Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Arantxa Hirigoien. Artista

«Ikusi dut gauza gutirekin anitz pasarazten ahal dela»

'Ttinka' disko-liburua plazaratu du Hirigoienek, Filip Albor eta Amaia Karrerekin batera.Ttipitik «on» denez kantuak eta ipuinak euskaraz entzutea, haurren beharretara egokitu dute obra.
Filip Albor, Amaia Karrere eta Arantxa Hirigoien, <em>Ttinka</em> disko-liburuaren egileak.
Filip Albor, Amaia Karrere eta Arantxa Hirigoien, Ttinka disko-liburuaren egileak. MATHIEU HARANBURU/ BELARRI Tamaina handiagoan ikusi

Ainize Madariaga -

2022ko abenduak 4

Ttinka (Belarri diskoetxea) disko-liburua karrikaratu berri dute Arantxa Hirigoien, Filip Albor eta Amaia Karrerek, baina artista frankok ere parte hartu du. 0-7 urte arteko haurrentzat pentsatua da, hizkuntza lantzeko «beharrezkoak diren tresnak» emateko. Baliteke hirukoteak ikusgarria ere muntatzea gerora.

Zein da Ttinkaren nortasun agiria?

Kantuen erdiak sorkuntzak dira, berri-berriak; besteak, berriz, duela hogei bat urte Haurrock taldean sortu genituenak, eta ezagun egin direnak.

Zureak dira hitzak.

Hori da, eta grabaketan ere parte hartu dut; Filipek musikatu du. Guretzat berria dena da Amaiak kantu guziak ilustratu izana.

24 kantuko obra luzea da.

Kantu aski laburrak direnez, fite pasatzen da.

Nondik jin zaizue beharra obra adin tarte horrentzat bereziki prestatzeko?

Badu hogei bat urte Filipe eta biok sustut haurren inguruan lanean ari garela; Haurrock taldea sortu genuen orduan. Duela bi urte TruKa truk ikuskizuna abiatzean, pentsatu genuen: «Zertarako ez haratago joan ?». Uste dut entzuleria berezia dela; on da euskarazko kantuak eta ipuintxoak ttipitik entzutea.

Zertan ikusten da gazteenentzat direla kantu hauek?

Hizkuntza lantzeko beharrezkoak diren tresnak ematen dituzte: motzak dira, errimadunak; aise gogoz ikasten ahal dira. Batzuk esku jokoak dira. Ongi egokituak dira: memorizazio ariketak erraz egin daitezkeelako, kuriositatea piztu, jakin-mina...

Non dute iturburua gaiek?

Eguneroko gauzetatik abiatuz ateratako gaiak dira: animaliak, eguraldia, zenbakiak, koloreak, emozioak, gorputza... Gauza xumeak dira, baina baliagarriak; ttipiengan tirria piztuko dute agian! Eta euskara maitarazi ere bai!

Kantuak mintzo direa?

Bai! Ez dugu nehongo irakaspenik eman nahi, baina badira pasarazi nahi ditugun mezu batzuk. Adibidez, kultura aniztasuna, partekatzea, zubiak tindatuz kolore anitzeko mundu bat nahi dugula...

Entzuleak irudikatzen dituzua idaztean?

Ezberdinki idazten da adin batentzat edo beste batentzat. TruKa truk ematen ibili gara haurtzaindegietan, eta ikusi dut gauza gutirekin anitz pasarazten ahal dela. Nik uste funtzionatuko duela.

Nola txirikordatu duzue norberaren artea?

Gogoetatzen hasiak gara ikuskizuna muntatzeko: usaiako gure kantua, musika eta ipuin kontaketaz gain, ikusiko dugu marrazketa nola sartuko dugun. Atzoko aurkezpenean, Uztaritzen [Lapurdi], Amaia zuzenean aritu zen, adibidez, eta Haurrock taldeko kideak ere hor ziren...

Ttinka pertsonaiak besarkatzen ditua diskoko kantu guziak?

Ez diogu izenik eman Amaiak sortu duen pertsonaiari, baina Ttinka deitu daiteke. Ez ditu kantuak lotzen, baina kantu guzietan dago. Haurrei egiten diegun besarkada hori da ttinka; beraz, egokia da adin tarte horretarako ere. Egunero eman behar dira ttinka anitz!

Sei eskuk baino gehiagok obratu dute lan hau.

Xantza izan dugu, bai! Joseba Tapiak lagundu baikaitu eskusoinuaz, Mixel Ducauk gitarraz eta saxofoi sopranoaz, Old School Funky Familyko Pierre Latutek helikoiaz eta Francesca DiNicolak harpaz. Bestalde, Gura Show taldeko Amaia Riouspeyrousek, Maider Zigarroak eta Maguy Mirandek kantatu dute, bai haien seme-alabek ere. Geureak ere aritu dira zenbaitetan. Belarri diskoetxeko Mathieu Haranburuk ere ongi lagundu gaitu. Biziki kontent gara, talde lana izan baita eta musika kalitate ona lortu baitugu.

Haurrendako, haurrekin.

Normala zaigu haurrek parte har dezaten, haientzat egina baita.

Zein emaitzarekin egonen zinateke satisfos?

Duela hogei urte sortu genituen kantu batzuk oraindik entzuten ditut, urtez urte segitzen dute. Plazer bera nuke Ttinka-rekin ere. Transmisioa inportantea da hizkuntza aldetik, baina baita kantu aldetik ere.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

«Besteez barre egiteari utzi behar diogu»

Unai Etxenausia

Konbentzituta dago Montalvo: arte eszenikoak ikuspegi feminista batetik abiatuz landu behar dira. Umorea feminismoarekin uztartzen duen formakuntza bat aurkeztuko du asteburuan, Ozetan.
Bego Viñuela kaligrafoa, <em>kaligrafia</em> hitza lumaz idazten, Bilboko bere estudioan. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Jokin Etxeberria, <em>Muak</em>-en. ©MUAK

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Ainize Madariaga

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...