Donostiako 70. Zinemaldia. Zabaltegi-Tabakalera

Uraren indarra, barruan

Elena Lopez Rierak bere lehen film luzea ondu du, haurtzaroan izandako bizipenetatik tiraka : 'El agua'. Dokumental kutsua duten irudiak eta kondairak uztartu ditu

Elena Lopez Riera El agua pelikularen zuzendaria, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
Donostia
2022ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Atzera, haurtzarora, jauzi egin du Elena Lopez Rierak (Oriola, Valentzia, Herrialde Katalanak, 1982) bere lehen film luzea ontzeko, eta, 1987an Oriolan izan ziren uholdeetatik tiraka, haur denborako bere bizipenetan oinarritutako fikziozko pelikula bat egin du: El agua. Ana izeneko 17 urteko neska bat da protagonista; uda da, eta ibaiak gainezka egiteko arriskua dago. Hala, badago herrian uste edo kontakizun herrikoi bat, emakume baten desagerpena kontatzen duena, «ura barruan zuelako»; berarekin «eraman» zuen ibaiak, urak. Dokumental traza hartzen duten irudiak kondairekin nahastu ditu zuzendariak.

Lopezek azaldu duenez, haurra zela izandako uholdeen oroitzapenei eta horien inguruan zegoen «mitologiari» segika abiatu zuen proiektua: «Etxean istorioak kontatzen zizkidaten esplikaezina zena azaltzeko». Dokumental kutsua eta fantasia uztartzen ditu filmak, eta modu naturalean egiten du, begiratu batean bateraezinak diruditen arren: «Ez dakit oso ongi zergatik egin nuen horrela; nire errealitatea beti izan da halakoa. Apur bat kostatzen zait fantasia eta errealitatea edo azalpen mistikoak eta pragmatikoak bereiztea». Zuzendariari beti interesatu izan zaio herri literatura, eta hori da «transmititu» diotena: ipuinak, kondairak... «Filmak egiteko orduan, mundua ikusteko dudan modua da».

Hain zuzen, kondairak edo istorioak kontatzean jotzen du dokumental formara filmak, grabatzeko modua aldatuz, mugimendutik estatikotasunera; hainbat emakumeren testigantzak jasotzen dira. «Istorioak kontatzeko modu hori interesatzen zitzaidan, batez ere emakumeena; haiek kontatu zizkidaten istorioak, eta haiek hezi ninduten. Niretzat, emakume horiei omenaldi bat egiteko modua izan da, eta iruditzen zitzaidan formarik duinena aurrean kamera bat jarri eta haien hitzak jasotzea zela».

Uholdeetako benetako irudi batzuk ere ageri dira filmean. Uste du jazo zena kontatzeko modurik onena zela bertatik bertara bizi izan zutenen irudiekin islatzea. «Dokumentu baliotsua zela iruditzen zitzaidan». Kritiko ere agertu da: esan du ez dela ausazkoa halakoak gertatzea, eta klima larrialdiak hondamendi gehiago izatea eragingo duela.

Era berean, herritik alde egitearena da pelikulan presente dagoen beste ideia bat, bizimodu eta etorkizun «ustez» hobe baten bila; hainbat aldiz aipatzen den kontua da pertsonaien arteko elkarrizketetan. Modu horretara, «adin horretan» zuen desioa proiektatu nahi izan du: «Badago heldu izateko bidean garai hori, agian kanpoan zerbait hobea dagoen ustea, eta uste dut ideia hori komuna dela gaztaroan».

Lopezek adierazi du proiektua apurka joan dela «eboluzionatuz», eta aktoreen hautaketak, adibidez, luze jo ziela: «Ez dakizu noiz azalduko den gidoian duzun ideiarekin bat etorriko den pertsona. Maitasuna topatzea bezalakoa da; ez dakizu aste bat, urte bat edo hamar beharko dituzun. Proba asko egin genituen, eta, gero, lan asko egin genuen haiekin». Eratze prozesua «oso polita» izan dela dio.

El agua izan da Lopezen lehen film luzea, baina ez zinema munduan egindako aurrenekoa. Hiru film labur ditu ekoitziak: Pueblo (2015), Las vísveras (2016) eta Los que desean (2018). Zuzendariaren arabera, azken proiektuarekin jarraipena eman die aurreko lanei. Cannesko jaialdian estreinatu zuen, eta Zinemaldian da egunotan. «Ulertu nuen istorioak zuen garrantziak 20 edo 30 minutu baino gehiago behar zituela».

Zinema eskolekin lotua

2018ko Ikusmira Berriak programan hasi zen Lopezen azken lana forma hartzen, eta zinemagileak lotura estua du Elias Kerejeta Zine Eskolarekin. Tutorea da, eta proiektuen mentore gisa aritzen da. «Tabakalerako proiektu osoarekin dut harremana; askotan etorri naiz nire laburrak erakustera, tailerrak egitera...». Garrantzitsutzat jo ditu halako guneak. Bide batez, jendeari aretoetara itzultzeko deia ere egin dio: «Beste esperientzia bat dela uste dut, gauzak ikusteko beste modu bat».

Zinemaldian egotea «etxera itzultzea» izan dela azaldu du. Gustura dago: «Oso momentu zoriontsua da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.