Kapitalismoaren morroi?

Bea Macias
2019ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Orain dela urtebete, Donostiako Amaran LGBTfriendly izango den hotel bat eraikiko zelako berria argitaratu zen. Enpresa berak dio Bilbo Zaharrean beste hotel bat irekiko duela. Haien esanetan, tolerantziaren eta aniztasunaren aldeko apustuak dira.

Hitz horiek hotel hauen azpitik dagoen merkantilizazioa azaleratzen dute. Pertsona LGBTen beharretatik harago, etekin ekonomikoa ateratzeko aukera ezin hobe bezala saltzen dute proiektua. Izan ere, Bilbon sortu nahi den hotelak oso kokapen berezia du: gentrifikazio prozesua pairatzen ari den Bilbo Zaharrean egin nahi dute.

Heteroarauak edota zisarauak bortizki zapaltzen gaitu LGBT pertsonok. Bi ardatz hauek gure bizitzaren momentu orotan jarduten dute gure kontra. Beste pertsonekin konparatuta, langabezia tasa altuagoak pairatzen ditugu (%80 pertsona transen kasuan) eta prekaritatean lan egiteko arrisku handiagoa dugu. Hotelaren webgunean sartzean, hainbat mutil zuri, argal eta muskulatuak aurkitu ahal dira; hauek ere haien erosle errealak dira.

Gure gehiengoak ez dauka zerikusirik kapitalismoak saltzen duen irudiarekin. Gure egoerarekin zerikusirik ez duen hotel bat sortu nahi da, gure identitatea abizenez hartuz. Aniztasunaguztiz desagertzen da dirua lortzen ez bada.

Kolektiboaren izenean sortutako LGBTfriendly markak salerosketa eta produktu bihurtzen gaitu. Gure izenean, prekarizaziorako eta gentrifikaziorako tresna sortu dute. Guk ere pairatzen ditugun lan egoera penagarriak, gure auzoen desagerrarazteak eta gutxi batzuentzako hiri turistikoen bilakaerak estaltzeko, gure beharrez eta beldurrez jabetu dira, eta diru irabaziak handitzeko erabiltzen dituzte. Instituzioak eta enpresa pribatuak LGBT mugimendua haien mesedetarako bereganatzen saiatzen dira. Gure borrokarekin etekin ekonomikoa lortzeko mekanismoak sortzen dituzte, gure beharrak ez diren beste behar batzuk sortuz. Fikziozko askatasuna eta progresismoa oso baliagarriak dira ekonomikoki.

Argiak izan gaitezen, hotel horiek ez daude emakume lesbiana, bisexual edota transentzat eginak. Ezta kapitalismo arrosatik at dauden marikentzatere.

Bilboko Udalak garbi utzi du azken urteetan; Bilbo hiri irekia izango da kapital handiko turistentzat, makroekitaldiek prekaritatea estal dezatela. Progresioaren izenean turismo LGBTaren marka ere sorrarazten ari dira. Instituzioek jarrera bat hartu dute, eta enpresen alde izan da.

LGBT mugimendua erabaki neoliberal hauen kontra agertu da beti. E28 Koordinakundea (Bizkaiko LGBT elkarteeta militanteen taldea) jada politika hauen aurka agertu da hainbat ekintzatan.

Kapitala mugimendu bat asimilatzen saiatzen denean, bere indar erradikala galtzen du. Kapitalismoak gure borroka fagozitatu nahi badu ere, Stonewall-eko garra bere baitan izaten jarraitzen du. Mugimendu antikapitalista eta transfeminista da.

Zaila da hiritik paseatzea eta turismorako pisuen plakarik edo hotelik ez topatzea. Etxebizitza eskuragarriak murrizten diren heinean, bidaiarientzat eginda dauden eraikinak ugaritzen dira. LGBTfriendly hotel bat sortu baino lehen,edozein pertsonarentzat gune seguru bat sortzeaz arduratu daitezela.

Ortzadarraren banderolaren azpian LGBTfobia ezkutatu beharrean, erasoen aurreko protokoloak sortu, pertsona guztientzako bainuak egin, pertsona transei lana eman, ez onartu pertsonen itxurari buruzko irainik... sortu benetan LGBTfriendly-ak diren espazioak. Espazio guztiak guztientzako espazio bihurtu daitezela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.