Eguneroko topikoen salaketa

Gaur estreinatuko dute 'Losers (Galtzaileak)' antzezlana, Donostiako Antzoki Zaharrean. Jon Plazaolak eta Aitziber Garmendiak 40 urte inguruko bi «galtzaile» antzezten dituzte

Losers (Galtzaileak) antzezlana gaur estreinatuko dute, Donostiako Antzoki Zaharrean. Irudian, entseguko momentu bat. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Urnieta
2019ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Alcaphone telefono konpainiaren denda bat; Sara (Aitziber Garmendia) saltokira sartu, eta berehala gerturatu da Imanol (Jon Plazaola) dendariarengana: «Aizu, telefono honen zerbitzua eten nahi dut». Sakelakoaren jabearen datuak eskatu dizkio ondotik Imanolek, jabea zendu berri den Sararen ama dela jakin gabe. Hala hasten da Losers (Galtzaileak) antzezlana, eta, Plazaolaren hitzetan, «bi galtzaileren istorioa» kontatzen du: «Imanolek eta Sarak ia 40 urte dituzte, eta ez dituzte betetzen gizarteak ezartzen dituen baldintzak: etxe bat edukitzea, ezkonduta egotea, umeak edukitzea... Hortik abiatuta planteatzen da ea ezinbestekoa den hori guztia lortzea». Amaitu dituzte entseguak Urnietako (Gipuzkoa) Sarobe Arte Eszenikoen gunean; gaur igoko dira lehenengoz Plazaola eta Garmendia Donostiako Antzoki Zaharreko oholtzara, 20:00etan, eta igandera bitarte egunero emango dute.

Pertsonen artean harremanak eraikitzeko moldeen aldaketa, sare sozialekiko menpekotasuna eta itxurakeria dira, besteak beste, ikuskizunean jorratzen dituzten gaietako batzuk. Jatorrizko testua Marta Buchaca dramagile kataluniarrak idatzitakoa da, eta Garmendiak azaldu du eguneraketa batzuk egin behar izan dizkiotela: «Eguneratzeko eta Euskal Herrira egokitzeko egin ditugu aldaketak. Duela sei urte inguruko testua da, eta moldatu beharra zegoela uste genuen, gehienbat emakumeen ikuspuntuari dagokionez». Plazaolak, berriz, uste du «albiste ona» dela aldaketak egin behar izatea: «Azken sei urteetan aurrerapausoak eman baldin badira, eta horien harira testua eguneratu beharra badago, albiste ona da hori».

Obran umorea egiteko topikoak erabiltzen dituztela ere aitortu dute artistek, baina, Plazaolarenustez, «komedia egiteko tresnak» dira, eta «erabili beharrekoak»: «Orain badago korronte bat ulertzen duena topikoak erabiltzea zerbait txarra edo iraingarria dela. Nire ustez, neurrian erabiltzen badira, zerbait osasuntsua dira». Garmendia iritzi berekoa da, eta askotan errepikatzen diren uste horiek obran salatzen direla ere adierazi du: «Lana, autoa, etxebizitza, bikotekidea eta abar edukitzea baino topiko handiagorik ez dago. Polita da, gainera, pertsonaien nortasuna eraikitzeko topikoak erabili ditugulako: Sara eta Imanol topiko handi horiei aurre egiten saiatzen dira».

Pertsonaiak salaketen irudi

Antzezlanean, sare sozialekiko menpekotasuna irudikatzen du Sarak: une oro mugikorrari begira dago. Pertsonaia galtzaile bat zergatik den azaldu du Garmendiak: «Sara loser tipiko bat da, pentsatzen duelako umerik ez edukitzea, bakarrik egotea eta abar benetan loser izatea dela. Kontrakoa sinetsiko balu, ez litzateke galtzaile bat izango». Plazaolak, berriz, bere pertsonaia «nortasun handikoa» dela dio, baina, hala ere, galtzailea izaten jarraitzen duela uste du: «Gustatzen zaizkion gauzak egiten saiatzen da, baina, ingurukoengandik onarpenik jasotzen ez duenez, azkenean berak ere ez ditu onartzen».

Garmendiak aitortu du bere nortasunetik asko ematen duela pertsonaia bat interpretatzeko, baina imitatzeko ereduak ere hautatzen dituela, ikasi ahal izateko: «Nire baitan dagoenaren zati bat jarri behar izaten diet pertsonaiei. Kontzienteki egiten dudan zerbait da, eta naturala dela pentsatzen dut. Beste pertsonen ekintza eta portaeretan ere jartzen dut arreta: pertsonei begiratuz prestatzen ditut pertsonaiak». Plazaolak ere «gutxi gorabehera» gauza bera egiten duela uste du, baina berak pertsonaiaren inguruko galdetegi bat prestatu ohi du. Aktorearen hitzetan, galderek askotan ez dute zerikusirik izaten testuan gertatzen diren gauzekin, baina pertsonaiaren jarrerak oso baliagarriak izaten zaizkio ikasteko eta «haren inguruko mundua» ezagutzeko.

«Norbere aukera bada, jada ez da loser izatea. Salaketa hori azpimarratu nahi izan dut, eta, gainera, nik bizi izan dudan zerbait da». Garmendiak aipatu du antzezlaneko hainbat egoera benetan gertatu zaizkiola: «Gaur egun, emakumea bazara, 36 urte izatea eta umerik ez edukitzea nahikoa da jendeak galdetzeko: zergatik ez duzu umerik? Beti azalpenak eman beharra sentitzen duzu, benetan beharrik ez duzunean». Plazaolak ere aitortu du salatzen dituzten egoeren antzekoren bat pairatu izana: «Alde batetik bestera monologoak egiten ari ginenean, 'Jon, eta lan finko bat?', galdetu ohi zidaten. Agian pauso horiek geroago ematen dituzu, edo ez dituzu ematen. Jendea dinamika horietan automatikoki sartzen da, eta gauza bera egin ezean gizartetik kanpo geratzen zarela ematen du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.