KRITIKA. Zinema

Ertz berrien bila

Filmeko protagonistetako bat da Ramon Agirre. BERRIA.
Gontzal Agote.
2018ko urriaren 14a
00:00
Entzun

'Oreina'





Zuzendaria: Koldo Almandoz. Aktoreak: Laulad Ahmed Saleh, Patxi Bisquert, Ramon Agirre, Iraia Elias, Erika Olaizola. Herrialdea: Euskal Herria. Iraupena: 85 minutu.

Periferietan mugitzen den pelikula da Oreina. Paisaia aldetik, leku oniriko eta iradokitzailea da protagonista nagusietakoa den padura. Era berean, oso erreala da, industrialdeeneta landa eremuen intersekzio puntua delako, lurralde mestizo bat.

Herri baten iruditeriaren periferian ere kokatu behar da filma. Berdetasun idealizatutik urrun, egungo herri erreal baten ezaugarriak jasotzeko ahalegin kontziente bat dago: zerbitzuguneetan gertatzen diren eguneroko errutinak, egoeraz egoera aldatzen diren hizkuntza ohiturak, miseriak ezkutatzen dituzten bizimoduak...

Pertsonaiak ere periferia horretan mugituko dira. Ez dira bereziki bazterrekoak, baina giro horretan ezinbestean murgilduta, inguruaren erritmora mugitzen direla emanen du; bai ur lasaietatik doazenean eta bai trenaren edo autoen joan-etorri azkarraren gerizpean mugitzen direnean.

Eta, halakorik bada, euskal zinemaren barruan ere periferikoa da Oreina. Ertzak bilatuko ditu pelikulak, orain arte narrazioari eta pertsonaiei heltzeko moduan bestelako asmoak erakutsiz. Besteak beste, istorioak ireki eta ixteko beharrik ez du sentituko Almandozek; ikuslearen esku utziko du zeregin hori. Akaso gehiegitxo litzateke esatea Oreina mugarria denik —besteak beste, asko izan direlako oso denbora gutxian—, baina argi dago pelikulak bide bat zabaldu duela, ausarta, konplikatua, baina guztiz beharrezkoa dena euskaraz mintzo den zinemak eremu berriak bereganatu nahi baditu.

Azken ohar bat, filmaz harago doana. Argigarria da ikustea basoetan barna ihesetan ibili eta gaztelaniaz mintzo zen ikazkina nora ailegatu den. Oreina-n gazte baten ondoan ageri da, euskaraz ari dira eta kuskusa jaten. Bi irudi horien artean dagoen alegiazko zubiak gure zinemak egin duen bideaz hausnartzeko arrasto polita ematen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.