen elkartea da Eusko Jaurlaritzarekin, foru aldundiarekin, Gasteizko Udalarekin eta merkataritza ganberarekin—, lehiaketa publiko batera deitu zen, lau urterako hegaldi programa antolatzeko, urtero 800.000 euroren truke. Ryanairrek aurkeztu zuen eskaintza bakarra, eta Irlandako kostu apaleko konpainiaren eskutik hasiko dira atzera ere hegaldi erregularrak. Trukean, AENAk aireportuaren ordutegia lau ordu handituko du, hamasei ordura, eta bi gehitzeko aukera legoke, beharra izanez gero.

Aireportua berriro martxan jartzeko bitartekoak eratzea izan da VIAren lana azken urteotan. Tristura irudia gainetik kendu, eta Gasteizko aireportua —nahiago dute izendapen hori, hiriari lotutako marka bezala aurkezteko— prest eta negoziorako zabalik dagoela iragarri dute eskura izan dituzten foro guztietan. Lan isil horren lehen emaitzak iaz ikusi ziren, oporraldi kanpainetan hainbat charter hegaldi itzuli zirelako aireportura. Garai batean bidaia antolatzaileek adeitasunagatik soilik hartzen zituzten Arabatik egindako deiak. Apurka, egoera aldatzen ari da, eta sasoikako programa horiek aurten indartuko dira.

«Bidarien kontuak huts egiten badu berriro, agian ez da sekula aukera hau errepikatuko». Alex Bastida Forondako langile batzordeko presidentea da. Bizitza osoa aireportuari lotuta igaro duela esatea ez da kasu honetan gehiegikeria bat, 1980ko urtarrilaren 1ean hasi baitzen lanean, lehen hegaldi ofiziala aireratu baino lau hilabete lehenago. Ez dira urte samurrak izan. Forondan 130 langile baino gehiago ziren. Orain, 28 geratu dira lau txandatan, eta beste zortzi bulegoetan. «Une batean soberan geundela? Bai, baina hori AENAk egindako kudeaketa txarraren ondorio bat izan zen», ohartarazi du.

Forondari gertatu zaiona ezin da ulertu AENAk izan duen eraldaketa kontuan hartu gabe. Enpresa publikoak birmoldatze sakon bati ekin zion 2012. urtean. Orduan hartu ziren aireportuari ordutegia eta lantaldea murrizteko erabakiak. Enpresa argaltzea zen helburua, ondoren parte bat pribatizatzeko. Azkenean, jabetzaren %49 salgai jarri zen, eta 4.263 milioi bildu zituen. Pare bat urte geroago, aireportu kudeatzailearen akzioen balioa %137 igo da. «Pribatizazioa erregulazioaren aurretik zegoen pentsatuta. Ez dakizu ez ote zuten dena nahita egin emaitza hori izateko», Bastidaren hitzetan.

Errealitate deserosoa da. Euskal administrazioak ari dira Foronda bultzatzeko eta biziberritzeko asmotan, baina AENA da azpiegituraren jabea. «Guk azpiegiturak kudeatzen ditugu, ez airelineak», adierazi zuen iazAENAko zuzendari Julian Camarak, Gasteizen egindako agerraldi batean. «Geurea ez den azpiegitura bat sustatzen ari gara, baina herrialdearentzat estrategikoa da», azpimarratu du Garcia de Salazarrek. Edozein erabaki korapilatzen duen egoera da: «Isilean lan asko eginez eta egin beharrekoa adosten saiatzen gara».

Bidaiariak helburu

Arabako aireportuak bere lekua lortu du salgaien garraioan. Inoiz baino tona gehiago mugitu zituen joan den urtean, 52.000 baino gehiago. AENAren laugarren aireportua da alor horretan. DHL bere biltegiak handitzen ari da, FedEx lurretik egiten duen zerbitzuari airekoa gehituko dio aurki, eta beste hainbat enpresa ari dira lanean. DHLk eta Decoexsak sustatu nahi duten proiektu berri bati esker —arrantza ekarri nahi dute Tangertik (Maroko)—, mugako ikuskaritza posturako baimena berreskuratzeko aukera egon liteke. Baina ez da nahikoa. Aireportu batek bidaiariak behar ditu. Ez da munduan soilik zamarekin irauten duen aireporturik.

