Andoni Tolosa.
IRITZIA

Pablo

2022ko azaroaren 23a
00:00
Entzun

Eta orduan gure mundua bitan banatua zegoen, Berlingo harresiaren alde bana; Bizkaia ala Gipuzkoa, Athletic ala Reala, langile ala ikasle, ETAren edizio honetakoak ala bestekoak... Dena zen argiago, edo hala uste genuen. Ziurrenik, gehiegi erabiltzen genuen ala partikula. Musikalki, oso handia zen 70eko hamarkada erdialdetik aurrera (1974) Movieplay diskoetxe katalanaren bidez iritsitako Hego Amerikako musikarien diskoek gure artean lortutako sona; Victor Jara, Quilapayun, Violeta Parra... Beraz, atea zabalik topatu zuten bide beretik iristen hasi ziren Kubako troba berria izeneko mugimenduan bildutako artista gazte eta berritzaileen lehenengo lanek ere. Eta orduan hasi ginen elkarri galdetzen: Silvio ala Pablo... zein nahiago?

Egia da, bi izen horietan laburtu zen gurean Kubako troba berriaren gaineko ezagutza. Agian horregatik (edo alderantziz), ohikoa zen bikote artistiko bezala aritzea; jaialdi beretan kantatzen zuten, artikulu eta erreportaje berberetan irakur zitezkeen bien izenak jarraian, elkarrekin ematen zituzten prentsaurrekoak... Baina, Silvio ala Pablo? Nik lehenengoaren hiru kasete nituen, eta Pablorena, bakarra. Aitortu beharra daukat 1982ko Yo me quedo disko puskarekin deskubritu nuela, benetan, Pablo Milanes, eta handik aurrera, gero eta Pablozaleagoa bilakatu nintzela, Silviorekiko atxikimendua galtzen nuen abiadura berean, gutxi gorabehera.

Bi arrazoi emango ditut zaletze berantiar honetarako. Alde batetik, Milanesek kanturako testuak aukeratzeko zuen gustu bikaina; eta, bestetik, kostata, baina haren melodia gozoak are gozoago bihurtzen zituzten moldaketa musikal-orkestralak estimatzen hasi nintzela (adina, ziurrenik). Oraintxe ari naiz entzuten Mario Benedettiren hitzekin egindako Hombre preso que mira a su hijo ikaragarria, eta horrek irudika lezake hobekien aurretik aipatutakoa. Entzulearengan oilo-larrua eragiteko dekalogo moduko bat da kantu hau.

Urteak aurrera joanda, trobaren itzala itzaltzen joan zen, eta beste musika eta musikari kubatar batzuek hartu zuten gure interesaren ardatza; salsa eta eratorriak hasieran (Los Van Van...) eta sona eta erroak ondoren (Compay Segundo, Eliades Ochoa...), baina Milanesek jarraitu zuen Euskal Herrira etortzen, ez ziren pasatzen bost urte haren bisitarik gabe, eta jarraitu zuen diskoak ateratzen, eta... Ez nion berriro inori galdetu 'Pablo ala Silvio?'. Ez zegoen zertan halakorik egin. Baina ez al da kasualitatea bere kanturik arrakastatsuenetako bat Silvio Rodriguezekin batera grabatutako Yolanda izatea?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.