Belen Gopegui. Idazlea

«Pentsatzeko dago zer egin jakintza modu antolatuan leher dadin»

Ia 30 urteko ibilbidea eta hogei liburu baino gehiagoko uzta dituela, Belen Gopeguiren ahotsa eta luma Espainian gehien txalotutakoetako batzuk dira egun. Iruñean izan da, Letrazaurituak literatura jaialdian.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2020ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Ezaugarri asko erabil daitezke Belen Gopeguiren (Madril, 1963) lana definitzeko. Haren eleberriak «politikoak» direla esan ohi da, sistemaren aurka doazela, baina, Gopeguirentzat, politika «pertsonaien bihotzean» dagoen zerbait da: «Egin egiten gaituena». Eleberriek, beste edozerk bezala, gauzak aldatzeko ahalmena dutela dio, «Kontua da zer aldatu behar den». Azken lanean, konferentzia batetik sortutako Ella pisó la luna, ellas pisaron la luna liburuan (Hark ilargia zapaldu zuen, haiek ilargia zapaldu zuten, 2019), itzalean gelditutako emakumeengan jarri du arreta, kasu pertsonal batetik abiatuta: bere amaren istoriotik. Iragan astean Anna Pachecorekin solasean izan zen, Katakraken, Letrazaurituak topaketan.

Beste belaunaldi bateko egile batekin solastatu zara. Zer aldatu da zure belaunalditik harenera?

Gutxi eta asko. Orain dela urte batzuk, feminismoa hitz madarikatua zen; klasea, hitz ezabatua, eta tristura, bakarkako zerbait; ia inork ez zuen lotzen bere antsietatea, bere beldurra, joko arau ustel eta hautatu gabeekin. Egun, agerikoa da antolaketa sozial horrek gorputzak, buruak eta ingurunea hausten dituela. Gutxiago aldatu dena, okerrera egin duena, analisien ondorengo ekintzarako baldintzak dira. Prekaritate eta esplotazio handiagoa dago; lurra egoera okerragoan dago. Gutxi gorabehera badakigu zer gertatzen den eta zergatik; pentsatzeko dago zer egin behar den jakintza hori laster modu antolatu eta boteretsuan leher dadin.

Idazleen arteko harreman mota berriak sortzearen garrantzia aipatu zenuen solasaldian.

All about Eve [filma] emakumeen arteko harremanen adibidetzat hartu izan da, baina egiazki kontatzen duena zera da, Adam guztiek nola irudikatzen dituzten harremanak. Niri emakume zahar eta oso jakintsuek gauza asko irakatsi didate, eskuzabaltasunez, harremana kenketa gisa ulertu gabe, zuk irabazten duzuna nik galtzen dudala ulertu gabe. Komikoa da andreak bultzatzen dituzten gizon batzuen harrokeria maskulinoa: haiengandik asko ikasten dute, baina oihartzun pixka bat lortu bezain laster, ez dituzte gehiago izendatzen. Ezkutatu egiten dituzte, euren buruak haiekin parekatzea arriskutsua irudituko balitzaie bezala. Beraz, feminismoak beste harreman batzuk sor ditzake, bai, ulertzen baitu zeregina oso handia dela eta ezin dugula denbora galdu nartzisismoekin.

Langile klasearen kontakizuna sortzeko premia aipatu zenuen.

Kontakizunari dagokionez, antzekotasun dezente daude matxismoaren eta klasismoaren artean. Bi kasuetan, pertsona berarengan bat datozenak maiz: ukatu egiten da alde zapalduan daudenen kontakizunaren egokitasuna. Hala gertatzen da klase eta genero autogorrotoa: zapaltzailea konforme utzi nahi izateagatik zeure buruaren eta zure jendearen aurkako diskurtso bat egiteko arriskua. Diskurtsoaren jabeek ezartzen dute emakume guztiak berdinak direla, langile guztiak berdinak direla, eta, horrela, euren posizio pribilegiatua indartzen dute. Hau aldatuz doa; lan luzea da; ahulenak, batzuetan, berea ez kontatzera jotzen baitu, menderatzaileak entzutea espero duena baizik; adibidez, gorputza, erraiak, gainerako ahalmenetatik bakartutako emozioak. [Camilo Jose] Celaren tremendismotik orain arte ia aurrera egin ez bagenu bezala, eta onartuko bagenu bezala klasea eta generoa soilik interesgarriak direla alkoholismoaz, abusuez, gorputz jipoituez hitz egitekotan: kontakizun horientzat lekua dagoela dirudi, protagonistak leku mugatu batera baztertzen jarraitzen dutelako. Hala ere, ahots askok aurrera egiten dute, eta oztopoak hautsi.

