Nabigazio poetikoen promesa

Pako Aristik 'Ni eta Gu. Zazpigarren uhina' liburua plazaratu du, Erein argitaletxearen eskutik. Idazlearen zazpigarren poema bilduma da, berak egindako 21 argazkiz edertua

Pako Aristi, atzo, Donostian, poema liburua aurkeztu aurretik. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Gorka Arrese.
Donostia
2021eko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Izenburu bi ditu Pako Aristiren liburu berriak: Ni eta Gu eta Zazpigarren uhina; bere zazpigarren poemategia baita, eta, kasu honetan, itsasoari eta itsasaldeko langileei begira ondutakoa. «Zazpigarren uhinak eramaten ditu/ lanperna bilatzaileak/ itsasoaren altzora», ohar egiten du idazleak, hitzaurre gisako poeman. Hasierako pieza hori eta beste 78 poema ekarri ditu bildumara, zenbaki banaz, eta baita 21 argazki ere, Aristik berak egindakoak: Getariako portua eta San Anton mendia (Gipuzkoa), txalupak eta baporeak, hondartza eta kaioak, arrantzaleak eta lagunak.

Ni eta Gu izenburuak, gainera, bizipenak eta tentsioak, emozioak eta pentsamenduak iradokitzen ditu. «Ni eta Gu instantzien arteko adiskidetasuna bilatu nahi izan dut, integrazio modu bat, niaren nortasuna galdu gabe, bizitzan egindako bidaiaren oroimena galdu gabe». Ni hori hasieran indartsu hasten bada ere, liburuak aurrera egin ahala Gu horrek hartuko du protagonismoa. «Benetako pertsonen historiak dira hemengo asko, euren izen propioekin jasoak». Batzuei poemak erakutsi ere egin dizkie, eta argitaratzeko baimena eskatu. «Denek agertu nahi izan dute liburuan. Haien bizitzaren aitormen bat bezala hartu dute».

Erein argitaletxeko editore Inazio Mujika Iraolaren aburuz, «kazetaria izanaren alderdia eransten die Pako Aristik bere lan guztiei. Kontalariaren dohainak eta kazetariaren jakin-mina baliatzen ditu poesian ere». Pieza narratibotzat jo ditu editoreak: «ez dira ez lirikoak, ez epikoak, gauza txikiei begiratzen dieten poemak baizik. Pertsonengana hurbiltzeko modu oso berea du Pakok».

Aristiren arabera, poesia beti izan da diziplina bat beste guztietatik formak, hizkerak eta tresnak beretzat hartzen dituena. «Antropologia karga handia dauka liburu honek. Batez ere, arrantza giroko poemetan eta kontakizunetan. Lexikoa, ohiturak, langintzak, portatzeko eta bizitzeko erak».

Getariako portuko giroa

Literatur eragin bat aitortu du, idazteko garaian nola edo halagogoan izan duena: Edgar Lee Masters idazle estatubatuarraren Spoon River Anthology (1915). «Kanposantu bateko epitafioen bidez, herri batean bizi izan ziren pertsonen biografia sorta bat egiten da hor. Beti egin nahi izan dut halako zerbait nik ere, alegia, ezagutzen ditudan pertsonen atzean zein historia dagoen kontatzea, pertsonak pertsonaia literario bihurtzea poemen bidez».

Geografia fisiko bat agertzen duten liburuak maite ditu Aristik, zehazten dituztenak lekuak, kaleak, mendiak, ibaiak, herriak. «Hiru leku jarri nahi izan ditut nik. Triangelu batean bezala mugitzen dira liburuko poemak: Zestoa, Getaria eta Orio [Gipuzkoa]».

Gaur egun Zestoan bizi da idazlea: «Bizi berri bat hasi dudan sentipena sortu didan lekua da». Getariara aspalditik joaten da, eta sarri samar: «Hasieran, meditaziorako, ikusmirarako eta pasierako leku bat izan zen, baina, poliki-poliki, hango jendartean sartuz joan nintzen, hango istorioak aditzen. Getariakoak dira liburuko pertsonaiak». Orioko poemak bi bakarrik dira: «Zeharka azaltzen da, baina niretzat zeresan handia dauka herri horrek: asko miresten dut Benito Lertxundi, eta hari esker ezagutu dut Orio».

Liburuak bi bide trazatzen ditu. Alde batetik, idazlearen gogoetak eta pentsamenduak ageri dira: «Esan dezadan, nire bizitzako bidaia emozionala eta filosofikoa dela hori». Eta bestetik, tartekatuta, jendeari buruzko poema sorta dator: «Gu hori osatzen duten jendeari buruzko poemak dira, batzuk argazki eta guzti eman ditudanak». Gizarteak, erlijioak, merkatuak, eskolak, kuadrillak, bikotekideak... izateko modu bat ezartzen diote norbanakoari. «Gu izateko moduak gainditzen saiatzen diren pertsonak dira niri gehien interesatzen zaizkidanak».

Eta, bukaera emateko, «Gure ama gaur hil da», horixe du liburuko azken esaldia, amaren argazkia daukala aldamenean. «Poema hauetan agertzen diren pertsona batzuk hil egin zaizkit, hiru edo lau», esan du Aristik, atsekabez. «Belaunaldi guztiek sentitzen duten antzera, ikusirik ofizio batzuk hiltzeko zorian daudela eta teknologia guztiz aldatu dela, nik ere sentitzen dut bizitzeko eta egiteko modu bat galtzen, gauzak entzuteko eta kontatzeko modu bat amaitzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.