begona del teso
IRITZIA

Pauline, Agnes eta besteak Berlinen

2019ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Aurtengo Berlinale zine festa, plataforma, erakusleiho, merkatu, mintegi, ispiluaren Sail Nagusia ez da izan ez ikaragarria, ez txundigarria; baina, urtero-urtero idazten dizuedan bezala, jaialdi osoan aurkeztu diren kasik bostehun pelikulen artean onik, interesgarririk, piztailerik, abiarazlerik aurkitu ez duena ez da ibili ez belarriak tente, ez begiak eta bihotza erne. Ez da atezuan izan. Ez ditu ez Berlinale, ez Berlin miatu, arakatu, zeharkatu, laztandu. Ez da izan plazan, ez da izan non zinemak bizirik dirauen.

Alta, zinema hor zegoen gure zain. Izkinetan, historiak eta istorioek besarkaturiko hainbat eraikuntza eta aretotan. Colosseum zineman, kasurako. Martin Gropius Bau adreilu eta harrizko jauregian, kasurako. Berlinale Talents-ek —munduko zinema ikasleen topaketak— egoitza duen Hau Ufer I eta II etxe bietan, kasurako.

Ederrak dira oso Berlingo zinema jauregi guztiak. Plazererako, zeremoniarako dira eginak. Aretoan sartu aurretik edo emanaldia bukatu orduko, baduzu bertan champagne kopa bat hartzeko aukera edo tentazioa. Haus der Berliner Festspiele izenekora basoan zehar iristen zara, eta gazteentzako zinema festibalak berea duen Haus der Kulturen der Welt horretara, geroxeago, Branderburgo Atetik pasatuko den 100 zenbakiko autobusean helduko zara.

Zaila, zaila da oso hori bezalako ingurunean zeluloide puska interesgarririk ez topatzea, zinema memento bene-benetakorik bizi ez izana. Esaterako... Donostiako Tabakaleran haren lanaren berri jaso genuen Manuel Abramovich argentinarraren Blue Boy izeneko film laburra. Zilarrezko Hartza lortu zuen. Bertan, txaperoek —prostituzioan dabiltzan hainbat mutilek, alegia— kamerari kontatzen diote ofizioaren hamaika kontu, eszena, une. Bai, ofizioa idatzi dut. Manuelek zilarrezko ikurra jaso zuenean, haren ondoan, mutil horietako bat ikusi genuen oholtzan, prostituzioa lana dela (Sex Work is Work) aldarrikatzen zuen elastikoa soinean zuela. Harro, fier, erronkari.

Zinema zerion Berlini, bai, dagoeneko igarota diren egunotan. Parekorik ez duen dokumentala ikusi genuen, Pauline Kael zinema kritikariaren ingurukoa. Esan, esaten dute, negarrontzi, emakumeon presentzia eskasa izan dela orain arte zeluloide mundu honetan, baina Paulinek idazten zuenak sutan jartzen zituen pantailak, asaldatzen zituen ekoizleak, eta ahoa bete hortz uzten ikusleak eta zinema maite zuten horiek guztiak. Hamarkadetan zehar. Non idazten zuen, bada? The New Yorker-en, non bestela? Robert Garverren What She Said dokumentala dokumentua baino askozaz gehiago da. Ez ditu ezkutatzen Paulinek izan zuen botere neurrigabearen ondorio garratzak; ez du leuntzen haren harrokeria fina; baina, Quentin Tarantinorekin batera, Woody Allenekin batera, Francis Ford Coppolarekin batera, haren atrebentzia mugagabea omentzen du.

Nola ez aurkitu, bada, zinema dantzan, garraio publikoko langileek grebara deitu zuten ostiral hartan? Nola ez, Agnes Vardak egun berean agurra egin bazion bizitza osoa eskaini dion arte horri? Berlinale Kamera jaso baino ordu batzuk lehenago, 91 urterekin, akaberara iristen ari zela bazekiela aipatu zuen, denon txalo hunkituen artean. Eta akabera horretarako prestatu nahi du bere burua. Lasai asko. Besteek sortutako irudiak ikusten, esan zuen. Azken patxadaz.

Sail Nagusian irabazi behar zuen filmak, So Long, My Son lanak, ez zuen irabazi, nahiz eta bere 180 minutuetan zinemak berezko duen lengoaiaren erabilera aberatsa eta harrigarria ageri. Epaimahaiak, Juliette Binoche buru, nahiago izan zuen ezer berririk ematen ez digun François Ozonen azkena, Elizaren etengabeko sexu bekatuak salatzen dituen dokudrama klasikoa. Segituan izango duzue Iparraldeko aretoetan; beraz, elkarrekin eztabaidatuko dugu laster.

Urrezko Hartza bereganatu zuen Synonymes-ek ederki erakusten du egungo zinemaren ahulezietako bat: ausarta da, oso, formaz, moldez, amorruz; baina gidoiak egiten dio kale, sarritan ez baitio estu heltzen egileak berak —eta ez beste inork— proposaturiko tentsioari. Hala ere, Lapid israeldarrak badu eskuan, airos, zeluloidearen tresneria osoa. Eta erabiltzen daki.

Zinema barra-barra egin zuen, bai, oraindik ere itxuraldaketa txundigarrian diharduen hiri preziatu honetan. Berlingo metamorfosiak ez du etenik, ez du atzerapausorik. Zinemak ere ez. Batzuk Netflixen auzi nekagarrian —ez al dira konturatzen unibertsoa aldatzen ari dela, itzulerarik gabeko bide berrian dela, gaudela?— alferrik zikintzen ziren bitartean, Finlandiako Stupid Young Heart-ek irabazi zuen Generation sail etorkizunezkoan. Fotograma horietan egiten den gizartearen erretratuak eman beharko liguke zer pentsatu, eta ez Netflixek zinemari luzatzen dion sostenguak.

Berlin eta Zinema. Zinema eta Berlin. Parekorik ez daukan bikotea. Bertan aurkeztu zen, esaterako, flamenkoa aldrebestu, gaurkotu, hankaz gora jarri, transformatu duen El Niño de Elche kantariaren inguruko dokumentala, Leire Apellanizen proiektua.

Sail Nagusiaz zergatik kezkatu, Berlingo txoko guztietan zinema zure zain badago, pantaila handietan zein pantaila txikietan? Egia esan, dena izan daiteke pantaila. Baita Berlingo kristalezko eraikuntza askotako fatxada zirraragarri horiek ere. Baita zure smartwatch-a ere. Azken finean, zinema ura bezalakoxea da: dagoen ontziaren itxura hartzen du... berezko izana galdu barik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.