Veil pastorala hasia da ate joka

Hiru emanaldi eginen ditu 'Simone Veil' pastoralak Muskildin: uztailaren 24an eta 31n, eta agorrilaren 6an. Bostehun lagunendako bazkaria prestatuko dute ikastolek egunotan

Simone Veil pastoraleko mustraka bat; 95 arizale aste hondar guziez elkartzen dira.  SEVERINE DABADIE.
Ainize Madariaga
2022ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Urtarrilaz geroztik abiatu ziren Simon Veil pastoralaren mustrakek aitzinerat segitzen dute, aste hondar guziez 95 aktorek beraien burua trebatzen baitute, Maite Davant errejentaren begiradapean. Azken horrek lehentze du kargu hori hartu. Data ere badute buruan. Hiru aldiz emanen dute pastorala Muskildin (Zuberoa), uztailaren 24an eta 31n eta agorrilaren 6an, 15:30ean.

Badira 30 urte Musikildik ez duela pastoralik eman, baina, 2017. urtean Hur Xenda ikusgarria taularatu zuten, eta geroztik, urak egin du bide, pastorala muntatzeraino. Eta Veil izan dute ardatza aurten. Auschwitz-Birkenauko kontzentrazio esparruetarat igorria izan zen 17 urte baizik ez zituelarik, 1943an. Handik ilki zenez geroztik, bizi osoan jendeen eskubideen alde aritu zen lanean. Hasteko, magistratu gisa, Frantziako kartzeletako presoen bizi baldintzen alde; oroz gainetik, emazte presoen alde. Frantziako Osagarri ministro izatera heldu zen, Jacques Chiracen gobernuan. Abortua legeztatzearen alde borrokatu zen ministro gisa, 1974an, eta ondoko urtean bere deitura daraman legea onartu zen: Veil legea. 1979an, Europako Parlamentuko lehen lehendakaria izan zen, eta orain pastoralaren sujeta ere bada.

Autoritarismoarekin erne

Battitte Berrogainek du izkiriatu pertsonaia ezagun honen tragedia, argi du zerk eraman duen horren egiterat: «Erne egon behar dugu autoritarismo arrisku ororen aitzinean».

Antolatzaileek zinez begi onez hartu zuten idazlearen hautua: «Simone Veilen bizia, konpromisoz aberatsa, eredu bat izan behar da guretako», erran du Edurne Apezetxe antolatzaileak.

Taularatzea pastoralaren kodeak errespetatuz egiten ari dira, eta Veil familiaren baimenarekin.

Kantoreak, berriz, Sophie Larrandaburuk zuzentzen ditu, eta dantzak, Iban Etxegoinberrik eta Remy Mugordoiek.

Karguak banatu zituzten otsaila hondarrean: Maialen Urrutiagerre hautatu dute sujeta.

Muskildi alderik alde hartuko du pastoralak hiru emanaldietan egun guzietan. Izan ere, goizetik abiatuko baita egitaraua, 10:00etan emanen baitute meza. Hortik landa, karrika ingurua eginen dute eliza pattarreko pastoral sororaino. Artzainek herriko lau etxaldetako ardi buru beltzak jarraikiaraziko dituzte.

Laborantza eta euskara

Goseak hamikatuak izanen direnendako, tripa zorriak isilarazteko apairua kozinatuko dute Zuberoako ikastoletako gurasoek: 500 lagunendako doia egun bakoitz. Baina ez edonolako bazkaria, tokiko eta «kalitatezko» mozkinekin obratuko baitute. Hur Xenda elkartearen filosofiaren baitan sartzen da laborantza iraunkorraren aldeko logika. «Euskal Herriko laborariek eraman duten lan kolektiboa sustatu nahi dugu», erran du Isabela Barreix antolatzaileak.

Pastoraleko antolatzaileek deitzen dute bazkariari bi euro gehitzera. Izan ere, Zuberoako ikastolek lekuko eta kalitatezko mozkinak lantzen dituzten etxaldeen alde egitea hautatu baitute, baina horrek, bazkariaren kostu prezioa emendarazi du. Hala ere, bazkariaren prezioa betiko hura atxikitzea erabaki dute. Horregatik, Hur Xenda elkarteak, pastoralaren antolatzaile gisa, tokiko eta kalitatezko laborantzaren alde egiteko, bai eta ikastolak sostengatzeko ere, dei egiten du bi euro horiek gehiago ordaintzeko apairu bakoitzeko: «Pastoralaren fundamena euskara baita, guri da orain euskararen sustatzea!».

Horiek hola, bazkarian izena emateko deitu beharra dela ohartarazi dute antolatzaileek, eta telefonoa eman: 00 (33) 681-81 14 39. Gainera, eramateko anoa ere prestatuko dute eguerdian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.