Koronabirusa

Legea «hobetzeko» akordioa

Elkarrekin Podemos-IUk pandemiaren aurkako legea babestuko du, EAJ eta PSE-EErekin batera. Isunak urritu eta eskubideak «blindatzeko» era egin dutela diote. EH Bildu eta PP-C's aurka daude

Iñigo Urkullu lehendakaria eta Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko bozeramailea, Eusko Legebiltzarreko korridoreetan —artxiboko irudia—. J.R.BILBAO/ EFE.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2021eko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Bi aste barru onartuko du Eusko Legebiltzarrak pandemiaren aurkako legea, eta jatorrian baino babes zabalagoarekin egingo du aurrera. Izan ere, EAJk eta PSE-EEk Elkarrekin Podemos-IU taldea izango dute bidelagun lege proposamena aurrera ateratzeko. Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten taldeek eta Elkarrekin Podemos-IUk herenegun itxi zuten lege egitasmoaren inguruko akordioa, eta, atzo, haren berri eman zuten Eusko Legebiltzarrean. Azpimarratu zuten akordioari esker «hobetu» egingo dela jatorrizko testua, eta legeak «tresna egokiagoak» eskainiko dituela birusari aurre egiteko.

Akordioaren muina bi arlotan laburbildu daiteke: batetik, «murrizketa sakonak» egin dira lege proposamenak aurreikusten dituen isunen esparruan, eta, bestetik, oinarrizko eskubideak «blindatu» egin dira. Elkarrekin Podemos-IU taldeko bozeramaile Miren Gorrotxategik emandako azalpenen arabera, koalizioaren ekarpenei esker lortu da arau hausteengatik legeak aurreikusitako isunak «nabarmen gutxitzea», eta arau hauste bera egiteagatik isun handiagorik ez jasotzea. «Pedagogiaren alde egin behar dugu, eta ez zigorraren alde». Horrez gain, esan du oinarrizko eskubideak «blindatu» egingo direla akordioari esker; beraz, alarma egoeratik kanpo ezin izango da hartu oinarrizko eskubideak murriztuko dituen neurririk, Gorrotxategik jakinarazi zuenez. «Oinarrizko eskubideak arautzerakoan, proportzionaltasuna bermatuko da, betiere txosten zientifikoetan oinarriturik». Adostutako testuak «berme» gehiago emango ditu biltzeko eskubidea edota lan egiteko eskubidea erabiltzeko.

Bestelako «gobernantza eredu» baten alde ere egingo du legeak,eta gizarte zibilaren esku zenbait tresna jarriko dirapandemia arautzen duten organoetan parte har dezan. «Adibidez, hezkuntza komunitatea erabakiguneetan egon ahalko da ikastetxeak berriz itxi behar badira», Gorrotxategiren esanetan. Lortutako akordioaren beste gakoetako bat da Eusko Jaurlaritzak aldiro azalpenak eman beharko dituela legebiltzarrean bilakaera epidemiologikoak gizartean eta ekonomian dituen ondorioen inguruan.

Akordioaren garrantzia azpimarratu zuten atzo EAJk eta PSE-EEk, eta goratu egin zuten Elkarrekin Podemos-IUk adostasunerako erakutsitako prestasuna. Javier Telleria EAJko legebiltzarkidearen ustez, lan eredu «zintzoa, arduratsua eta eraikitzailea» izanda, eta, akordioari esker, legeak «segurtasun juridiko handiagoa» izango du.

Tramitazio bidean da lege egitasmoa Eusko Legebiltzarrean, eta taldeek ekarpenak egiteko era dute oraindik, hilaren 24an osoko bilkuran behin betiko onartu aurretik. EAJk eta PSEk uste dute badela denbora oraindik akordioa beste taldeetara zabaltzeko, nahiz eta kritiko agertu ziren PP-C's-k eta Voxek agertutako jarrera «itxiarekin».EH Bilduri aurpegiratu zioten negoziatzeko borondaterik agertu ez izana, baina akordiora batzeko eskua luzatu eta ekarpenak mahai gainean jartzeko eskatu zioten.

«Aterki juridiko ahulegia»

EH Bildurentzat, ordea,«aterki juridiko ahulegia» du lortutako akordioak, eta, horregatik,72 zuzenketa aurkeztu dizkio lege proposamenari. Koalizioak uste du «epe motzeko» begirada duela proiektuak, ez duelako neurririk planteatzen izurriaren kalte ekonomikoak eta sozialak leuntzeko, ez eta ongizate eta osasun arloko zerbitzu publikoak indartzeko ere. Horiek horrela, helburu bikoitza dute zuzenketek, Maddalen Iriartek eta Rebeka Uberak azaldu zutenez: osasun sistema publikoa «ondo egituratzea» osasun larrialdiei erantzun egokia emateko, eta herritarren «zaintza eta babesa» bermatzea. Besteak beste, EH Bilduk proposatu du Labi teknikoa organo«independente» bat izatea,askotariko alorretako teknikari eta adituek osatutakoa, eta Labiren Aholku Batzordea desagertzea.

Eskaera bera egin du PP-C's alderdiak zuzenketa batean: Labiren Aholku Batzordearen ordez, aditu independenteek osatutako batzorde bat osatzeko eskatu du. Koalizioak ehundik gora zuzenketa aurkeztu dizkio lege egitasmoari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.