Egon ez den etxera itzuli da

Bilboko Arte Ederren Museotik Txillida Leku museora lekualdatu dute Eduardo Txillidaren 'Topalekuak IV' eskultura. Bilboko eraikineko lanak bukatu artean, Hernanin egongo da

Hamahiru tonatik gorako pisua du Topalekuak IV eskulturak; Txillida Leku museoan eskegita erakusteko propio sortu dute egitura. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Naroa Torralba Rodriguez.
Hernani
2023ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Bilboko Casilda Iturrizar parkearen gerizpean bi hamarkada zeramatzan Eduardo Txillidaren Topalekuak IV eskulturak. Bilboko Arte Ederren Museoko piezarik «garrantzitsuenetakoa», Miguel Zugaza zentroaren zuzendariaren hitzetan. Museoaren handitze lanetarako, baina, lekualdatu egin dute Txillida Lekura (Hernani, Gipuzkoa), eta han egongo da ikusgai, urtebetez bederen, obrak amaitu artean.

Eduardo Txillida jaio zela ehun urte beteko dira datorren urtean. Zero Grabitatea izendatu dute mendeurrena ospatzeko atariko programa. Eta haren bueltan, eskulturak toki «berezi eta ikonikoa» hartu du museoan, Mireia Massague Txillida Lekuko zuzendariaren ustez: «100 urteko ospakizuna hasteko, zirraragarria zaigu hormigoi armatuzko pieza bat izatea gurean, inoiz ez baitugu halakorik izan. Berezia da, lehen aldiz erakusgai jarri dugulako obra bat eskegita; horrek bat egiten du Txillidak grabitatea ulertzeko zuen modu poetikoarekin, eta garrantzitsua da guretzat aitortza hori egitea, gisa honetara».

Txillida Lekuko Zabalaga baserriaren ondoan jarri dute obra, eskegitzeko berariaz sortu dioten egituran. Zuhaitzez inguratuta dago, eta haren azpian belarra haztea da asmoa, Massaguek aurreratu duenez: «Izugarria da pieza honek artea eta natura nola fusionatzen dituen ikustea».

Eskegitzeko lanak

Pieza Bilbotik Hernanira eraman eta bertan kokatzeko, hainbat enpresa elkarlanean aritu dira, eta lankidetza hori gabe ez litzatekeela posible izango adierazi du Luis Txillida artistaren semeak. Izan ere, azaldu du behin saiatu zirela haren aitaren obra bat bi zuhaitzen artean eskegitzen: «Hilabete batzuen buruan, lurrean iltzatuta topatu genuen, metro erdi lurperatuta, kanoi bala bat nola». Pozik agertu da «aitaren ametsetako bat» bete delako. Eskultorearen nahia zen esekitzeko pentsatu zituen obrak zintzilik egotea; haren semeak azaldu du zein zen asmoa: «Grabitateak pentsaraz diezagun zerbait handia edo pisutsua izanagatik ez duela zertan hori itxuratu; arina izan daitekeela».

1982an eman zion obra Txillidak Bilboko museoari. Beheko solairuan egon zen ikusgai, 2000. urteko ekainean kanpora eraman zuten arte. 1980ko hamarkadan ez zen Txillida Lekurik Hernanin, eta artistaren semeak azaldu du zergatik eman zion bere aitak artelana museoari: «Jendeak ikus zezan nahi zuen, ez geneukalako leku bat piezak gorde eta erakusteko. Horregatik eman zuen, ilusio handiz, jendearen topalekua izan zedin; jendeak goza zezan. Aitak esaten zuen zerbait norbaitena bada, ia ez dela inorena, eta obrek erabilgarri behar zutela».

Artelanak bilkura leku izateko ideiari gorazarre egin dio Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak. Zugazaren azalpenak ekarri ditu gogora, eta azaldu du artistarentzat 1973-1974ko urteak «oso urte garrantzitsuak» izan zirela, orduan hasi zelako hiriguneetan eskulturak jartzeko proiektuak lantzen. «Horietako batek urte batzuk geroago Bilboko Arte Ederren Museoan amaitu zuen». Aitortu du gustatzen zaiola eskulturak izendatzeko Txillidak jarri ohi zituen izenak, baita artistak haien inguruan egin zuen gogoeta ere: «Txillidarentzat, elkarrizketarako eta elkarbizitzarako lekuak ziren obrak, hiriburu batek izan beharko lukeen bezala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.