Albistea entzun

Bestelako narratiben atzetik

Lua Ribeira argazkilariak 'Zeruratzea' erakusketa jarri du ikusgai Donostiako Artegunean. Gizarte bazterketa abiapuntu duten bost argazki serie proiektu bakarrean harilkatu ditu
Argazkilari bat, Lua Ribeiraren <em>Aristokratak</em> serieko bi argazkiri begira, Donostiako Artegunea aretoan ikusgai dagoen <em>Zeruratzea</em> erakusketan.
Argazkilari bat, Lua Ribeiraren Aristokratak serieko bi argazkiri begira, Donostiako Artegunea aretoan ikusgai dagoen Zeruratzea erakusketan. GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Sarasola -

2023ko martxoak 21 - Donostia

Fokua bazterkeriaren ideian jarri du azken urteotan Lua Ribeira argazkilariak (As Pontes, Galizia, 1986). Gizarte egiturek aparte utzitako kolektiboengan. Horren froga dira 2016. eta 2020. urteen artean garatu zituen bost argazki serie. Denborak emandako perspektibak are argiago erakutsi dio hori, halere, «modu oso intuitiboan» lan egiten duela aitortzen baitu. «Baina orain, lanok bateratzeak zentzua hartu du niretzat. Horietan, badago motibazio politiko bat bazterketak aztertzeko eta, aldi berean, zalantzan jarriko dituen proposamen bat egiteko; komunitate horien inguruan bestelako narratiba batzuk erakusteko». Bost serieok elkarri harilkatuta ikus daitezke orain, Zeruratzea izenburupean, Donostiako Artegunean, uztailaren 2ra arte.

2018tik Magnum agentziako kidea da Ribeira, eta bere obrarekin orain arte egin den erakusketa zabalena da Tabakalerako beheko solairuan zabaldutakoa. Lanerako metodologiak batzen ditu irudi guztiak; izan ere, Ribeira luzaz egon da komunitate horiekin harremanetan gehienetan, eta elkarbizitza horren fruitu dira argazkiak. Halaber, bazterkeriaren ideiak lotzen baditu ere, irudiak bere egiteko eta interpretatzeko ikuslearen askatasuna aldarrikatu du artistak. «Azalpenak emateak guk eraikitako zerbaiti erantzuten dio azkenean, eta nik gustukoagoa dut ikusleak argazkiei modu bizi, emozional edo intuitiboagoan aurre egitea; hemen ez dago ezer jakin edo ulertu beharrik». Anbiguotasunari tartea uztea ere maite duela gehitu du.

Argazki liburuetan espezializatutako Dalpine argitaletxeko zuzendari Sonia Berger izan da komisarioa, eta haren inguruan argitalpen bat ere osatu du etxeak. Ribeirarekin harremanetan jarri zenean, haren lan ugaria ezagutu zuen. «Eta bost proiektuok ikusita, oso agerikoa egin zitzaigun lotuta zeudela; ez gaiagatik zehazki, ez lekuagatik, baina bai hari batengatik. Bere lanarekin, Luaren asmoa ez da hainbeste lekukotza bat ematea, ezpada komunitate horietara gerturatzea eta bereizkeria horiek zalantzan jartzea».

Argazkiak elkarren segidan jarri dituzte paretetan. 74 dira guztira, tamaina desberdinetakoak. Ez dute bateratzen dituen izenbururik, ez izenik, kokalekurik edo urterik idatzia alboan, eta zaila da serie bat non bukatzen den eta bestea non hasten den antzematea. Hain zuzen ere, sentsazio hori sortzea berariaz bilatu dute artistak eta komisarioak, ikuslearen begirada ahalik eta gutxien bideratzeko asmoz, hari askatasuna emate aldera. Zehaztapen horiek denak ibilbidearen amaieran eta eskuorrian topatuko ditu bisitariak.

Parkeak, maskarak, mugak

Edonola ere, erakusketari izena ematen dion Zeruratzea serieko argazkiekin abiatzen da ibilbidea. Erresuma Batuan osatu zuen sorta, etxegabetzeak jasan dituzten herritarrekin. Parkeetan erretratatu zituen gehienak, maiz mozorro edo maskarak jantzita, irudi atenporalagoak eta mitologikoak sortu nahian, haien testuingurutik atera eta bestelako narratibak eraikitzeko asmoz. Horiek Aristokratak serieko argazkiekin nahasten dira aretoko horman aurrera egin ahala. Galizian hartutako irudiak dira, desgaitasun intelektuala duten andreak bizi diren erakunde erlijioso baten egoitzan; bertan bi uda eman zituen Ribeirak, eta antzerki tailer baten harira ireki zitzaion argazkiak egiteko bidea.

Aretoaren erdian dagoen gela txikiago batean, Ikuskariak saileko argazki sorta dago. Andaluziako Puente Genil udalerrian Aste Santuaren ondotik egiten duten ospakizun erlijioso batean hartu zituen irudiak; prozesio edo ospakizunen aipamenak baztertuta, herritarren bisaiak eta maskarak dira, berriro ere, protagonista.

Eta goiko pisuan, azkenik, mugako lurraldeak eta migrazioa ardatz dituzten bi sail bildu dituzte. Magnumen proiektu bat izan zen Oihana; Mexikoren eta AEBen arteko harresia zeharkatu nahian zebiltzan gizon batzuekin harremana egin zuen inguru hartan artistak. Zorionekoak seriea, berriz, Melillan (Espainia) garatu zuen, eta Marokotik Europara iritsi nahi duten hainbat gazte ditu ardatz.

Gune berean, hiru beira arasatan, Ribeiraren sormen prozesuaren erakusle diren askotariko irudiak bildu dituzte; lanok osatzeko balio izan dioten fotograma, zirriborro eta oharrak daude ikusgai.

Ane Abalde Kutxa Fundazioaren Arte eta Ondare zuzendariaren hitzetan, «gaur egungo dokumentalismo berriaren erreferente bat» da Ribeira. Zaurgarritasunak ez ezik, artistaren lan moldeak batzen du bilduma, haren iritziz ere. «Luak inplikatzea erabakitzen du, komunitateen elkarbizitzan murgiltzea. Ondorioz, bera eta bere begirada ez dira opakuak; irudiaren eraikuntza subjektiboa agerian jartzen du». Era horretan, artistak arreta kontakizun txikietan jartzen duela nabarmendu du Abaldek, iruditeria soziala eraikitzen duten estereotipoetatik ihes eginez. «Luaren lana eta erakusketa tresna boteretsuak dira iruditeria horiek deseraikitzeko».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoa, Irunen (Gipuzkoa). Aurreneko aldiz, sei bertsolaritik bost emakumezkoak izan ziren. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

IKUSEZIN IZATETIK, OHOLTZAK HARTZERA

Olatz Enzunza Mallona

Bertsozale Elkarteak bertso plazen eta saioen inguruko irakurketa txostena kaleratu du. Datuen arabera, aldatzen ari da gizonen eta emakumeen arteko proportzioa: parekidetasuna lortzen ari da, orokorrean. Txapelketa eta saio informaletan, ordea, alde nabarmena dago oraindik ere.

George Orwell, Bigarren Mundu Gerran, BBCrako lanean aritu zenean. ©BERRIA

Orwell, berridatzia

Mikel Lizarralde

George Orwell hil zela 73 urte igaro diren honetan, 'Abereen etxaldea'-ren egilea ingeles literaturaren erreferenteetako bat da oraindik ere. Biografia batek haren argi-ilunak ekarri ditu azalera.

'Rumours', 'Tunnel of Love' eta 'Zebra'-ren azalak. ©BERRIA

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...