Folsomen, beltzezko gizonaren atzetik

Duela mende erdi, Johnny Cashek historiara pasatu den kontzertu bat eman zuen, Folsomeko espetxean, AEBetan. Los Tigres del Norte taldeak haren bidea egin du orain, eta disko batean jaso du han bizi izandakoa.

Los Tigres del Norte taldea, Folsomen. BERRIA.
mikel lizarralde
2019ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Guretzat, Folsomeko kartzelan dagoen komunitate latinoarekiko konpromisoa da hau. Hor dira preso, senideek eta gutako askok ahaztuak haietako zenbait». Luis Hernandez Los Tigres del Norte taldeko perkusionistak Folsom aipatzen duenean, badaki zeintzuk diren Kaliforniako espetxe ezaguneko biztanleak; han bizi direnen % 47 hispanoak dira. Haiek gogoan, eta espetxeak ezarritako debeku ugariak kontuan hartuta —besteak beste, narcocorridorik ez jotzea—, Los Tigres del Nortek bi kontzertu eman zituen —bata gizonentzat, bestea emakumeentzat— iazko apirilean, eta orain disko batean eta Netflixek irailean estreinatuko duen dokumental batean jaso dute hango esperientzia: Los Tigres del Norte at Folsom Prison.

1968tik hona, Folsomen izena Johnny Cashi lotua ageri da iruditeria kolektiboan. Urte hartan, country musikaren maisuak historiara pasatu den disko bat grabatu zuen espetxe hartan, At Folsom Prison, eta, hain zuzen ere, harekiko keinu esanguratsu batekin hasi zituen Los Tigres del Nortek espetxean emandako kontzertuak, Folsom Prison Blues kantuaren gaztelaniazko bertsioarekin.

Los Tigres del Norte Mexiko iparraldean sortu zen, bainaAEBetara jo eta San Josera (Kalifonia) lekualdatutakoan hartu zuen taldeak behin betiko izena. 1968a zen, eta urte hartan eman zuen lehen kontzertua, zer, eta espetxe batean, Soledaden, Los Angelestik 700 kilometrora. Horregatik, taldeak mende erdia bete behar zuenean, hori ospatzeko modurik egokiena espetxera itzultzea zela pentsatu zuten. Eta, beltzez janzten zen country kantariaren bidetik, Folsomera iritsi ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.