Min egiten duen egiaren argia

Alberto Barandiaranek 'Gurea falangista zen' kronika liburua idatzi du. 36ko gerran faxisten aldean jardun zuten bi altsasuar ikertu ditu. Susa argitaletxeak plazaratu du

Alberto Barandiaran kazetari eta idazlea, atzo, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Gorka Arrese.
Donostia
2021eko urriaren 8a
00:00
Entzun
Liburu labur eta gordina idatzi du Alberto Barandiaran Amillano kazetari eta idazleak (Altsasu, Nafarroa, 1964): Gurea falangista zen. Altsasuko bi gizonezkori buruzko ikerketa eta kontakizuna egin ditu, 36ko gerran faxisten aldean ibili zirenak biak: Luis Fernandez Arregi eskribau gaztearekin (1919-1937) abiatzen da kontakizuna, eta Pablo Amillano Baztan aguazilarekin (1903-1971) amaitzen da. Idazleak oso gertukoak ditu bi gizon horiek; izan ere, Barandiaranen amaginarrebaren anaia nagusia zen Fernandez Arregi, eta amaren aita zen Amillano Baztan.

«Luis Fernandez Bizkaiko frontean hil da!», liburuko lehen orrialdeak dakarren esaldi deigarriena da. Hortik aurrera, irakurleak jakingo du 17 urteko Fernandez gazteak 1936ko urriaren 3ko arratsaldean Iruñerako autobusa hartu zuela zazpi lagunekin batera, eta iluntzean Falangeren bulegoan aurkeztu zirela, gerran soldadu joateko asmoz. Kaier gris txiki batean gerrako ibilien egunerokoa idatzi zuen Fernandezek, urrian hasi eta 1937ko apirilaren hondarrean bukatu. Geroago, ekainaren 3an hil zen, Lemoan (Bizkaia), Emilio Mola jeneral faxistak hegazkin istripuan bizia galdu zuen egun hartan bertan.

«Nik banekien Luisen egunerokoa gordeta zegoela», azaldu du Barandiaranek liburuaren aurkezpen ekitaldian. «Familia baten historiaren parte bat kontatzen duenez, sekretu moduko bat zen, inoiz aipatu ere egiten ez zena, harik eta egun batean Maria Antonia Fernandezek, Luisen arreba txikiak, kaier txiki hura eman zidan arte. Ulertu nuen familiaren historia esplika nezan eskatzen ari zitzaidala».

17 urteko gazte batek gerrara joateko erabakia zergatik hartzen ote duen, horixe izan zen Barandiaranentzat ikerketan eta gogoetan hasteko motorra. «Gaur egun oraindik kosta egiten zait esplikatzea. Ez da behartuta joan den pertsona bat: ez dute deitu, ez dute eraman. Eta faxistekin joan da». Kontuan hartu behar da, gainera, altxamendua gertatu aurreko hauteskundeetan Altsasun garaipen zabala lortu zutela ondoren gerran Errepublikaren aldekoak izango zirenek: 570 boto, eta eskuineko alderdiek, 272.

Salaketak eta epaiketak

Jendearen bizipenen bitartez kontatu behar litzateke historia, Barandiaranen aburuz: «Gertakizun historiko handiena ere pertsona baten esperientziaren bidez kontatuz gero, iruditzen zait esplikatzen ahal duzula milaka pertsonaren historia eta patua».

Fernandezen eguneroko hartatik tiraka ikertzen ari zenean, ustekabeko bat agertu zitzaion bidearen erdian: aitona Pablo. «Gure amaren aita zen, eta liburuko protagonista nagusia bihurtu da. Kontserbadorea eta eskuindarra zela banekien, Marokoko gerran ibili zela ere bai». Ez zekiena zen Altsasuko aguazila zela gerraren hastapenean, pistolarekin ibiltzen zela, eta errepresioan parte hartze zuzena izan zuela.

«Falangista izan zen. Altsasuko herritar batzuk salatu omen zituen. Hasieran aitonari buruzko aipu solteak eta lausoak jakin nituen. Ez ziren oinarri sendoa zuten kontuak, baina pistan jarri ninduten, eta sakon aztertzeari ekin nion». Epaiketa militarren zenbait akta lortu zituen, eta hala argitu zuen baietz, heriotzara kondenatu behar zituzten altsasuar batzuen kontra deklaratu izan zuela. «Horrek aldatu egin zituen ez bakarrik ikerketa eta liburua, aldatu zuen halaber nire familiari buruz neukan ikuspegia». Galdezka hasi zen, «baina inork ez zekien ezer». Eta horrek are gehiago hunkitu zizkion barrenak.

«Nik beti defendatu dut idazle bakoitzak bere istorioa eta egia kontatu behar dituela. Eta, era berean, uste dut hobe dela egia jakitea, ez jakitea baino», onartu du zalantzarik gabe. «Konturatzen naiz, noski, egiak min egiten duela. Gure familian ere min egin du egia honek, baina luzera onerako izango dela pentsatzen dut». Memoria egitearen ahaleginean, Errepublikaren alde aritu ziren senideen kontu asko ezagutarazi dira. «Ez da ahaztu behar, dena den, Euskal Herria oso kontserbadorea izan dela eta jende askok parte hartze zuzena izan zuela altxamendukoen alde».

Beldurrak eta lotsak

Barandiaranek liburuan planteatzen duen «beste inkognita bat isiltasuna da»: nola ote da posible halako kontuak eta sekretuak hainbeste urtez gorderik edukitzea. «Oraindik ere iraun egiten du isiltasunak. Galtzailearena behartua izan da, dudarik gabe, baina irabazleen isiltasuna interesatua da».

Idazlea konbentzituta dago irabazle askok etxean ez dutela ezer kontatu eta ordukoa ezkutatu egin dutela, «egindakoez ez daudelako harro, edo beharbada lotsaz bizi dutelako». Horregatik iruditzen zaio askok faxisten alde egin zutela beldurrez, galtzaileen bandoan erortzeko ikaraz. «Horrek esplika ditzake portaera ulergaitz batzuk, gerra oso bortitz hasi orduko nagusitu baitziren angustia, bakardadea, ezjakintasuna eta beldurra».

Liburua osatzeko hiru iturri baliatu ditu: Ferroleko (Galizia) eta Bartzelonako artxibo militarrak, Ricardo Urrizolaren bitartez; Jose Maria Jimeno Juriok egin zituen elkarrizketak eta funtsak, Roldan Jimenori esker; eta Altsasuko ikastetxe bateko ikasleek aitona-amonei egindako elkarrizketak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.