Beste istorio bat

Maitena Urretabizkaia, Jaione Martinez eta Silvia Portela
2020ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Denok ezagutzen ditugu Google, Facebook, Amazon edo Netflix bezalako enpresa teknologiko erraldoiak. Egunerokoan gure bizitzak eta gorputzak alderik alde zeharkatzen dituzten multinazional teknologikoak. Arazo guztien konponbide gisa ikusi ohi ditugu sarri, ia jainko bihurtzeraino. Jenioak balira bezala, ideia magikoak errealitate bihurtzen dituzten aztiak.

Baina zer dago enpresa eredu horien atzean? Zerk sostengatzen ditu start-up gisa ezagutzen ditugun enpresak? Eta are garrantzitsuagoa, zein da enpresa hauek komunitateari egiten dioten ekarpena? Jendarteak dituen beharrak asetzeko baino, ideia borobil batekin ahalik eta denbora laburrenean ahalik eta diru gehien irabazteko eraikitzen dira Startupak. Negozioa, komunitatearen gainetik. Eraikitzen diren lurraldearen gainean aberastasuna baino miseria sortuz. Etorkizuneko enpresa eredu gisa saltzen diguten honetan, gutxik lortzen dutelako hasierako ametsa. Euren negozio eredua, bizitzak eta pertsonak gutxi axola zaizkien inbertsio funtsen gainean sostengatzen baita. Gehienetan, enpresa horietan diharduten milaka gazte egoera prekariora eramanez. Inbertsio funtsek, ez dute laguntzen lurraldearen garapenean. Diru asko eta azkar irabazteko laguntzen dute, eta, gehienetan, enpresa horren jabetzaren truke. Ohikoa izaten da, beraz, ideia eduki duten gazteak proiektuan oso soldata txikiekin (edo askotan soldatarik gabe) aurkitzea lanean. Kasurik okerrenetan, banku eta inbertsoreekin duten zorra kitatzeko beste lan batean lanean ere egon ohi dira. Horra hor, amets kapitalistaren izenean bere bizi proiektua eraikitzeko ahalmenik gabe geratu den gaztea.

Guztiok ezagutzen ditugu, ordea, etxeko garajean hasi eta amets kapitalista bete duten gizon zuri aberatsak, milaka pertsonatik bi. Gure intimitatea (datuak) beste batzuei salduz bizi diren pertsonak. Askotan geure burua, guk geuk baino hobeto ezagutzen dutenak. Datuen trafikanteak. Teknologia enpresez pentsatzean burura datozkigunak.

Zorionez, bestelako errealitate bat ere badago, ordea. Teknologiaren esparruan, inon baino garrantzi handiagoa baitu komunitateak, elkarlanak. Sarri ikusgaitz bihurtzen badituzte ere, StackOverFlow gisako webguneek berebiziko garrantzia baitute gure esparruan. Bertan, garapenean sortzen diren arazo eta zailtasunak partekatu, eta komunitateak elkarlanean ematen ditu soluzioak. Alegia, elkarren aurka baino, elkar lagunduz eraikitzen ditugu jendartearentzat onuragarriak diren tresna teknologikoak. Azpiegitura erraldoiei lotuta gure etorkizuna hipotekatu baino, sare gisa jardunda puntako teknologiak garatzeko aukera izan ohi dugu. Bizi ditugun lurraldeen garapenean lagunduz eta gure jarduna hauen beharrak asetzera bideratuz.

Teknologia herritarren zerbitzura jartzeak duen ahalmen eraldatzailean sinisten dugu. Tresnak berak berebiziko garrantzia baitu prozesuan. Horregatik, menpeko bihurtzen gaituzten tresnak baino, burujabeago egiten gaituztenak eraikitzen jarraituko dugu. Ez baikara azkar eta izugarri haztearen aldekoak. Pauso txiki baino sendoetan sinisten dugu. Eta bai, diru asko irabazi baino, ordu gutxiago lan egitea nahiago dugu. Egiten duguna gustatzen zaigulako bizi ditugu pasioz proiektuak.

Bidean ikasi dugu hau guztia ezin dugula lau neska gaztek egin, baina lau neska gaztez osaturiko kooperatiben sarea edozertarako gai dela. Etorkizunik ez zuten gazte horietako batzuk gara, eta gure etorkizuna guk geuk eraikitzea erabaki dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.