KRITIKA. Artea

Errealitatezko fikzioa edo fikziozko errealitatea

Bisitari bat Bideo-jokoak. Play without End erakusketan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
2021eko apirilaren 20a
00:00
Entzun

'Bideo-jokoak.Play without End'.

Non: Donostiako Tabakaleran.Noiz arte: Maiatzaren 16ra arte.

Nahiz eta egun gure gizartean eta egunerokoan geroz eta presenteago dugun eremu digitala, ez da oraindik ere eroso sentitzen naizen esparrua. Eman niri arkatza eta boligrafoa. Gauzak ikaragarri errazten ditu, pentsaezinak diren aukerak eskaini, eta hori arrazoietako bat da —edo hala uste dut behintzat— guztiok mundu digitalean geroz eta gehiago barneratzeko. Bideo-jokoen mundua ere, esparru digital honen barnean kokatzen da, eta txikitan izandako Game Boy-az harago, erabat ezezaguna egiten zaidana da —eta ez dakit Game Boy-a bera ere bideo-joko kontsidera daitekeen—. Hori dela eta, beste ezeren gainetik kuriositate handiz inguratu nintzen Tabakalerako Bideo-jokoak. Play without End erakusketara.

Aretoaren sarreran dagoen plazatxo edo espazio irekiak hitzaurre edo amu gisara funtzionatzen du; erakusketan lantzen den gaia Tabakalerako bisitariei aurkezten baitzaie jada bertan. Batetik, espazioaren erdialdean, 0 solairutik igotzeko erabiltzen diren eskailera nagusietatik ikusten direla, bi Arcade instalatu dira: bideo-jokoetan pentsatzen hasita identifikatzen ditugun makina vintage handi horiek. Bisitariek nahi adina jolasteko aukera dute horietan. Hor nagoela begirada luzatu, eta erakusketa aretoko atearen inguruan lau pantaila handi ikusten dira. Jokoen estetika iragarkien estetikarekin nahasten du haietan proiektatutako Melanie Gilligaen bideo-instalazioak, kapitalismoaren inguruan hausnartzeko aukera eskainiz. Era berean, ordea, bere bideotako soinu-banda atsegin eta limurtzaileak atea igarotzeko gonbita egiten du. Barnera noa. Nire inguruan zebilen gizon batek ere atzetik jarraitu dit.

Esparru oso ezberdinekiko izan dituen elkar eraginak kontuan hartuta, bideo-jokoaren ideia oso modu zabal batean lantzen da erakusketan. Emaitza batzuk esparru estetikora gehiago doitzen dira, besteak beste Iñaki Graceneak proposatutako Escherland proiektua, bertan artearen eta bideo-jokoen inguruan eman diren loturen jolasari jarraituz, bi esparru hauen arteko sinbiosi ezberdinak azaltzen dituzten emaitzak plazaratzen ditu; estetikoki emaitza interesgarriak lortuz. Bideo-jokoa espazio digitalari loturikoa den horretan, Internetek iruditeriaren ulerkeraren, kontsumoaren eta harekiko dugun erlazionatzeko modu berrien inguruan diharduten proiektuak ere badaude, nahiz eta erakusketan lantzen den gaira pixka bat indarrez ekarritakoak diruditen; gainontzeko proiektuen artean sortzen den kohesiotik ateratzen direla, nolabait.

Gainontzeko proposamenek hausnarketarako bide ezberdinak irekitzen dituzte, eta errealitate, fikzio eta espazio digital eta espazio errealaren arteko bidegurutzeetan kokatzen dira. Azken bi espazio hauen artean Zach Blas artistaren Facial Waponization Suite proiektu interesgarria topatzen da. Bertan, ikusgarritasunak ezartzen dituen kontrol sistemetatik ihes egiteko estrategia eta tresna bat proposatzen ditu artistak, edo agian zuzenago esanda, artibistak: aurpegi-errekonozimendu biometrikoa ekiditeko maskara kolektiboak sortu ditu. Dena den, zalantzarik gabe erakusketako lan azpimarragarrienak Harun Farocki zinemagilearen Serious Games lana osatzen duten lau bideo-instalazioak dira. Aho zabalik uzten dute bertako edukiek. Zinemagileak bisitaria eszenetan barneratzea lortzen du, gerra eszenetan, errealitatea eta fikzioa ia nahastu egiten diren egoeretan. Zer pentsatua ematen dute bertako irudiek eta entzuten diren gorpuztutako elkarrizketek. Gordina da. Bideo-jokoak joko errugabe gisara ikusteari utzi eta, militarren esku, hiltzen erakusteko entrenamendu-sistema ere badirela bikain azaleratzen du Farockik.

Erakusketatik atera, eta hor daude berriz ere bi Arcadeak. Nerabe bat horietako batean jarrita jolasten ari da. Ezinezkoa da, ordea, Arcadeak aurretiko begirada hutsal berarekin ikustea. Denbora pasatu da, eta oraindik erakusketako zenbait irudi eta pasarte buruan bueltaka darabiltzat. Ez dakit erakusketa ikusi ostean bideo-jokoen inguruan ezer gehiago dakidan, aitzitik, interes eskaseko esparrua kontsideratzetik, esparru digitalak errealitatearekiko harremanean duen eraginean —askotan perbertsoa— are gehiago arakatzeko tresna izatera igaro dira; nigan behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.