Albistea entzun

Durangoko 56. Azoka. Sormen beka

Heldu bilakatzearen konkista

Maia Iribarnek eta Paxkal Irigoienek 'Bañolet' websailaren aurrerapena aurkeztu dute, iaz sormen beka irabazi ondotik. Bederatzi kantuko diskoa ere kaleratu dute: 'Bañolet kantuz'
Maia Iribarne eta Paxkal Irigoien musikariak eta <em>Bañolet</em> websailaren egileak, atzo, Durangoko 56. Azokan.
Maia Iribarne eta Paxkal Irigoien musikariak eta Bañolet websailaren egileak, atzo, Durangoko 56. Azokan. ARITZ LOIOLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Itziar Ugarte Irizar -

2021eko abenduak 7 - Durango

Duela urtebete inguru jasotako laguntza nola baliatu duten, egin nahi zutena egiaz zer zen, horixe erakustea zegokien aurtengo azokan Maia Iribarneri (Lasa, Nafarroa Beherea, 1995) eta Paxkal Irigoieni (Ainhize Monjolose, Nafarroa Beherea, 1988). Iaz lortu zuten azokaren eskutik sormen beka, eta orduan aurreratu zuten, besteak beste, nazionalismoari buruzko gogoetatik abiatuko zirela proiektua lantzeko, «frantses nazionalismoa biziki azkarra» dela jakinik; absurdoaren eta poetikoaren artean eta haurren begiradatik arituko zirela. Birkonkista bat jarri zuten hasieratik abiapuntuan, 2000. urtearen inguruan gertatuko zena, zeinetan euskaldunak eta beste zenbait komunitate zanpatu Frantziaren kolonizatzaile bihurtuko ziren. Urtebete beranduago, lau ataleko websail batean mamitu da istorioa, Bañolet izenpean. Irudienean aurkeztu dute «momentuko emaitza», eta martxoan estreinatuko dute behin betikoa.

Herri fikziozkoaren izenak eman dio izenburua websailari, baina zehazki Eiharelarren (Nafarroa Beherea) egin dituzte grabaketak, bertako herritarrekin, eta, batez ere, umeekin. 2020ko udan —udazkenean jaso zuten beka— lehen entsegu batzuk grabatu zituzten bertan, hango eta inguruko jendearekin. «Proiektua nora bideratuko zen ikusteko». Ondoren, bekara aurkeztu, eskuratu, eta dena nora bideratu den, aldaketak aldaketa, abiapuntuan marraztutakoari eutsi diotela uste dute. Irigoien: «Hastapeneko ideia zen Frantziak kolonizatutako populuek Frantzia birkonkistatzen zutela, eta horren barnean kontatuko genuela helduarora pasatuko diren haur batzuen abenturak».

Haien begiradan jarri dute fokua, eta fikziozko inguru bat sortzeak utzi dien eremu librea azpimarratu du Iribarnek: «Antzematen genuen halako testu inguru geopolitiko berezi batek ematen ahal zuela zer erran hizkuntzarekiko, identitatearekiko... haurren abenturak hor dira, haurtzaroaren eta helduaroaren arteko paisaia horretan». Sakonean botere harremanen inguruko gogoeta ere ikusten dute: «Haur eta helduen artekoak zein populu ezberdinen artekoak».

Beka jaso zutenetik, lanean denbora kontra aritu izanaren sentsazioa izan dutela aitortu dute. Hori, eta koronabirusaren aurka hartutako neurriek ere zaildu diela dena. Aurtengo udan grabatu dituzte websaila osatzen duten lau atalak, ordubete guztira, eta are biziago egin behar izan dute muntaketa lana. Inguruan izan duten lantaldeak egin du posible, egileen esanetan. «Alde teknikoan, figurazioan... denera 200 lagunetik gora izan dira. Jende aldetik, intentsitate hori biziki polita izan da», esan du Iribarnek.

Musikaren unibertsotik

Musika dute ohiko sormen esparrua bai Iribarnek eta bai Irigoienek, eta haiek sortu dute websailerako musika guztia ere. Kantu horiek eta paraleloan onduz joan diren beste batzuk bilduta, bederatzi denera, disko bat ere kaleratu dute: Bañolet kantuz. Lan paralelo bezain independentetzat duten arren, diskoak websailaren izpiritua jaso duela diote. «Absurdoa» hitzarekin definitu du izpiritu hori Irigoienek, eta Iribarnek garatu: «Lana biziki inspiratu da jokoetatik, haurren zein gure artekoetatik; badu alde absurdo bat, baina baita alde poetikoa ere. Ez dakigu sobera ongi non kokatu giro hori, alde anitzetara joaten da, eta diskoa berdin, badira estilo anitz». Kide ugari izan dituzte lagun diskoan ere: Allande Etxebarri, Elena Haira, Amaia Hiriart, Ximun Garat, Ane Garcia eta Tara Huellou-Meyler eta Nicolas Armendariz.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Arte eszenikoen dFeria jaialdiaren antolatzaileak eta sustatzaileak, atzo, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian egindako aurkezpenean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Oreka izango du ardatz aurtengo dFeria jaialdiak

Alex Uriarte Atxikallende

Arte eszenikoen jaialdia martxoaren 14tik 17ra bitartean egingo dute, Donostiako hainbat agertokitan. Festibala hasi baino bi egun lehenago, ‘pre-feria’ izeneko egitarau berezia izango da.
Leire Vargas, Aner Peritz, Haizea Arana eta Oihana Arana, <em>Erre</em> emanaldiaren sortzaileak. ©LANKU

Kategoriak arrakalatzera

Ane Eslava

Leire Vargasek, Aner Peritzek, Oihana Aranak eta Haizea Haranak 'Erre' saioa estreinatuko dute otsailaren 5ean. Lankuk ekoitzi du
Lautan Hiru jaialdiaren antolatzaileak, gaur, Bilbon. ©Marisol Ramirez / Foku

Lautan Hiru antzerki jaialdia egingo dute laugarrenez Bilboko Zazpikaleetan

Olatz Enzunza Mallona

Euskaltzaindiak, Cafe Bar Bilbaok, Zazpi Katu gaztetxeak eta Bira kulturguneak antolatu dute egitaraua, elkarlanean, eta otsailaren 3an abiatuko da.

Antso Jakituna erregea eta Benjamin Tuterakoa bidaiaria elkarrizketan, Tuterako gazteluko ganberan. ©IÑAKET

Mundua Tuteratik zeharkatzea

Iñigo Astiz

Mikel Begoña gidoigileak eta Iñaki Martinez 'Iñaket' marrazkilariak XII. mendeko Nafarroa multikulturala irudikatu dute 'Benjamin Tuterakoaren bidaia aparta' komiki liburuxkan

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.