Bidaiari trafiko hori sustatzeko arrazoi objektiboak daude. Hasteko, AENAk berak aireportuak sailkatu zituenean kontuan hartu zuen gauza bakarra bidaiariak izan ziren. Neurri murriztaileak ezarri zituen 500.000 bidaiarietatik behera zeuden guztietan, defizita pilatzen ari zirela argudiatuta. Errentagarritasuna zaintzea da AENAren lehentasuna, are gehiago akziodun pribatuak dituenetik. Bestetik, zama garraioan ere geroz eta garrantzi handiagoa du trafiko arruntak. Salgaien erdiak baino gehiago bidaiariak dituzten hegazkinetan mugitzen dira, balio ekonomiko gehiena zama hegazkinetan garraiatzen jarraitzen bada ere.

«Badira Foronda soilik merkantzietarako erabiltzea defendatzen dutenak, baina ez da hori Arabako erakundeen iritzia», zehaztu du Garapen Ekonomikorako diputatuak. Aireportuaren etorkizuna bermatzeko gakoa da. Urtero 300.000 bidaiari ingururekin lor lezake Forondak bideragarritasun ekonomiko hori, kontuan hartuta merkantzietan egiten duen jarduera. Oraingoz, helburu xumeagoak dituzte. Aurten, 60.000 bidaiariren bueltan egotea espero dute —iaz 36.000 izan ziren, charter hegaldiei esker—, eta 150.000ra iristea bizpahiru urte barrurako. Bidaiari trafikoan 1990eko hamarkadaren hasieran lortu zuen goia aireportuak, urte bakar batean 290.000 pertsona garraiatuta.

Ryanair, aspaldiko ezaguna

Ryanair ez zaio arrotza Arabari. 2006. urtean lehen aldiz ezarri zen Forondan. Garai horretan bi urterako akordioa itxi zuten airelineak eta foru aldundiak, milioi bat euroren truke. Londreserako lehen txangoari Dublinerako beste bat gehitu zitzaion. Hirugarrena aztertzeko prest ere bazegoen konpainia, baina lankidetza ez zen ondo amaitu. Akordioa burutu baino lehen, hegaldiak bertan behera utzi eta alde egin zuen Ryanairrek, Forondan egotea errentagarritasun gutxikoa zela argudiatuta. Garai horretan aireportuko bidaiarien erdiak garraiatzen zituen Irlandako konpainiak.

Esperientzia horretatik bi irakaspen atera zituzten VIAn, gutxienez. Batetik, airelinea batek beti aukeratuko du interesgarria zaion leku bat. Ez badiote etekinik ateratzen, alde egingo dute. Horregatik, emandako laguntzak aireportuaren sustapen gisa ulertzen dituzte, eta ez aire ibilbide zehatz baten trukeko ordain modura. Bestetik, eskaintza egote hutsak sor dezakeela eskaera. Ryanair iritsi zenean Bilbok bazituen Londreserako hegaldiak. Loiuk bidaiari batzuk galdu zituen, baina, oro har, bi aireportuetatik Ingalaterrako hiriburura joandakoak %23 handitu ziren. Hortaz, ez du hainbeste axola inguru hurbilean helmuga bera duten beste hegaldiren bat izateak.

Ryanair lehiaketa publikora aurkeztu zen bakarra izateak kezkatzen al ditu erakundeak? «Bakarra aurkeztu izan balitz etajarduera gutxi balu, tira, baina Ryanair gaur egun Europako lehen airelinea da hegaldi erregularretan, eta hori oso onuragarria da», Garcia de Salazarren ustez. Sustapenaren ikuspuntutik ere milioika bidaiari posiblerengana irits liteke Irlandako konpainiaren bidez. Ez du espero orain dela hamar urteko amaiera mingotsa errepikatuko dela. «Beste pertsona batzuk gaude kudeaketan. Ryanair bera ere aldatu da. Orduan berriagoa zen, eta beste era batera ari zen merkatuan».

Aireportu moderno eta funtzional bat izan behar zuen Forondak. Haatik, terminal zaharkitu bat aurkituko dute bertaratzen diren bidaiariek. Iraganerako bidaia baten antzekoa da, aulkiak kenduta azken 30 urteotan ez delako asko aldatu. Gaurkotzeko beharra ez du inork zalantzan jartzen, baina pilota, honetan ere, AENAren teilatuan dago.

Foronda biziberritzeko ahaleginak lehia testuinguru zorrotz bat du aurrez aurre. Euskal Herrian bost aireportu daude, eta inguruan terminal esanguratsuak daude, Santanderkoa (Kantabria) batez ere. Plangintza egiteko bakoitzak bere kabuz jokatu izan du. Eusko Jaurlaritzak bere apustua egin du —«EAEn aireportu bat, hiru terminal», ideiarekin—, eta Arabako Aldundiak espero du legealdi honetan garatuko dela proiektu hori. Desiratutako bidaiari trafikoa berreskuratuta ekingo dio Forondak lehiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.