Zure azken liburuan zure amaren istorioa kontatu duzu; gizon baten itzalpean geratu zen emakume batena. Nolakoa izan da halako gai kolektibo bati horren modu pertsonalean heltzea?

Beste istorio asko daude emakume batek bere alabak sufritzen duenaren aurrean sentitzen duen min erradikalaren barruan eta mugak hausteko bere saiakeraren barruan; hori kontatzen saiatu naiz, eta beste pertsona batzuek hor aurkitu dute beren burua. Kasu bakoitza desberdina da; batzuetan, mina ez da klase edo arrazakoa, eta, halere, klasea eta arraza ezagutzen ditu. Minak komunikatuta egon baitaitezke, pasadizoak marrazten baitituzte, elkar ukitzen baitute. Ni hor egon nintzen, eta egun batean aurkitu nuen kontatzeko adore txikia.

Liburuan, emakume nagusiei galdetzeko deia egiten duzu, itzalpean geratu diren istorioak jasotzeko. Nola bihurtu istorio horiek kontakizun kolektibo?

Gerda Lernerrek The Creation of Feminist Consciousness [Kontzientzia feministaren sorrera] lan zoragarrian kontatzen duen bezala, istorio bat izatearen ideia bera ez da emanda dagoen zerbait: milioika ahots, saiakera eta eromeneraino hertsatutako bizitzak txirikordatuz lortu da. Ez da inoiz baztertu behar hori; batzuetan, iraganeko istorioak berreskuratzea da kontua, eta bestetan, orain aldatzen ari garena kontatzea. Bide bat da; ez da kontakizun estatikoa, baizik eta existitu nahi duten bizitzen pultsua.

Gaur egun, zeintzuk dira andreak ikusezin bihurtzeko gehien erabiltzen diren mekanismoak?

Hainbeste daude... Zuzeneko errepresioa, indarkeria, eragindako porrotak... Jada ikusten ez ditugunean, hor jarraitzen dute; txikitzen dutena ezabatuta geratu denean, konta dezakegu, baina hori jada ez da itzultzen, eragindako kalteak ez du mugimendurik. Gero, mekanismo txiki asko daude, helburu bera dutenak: emakumeen autoritatea ukatzea, gutxiestea edo, batzuetan, administratzea, onura patriarkalerako.

Gero eta gehiago izendatzen dira emakumeen lorpenak. Bada arriskurik merkatua borroka horretaz ere jabetzeko?

Bai, dialektika hori existitzen da. Sarritan, patriarkatuak eta merkatuak interes berberak dituzte, eta zalantzan jartzen dituena neutralizatzen saiatzen dira. Baina inork ez zuen esan erraza izango zenik. Garrantzitsuagoa da topaketa eta mugimenduen bidez lortzea Marylin Fyrek autoritate semantikoa deitzen zuen hori; gizabanakoek, balio eta irudimen handia izan arren, ezin dute hori beren kabuz lortu, soilik beren baieztapenak praktika partekatu baten parte gisa entzuterakoan lor dezakete.

Zure eleberriak politikoak direla nabarmendu ohi da. Eleberria tresna bat izan daiteke sisteman aldaketak sortzeko?

Nobelen inguruan uste denari lotuta, Stendhalek jada azalpen hau eman behar izan zuen: «Arrazoi batengatik baino gehiagorengatik isildu nahiko genituzkeen gauza gogor eta zakarrez hitz egingo dugu, gure eremuan sartzen diren gertaerei heldu behar diegulako, pertsonaien bihotza baitute agertokitzat». Hori esatean, politikaz hitz egiten duten eleberriez ari zen. Isildu nahi luke erosoagoa delako, baina ez da isiltzen politika pertsonaien bihotzean gertatzen delako; ez da atzeko oihala: egin egiten gaitu, modu batean baino gehiagotan. Ez beti esplizituki, baina eraiki egiten gaitu. Hesituz gero, manikiak bezala geratuko dira pertsonaiak: agian mugituko dira, baina haien bihotzak ez du taupadarik egingo. Aldaketei dagokienez, ez dago ez egitaterik, ez ekintzarik, sortu ezin dituena; kontua da zer aldaketa mota egin behar diren.

Zer literatura beharko genuke garaiotan?

Izaki bakanak eta hilkorrak garela gogoraraziko digun literatura, eta hori oroitarazi ahala barre eginaraziko diguna, txundituko gaituena, eta dardara eragingo diguna, norantz, eta galeraren ondoren datorren astinaldiaren eta galdu behar ez denaren aurretik datorren ekintzaren bidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.