Burbuila eolikoaren olatua

Mikel Saralegi Otsakar eta Martin Zelaia Garcia
2020ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Azken hamarkadotan, Nafarroan ikusi dugu nola agertu diren tontor eta lautadetan errota eolikoak, eta haiekin batera, pista eta bide handiak irekitzea, zuhaiztiak desagertzea, lurrak mugitzea, hegaztiak hiltzea, paisaia aldatzea eta zarata.

Erdialdean eta Erriberan industrialde eolikoak ugaritu eta gainezkatu ondoren, multinazionalak leku berrien bila ari dira.

Aste hauetan ezagutu dugunez, Sacyr enpresak bost parke eoliko eraiki nahi ditu IruƱerriaren iparraldean, Odieta, Ezkabarte, Olaibar, Esteribar, Egues eta Erro inguruko udalerrietan. Nordex-Accionak, berriz, Lesakan beste bat irekitzeko asmoa du, Auzoberri auzoari

eragiten diona, baserri ugariz osatua bera. Green Capital Power enpresa ezezagunak badu beste proiektu bat, Etxauriko eta GoƱiko haranari eragiten diena. Zurrumurruak daude, gainera, Allin eta Deierri ibarrean beste bat dagoela, eta eoliko esperimental txiki asko ere aurkeztu dira, Oltzan kasu. Eta horiek dira egun hauetan ezagutzea lortu dugunak, baina ziur gehiago daudela...

Nafarroako 2030 Energia Planaren arabera, urtean gutxienez 100 egun inguru daude elektrizitate berriztagarriaren gehiegizko ekoizpenarekin, eta gure erkidegotik kanpo garraiatu behar da. Eta 2018ko Nafarroako Energia Balantzeak adierazten du iturri berriztagarriek sortutako elektrizitatea Nafarroan kontsumitutako elektrizitate guztiaren %69 dela.

Energia berriztagarriak ezinbestekoak dira klima aldaketari eta erregai fosilen agortzeari aurre egiteko, baina haien mugak kontuan hartu behar dira. Haizeari erreparatuz, errotek bira egiten duten egunetan, Nafarroan kontsumi dezakeguna baino elektrizitate gehiago eskaintzen digute. Poligono eolikoak areagotuko balira, haize egunetan eskari elektrikoa estalita egongo litzateke eta elektrizitate gehiago esportatuko litzateke. Bitartean, haizerik ez dagoen egunetan, hornidura eoliko baxuarekin jarraituko genuke.

Eta horrek guztiak, gure lurraldean eta gure lurraldetik kanpo, ingurumen inpaktua handitzea dakar. Kontuan izan behar da berriztagarriek meatzaritza handitu behar dutela. Antonio Aretxabala geologoak Nafarroako meatzaritzari buruz egin berri duen txostenean adierazi duenez, industrialde eoliko batek potentzia bereko ziklo konbinatuko zentral batek baino zortzi eta hamar aldiz mineral gehiago behar ditu.

Horrela, klima aldaketaren aurrean, beharrezkoa da erregai fosilak bertan behera uzteko politika guztiak lantzea. Horretarako, energia ekoizpen berriztagarria handitu beharko da, betiere, ingurumen inpaktu txikienekoak bilatuz. Nafarroan, garapen eolikoa neurriz kanpokoa da beste energia berriztagarri batzuekin alderatuta: mikroeolikoa, fotovoltaikoa, minihidraulikoa edo biomasa jasangarria. Ezaugarri interesgarriak dituzte, hala nola kontsumo puntuekiko hurbiltasuna, autokontsumoa bultzatzea, eta, kasu batzuetan, jada urbanizatuta dauden eta ingurune naturalean eraginik ez duten kokapenak.

Energia berriztagarrien mugak direla eta, beharrezkoa da gure energia kontsumo neurrigabea murriztea. Nafarroako aztarna ekologikoa gure lurraldeko aukera biofisikoetara egokitu behar dugu, desplazamendu beharrak murriztuz, hondakin gutxi sortuko duen ekonomia zirkularra bilatuz...

Ez dugu aukera hoberik. Kontsumoa gutxitu behar dugu, energia berriztagarriz elikatuko diren antolaketa sistemak eta moduak hartu behar ditugu, eta inpaktu txikiagoa eta hurbilagoa sortzearen alde egin behar dugu. Gainerakoa jasanezina da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.