MAITE DUT MAITE... UDAKO KANTU BILDUMA. Manex Agirre. Bertsolaria

«Udan bizitakoek ekarri dizkidaten kantuen zerrenda bat da»

Kantu bakoitza momentu batekin lotzen dute askok; Agirreri, berriz, momentu bakoitzak dakarkio kantu bat. Abestien aukeraketa «bizi erritmoarekin lotuta» dagoelakoan dago.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
jone arruabarrena
Aramaio
2020ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Manex Agirre (Aramaio, Araba, 1982) ez da kantu bakar batekin konformatzen den horietakoa. Abestien zerrendak egin, eta bata bestearen atzetik entzutea du nahiago; nahasketa bereziak sortuz. «Udako kantu bilduma» deitu dion zerrenda osatu du: Itoizen Lanbrora, Derby Motoreta´s & Burrito Cachimbaren El Valle, J Martinaren Su, Los Estanques taldearen Soy español pero tengo un kebab, Arboretum-en How deep it goes eta Martin eta Egañazpiren Fox .

Zergatik zerrenda bat, kantu bakar bat aukeratu beharrean?

Gauza berriak deskubritzea gustatzen zait, eta gero hortik emaitza bat ateratzea, norberarentzako zer edo zer geratzea. Konfinamendua hasi zenean, lagun pare batekin Telegram talde bat egin genuen, nolabait itxialdia alaitzeko, eta talde horretara egunero bakoitzak kantu bat bidaltzen dugu. Aholkulari onak edukitzea beti dago ondo, beste mundu batzuk deskubritzeko aukera ematen baitizu. Beraz, hortik sortu zen kantu bilduma baten ideia.

Batzuk berriak dira, beste batzuk zaharrak, estilo oso ezberdinetakoak... Zer zentzu daukate kantu horiek guztiek batera?

Berez, elkarrekin ez daukate lotura handirik. Pare bat daude oso gauza arraroak direnak; Caceresen [Espainia] egon gara oporretan, eta bertara gindoazela, irratian entzundakoak dira. Trikitiaren diskoa—bertan dago Martin eta Egañazpiren kantua— aspalditik neukan etxean, baina duela hiru edo lau aste ekarri nuen gogora berriro; eta gero ezin burutik kendu. Itoitzen kantuari dagokionez, Mutrikura [Gipuzkoa] egunpasa joan ginen egun batean gogoratu nuen taldekideak inguru horretakoak zirela, eta berriro entzuten hasi nintzen. Esan liteke udan bizitakoek ekarri dizkidaten kanten zerrenda bat dela.

Kantuak euskaraz, gazteleraz eta ingelesez aukeratu dituzu. Zergatik zehazki hizkuntza horietan?

Nik nire bizimoduarekin eta bizi naizen erritmoekin ulertzen dut hori. Agian testuinguru batzuetan errazagoa da Warnerren azken superprodukzioa entzutea eta ez ohartzea zure ondoko auzoan trap-a egiten duen ez dakit zer artista dagoela. Norberak aukerak egiten ditu. Zuk baldin badaukazu kontzientzia bat; ez itxitasun bat, baizik eta zure inguruan zer mugitzen ari den jakiteko kontzientzia bat, horrek aberastu egiten zaitu, nire ustez. Zerrendan euskarazko kantu gehiago egotea nahi gabe egindako gauza bat da, baina non bizi naizen ikusita, normala da. Aukeraketa inkontzientea da, baina berez norberak badaki zergatik.

Zer eragiten dizute zerrendako kantuek?

Martin eta Egañazpiren kantua oso gustuko dut; beti esaten dut kantu hori nire hiletan jartzea nahi dudala. J Martinaren abestiari dagokionez, musika estilo horretara ez nago batere ohituta, oso zahar sentitzen naiz. Hala ere, kantu hau oso ona iruditzen zait. Estetikoki oso landua dago, eta, gainera, zintzoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.