Laso bakarrik aritu da

Ondo baliatu ditu Artolak emaniko erraztasun ugariak, eta 22-9 irabazi dio ligaxkako lehen partidan. Galtzaileak lau falta egin ditu saketik

Imanol Magro Eizmendi.
2019ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Argiak eta itzalak bat egin zuten atzo Altsasuko pilotalekuan. Fisikoki azaltzea zaila da, baina kirolean gertatu ohi da, eta askotan batak bestea eragiten du. Unai Lasok egin zuen distira Burundan. Ausart jokatu zuen, eta 22-9 irabazi zion Iñaki Artolari lau eta erdiko txapelketako final-laurdenetako ligaxkako B multzoko lehen partidan. Alegiarrak, aldiz, aspaldiko egunik traketsena izan zuen. Bere mailatik oso urrun, «opari pila bat» egin zizkion aurkariari, eta burumakur hartu zuen aldageletarako bidea. Gelditzen zaizkion bi partidak irabazi behar ditu finalerdietan sartzeko.

Lasok dena egin zuen aurkariak baino hobeto, eta erakutsi zuen pilotari oso arriskutsua dela partidetan ondo sartzen bada. Lehen erremateak sartzen bazaizkio, hazi egiten da, eta hainbeste arriskatzen duen pilotari batentzat ez dago konfiantza bezalako erregairik. Oldarkor hasi, eta 1-5 aurreratu zen, eta Artola 4-6 gerturatu zen arren, irabazleak 1-13ko partziala kateatu zuen gero (5-19). Aurkariak emaniko erraztasunak baliatu zituen.

Artolak ezin izan zion ezker airea kendu Lasori, eta horrek urduritu egin zuen errestoan. Presio horren eraginez, zazpi tanto jaso zituen saketik, ia denak eramateko modukoak. Hori gutxi ez, eta berari sakea egitea egokitu zitzaionean are okerrago jardun zuen. Lau falta egin zituen saketik: asko dira, kontuan hartuta bederatzi baino ez zituela egin. Azken txanpan emaitza atontzen saiatu zen, baina motz gelditu zen. Azken tantoa berak saketik eginiko falta bat izan zen.

Gaur Lekunberrira (Nafarroa) joango da lau eta erdikoa, Bengoetxea eta Ezkurdia iazko txapeldunak bertan jokatuko baitute A multzoko lehen jardunaldiko bigarren partida (17:00). Aurrenekoa herenegun jokatu zen, eta Jakak 22-14 irabazi zion Victorri. B multzoko bigarren partida, berriz, bihar jokatuko da, Tolosan (Gipuzkoa, 16:30). Altunak hobe du Peio Etxeberria ez gutxietsi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.