MAITE DUT MAITE... 'LA ESCALA DE MOHS'. Olatz Salvador. Musikaria

«Liburu honekin bizirik egotearen intentsitatea sentitzen dut»

Gata Cattana rap kantariaren 'La escala de mohs' poesia liburua aukeratu du Salvadorrek. Feminismotik eta mitologiatik gaur egungo gizartea aztertzen duelako zaio erakargarri.

JON URBE / FOKU.
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2020ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Poesia dezente irakurtzen du Olatz Salvadorrek (Donostia, 1990). Ez du asko atsegin poesia konplikatua, eta horregatik da berezia harentzat Gata Cattanaren La escala de mohs liburua. Ana Isabel Garcia Llorentek —egilearen benetako izena— poetatzat zuen gehiago bere burua rap kantaritzat baino. 26 urterekin hil zen, eta hori da haren liburu bakarra.

Zergatik aukeratu duzu liburu hau?

Liburu horrek zirrara handia eragin zidan. Gata Cattanaren istorioa ezagutu nuenean, motibazio berezi bat izan nuen haren unibertsoa deskubritzeko. Hasieratik harrapatu ninduen.

Nola deskubritu zenuen Gata Cattanaren liburua?

Lehenengo rap kantari bezala ezagutu nuen; geroago ,liburu bat zuela jakin nuen, eta irakurtzera animatu nintzen.

Zein da liburuko zure olerkirik gustukoena?

Con las manos [Eskuekin] olerkia da niretzat bereziena.

Zer transmititzen dizute liburuko olerkiek?

Benetakotasuna. Askotan sentitzen dut gizarte gisa apur bat anestesiaturik gaudela: oraina ez dugu merezi duen bezainbeste bizitzen. Liburu horrek, irakurtzen dudan bakoitzean, bizirik egotearen intentsitatea sentiarazten dit.

Egileak transmititzen duen hori zure letretan islatzen al duzu?

Saiatzen naiz. Azkenaldian idatzi ditudan kantetako batzuek izan dute lotura harekin; azken finean, irakurtzen eta entzuten duzun guztiak eragiten dizu.

Liburuan, gizarteari kritika egiten zaio feminismoaren ikuspegitik. Bat egiten al duzu egilearen aldarrikapen horrekin?

Bai. Gainera, olerki askotan pertsonaia mitologikoak sartzen ditu, eta horrek ikuspuntu epiko bat ere ematen dio. Nire ustez, indar poetiko berezia ematen dio.

Poesia irakurri ohi duzu?

Azken bolada honetan, bai. Ez zait poesia oso konplikatua gustatzen; ez zait hainbeste iristen. Gutxirekin asko transmititzen duten egileak bilatzen ditut gehienbat.

Azkenaldian beste poesia libururik irakurri al duzu?

Bai, adibidez, Oier Guillanen Elkartasun basatia. Horrez gain, hainbat liburu ditut gordeak, behin irakurri ondoren berriro kontsultatzen ditudanak.

Liburuak behin baino gehiagotan irakurtzen dituenetakoa zara?

Poesiaren kasuan, gustatzen zaizkidan olerkiak apuntatzekoa naiz. Askotan, markatutako olerki bat irakurtzeak nire barneko inspirazioa mugitzeko balio izaten dit.

Orain zertan zabiltza buru-belarri?

Disko berri bat prestatzen ari naiz. Urrian grabatuko dugu, eta aurreko asteburuan estudioan egon ginen abesti guztiak errepasatzen. Beste lan batzuk izaten ere saiatzen naiz: kontzertu batzuk ematen ari naiz, Skakeitan taldearekin gauzak prestatzen ari naiz, irratian kolaboratzen dut... Musikarien elkartea berriro aktibatzen ari gara, musikarien eskubide batzuk duindu nahian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.