Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Parte hartzea

Posta bidez bozkatzeko epea luzatu dute, eskaera guztiei erantzuteko

Gaurko 14:00ak arte zabaldu dute atzoko 22:00etan bukatzen zen tartea, ahalik eta eskaera gehien bihur daitezen boto. Bozetara uztailean eta abuztuan deitzea debekatuko duela hitzeman du Feijook

Postari bat Correosen bulego batera sartzen egunotan. DAVID A. SINTES / EFE.
xabier martin
2023ko uztailaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Correosek Hego Euskal Herrian dituen bulego gehienetan atzo tantaka jaso ziren posta bidez bozkatzea aukeratu duten hautesleen botoak. Bulegoetan egon diren ilarak atzean geratu dira, baina Correosek formula horren bidez bozkatzeko epea luzatzeko eskatu dio Espainiako Hauteskunde Batzordeari, eta hark baimendu egin du gaurko 14:00ak arte zabaltzea atzoko 22:00etan bukatzen zen epea.

Ez dadila izan ez direlako erraztasun guztiak eman. Posta kudeatzen duen Espainiako enpresa publikoak ez du nahi haren jardunaren gaineko zalantza gehiago sortzea, eta, alderdiek eskatu aurretik, Correosek berak eskatu dio luzapena batzordeari; Voxek ere egin du eskaera hori, bere alea jartzeko PPk boto horien inguruan zabaldutako zalantza giroari.

Posta bidezko botoa izugarri handitu da, ez alferrik, uztailaren 23ko bozetan; baina aurreko bozetan ere ohikoa izan da epeak luzatzeko eskaerak egin eta baimentzea, sarritan alderdiek halaeskatuta. Oraingoan, berriz, eskaera jasotzeko helbide bat adierazi eta boto paperak jasotzeko beste bat adierazi duten herritarrei erantzuteko eskatu du luzapena Espainiako posta zerbitzuak. Hala, 654 bulego egon ziren atzo 22:00ak arte irekita; egunero 20:00ak arte irekita egoten direnak izan ziren, nagusiki. Era berean, ordea, adierazi dute ezingo litzatekeela epea luzatu ostiraleko 14:00etatik aurrera, ezingo litzatekeelako bermatu boto guztiak hauteskunde egunerako garaiz iristea.

Baina Correos albiste da kanpaina hasieratik, PPko presidente eta hautagai Alberto Nuñez Feijoo iradokitzen ari baita enpresa publikoa oztopatzen ari dela posta bidezko botoa, parte hartzeari kalte egiteko; parte hartze handi batek bere aldeko garaipena ekarriko diola helarazita, bide batez. Haatik, Correosen jadanik ez dago arazo handi-handirik, hain zuzen, posta bidez bozkatzeko eskaera guztiak kudeatzeko.

Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan postaz bozkatzeko hautua egin dutenen artean 230.000 falta ziren atzo goizean bozkatu gabe, horietako batzuk Hego Euskal Herrian, baina Correosek ez du ezagutarazi kopuru zehatza. Enpresa publiko horrek2,6 milioi eskaera jaso ditu guztira, eta horien %91 legezko boto bihurtuak dira jada. Hegoaldean, 262.132 eskaera egin dira, eta, honezkero, esan daiteke posta bidezko boto kopurua inoizko handiena izango dela, nahiz eta ez den eskaeren kopuru horretara iritsiko.

Feijooren debekua

Horiek horrela, 170.000 eskaera daude bulegoetan jaso gabe, enpresa publikoak jakitera eman duenez. 14:00ak arte kopuru hori apalduko dela aurreikus daiteke, baina ez erabat. Gauza bat delako posta bidezko eskaera egitea, eta bestea, posta bidez bozkatzea. Beti geratzen da eskaeren portzentaje bat boto bihurtu gabe. Edo beste era batera esanda: beti dira gehiago posta bidezko eskaerak posta bidezko botoak baino, hauteskunde deialdi guztietan.

Datu horiek ezagunak badira ere, Feijook berak eragindako Correosen auziaren haritik tiraka jarraitu zuen atzo PPko hautagaiak: hauteskundeetara uztailean eta abuztuan deitzea debekatuko duela hitzeman zuen, «ez delako zentzuzkoa»; lege bat onartuko du Espainiako gobernuburu bada, bozetarako deialdiak ez daitezen udan egin. «Klima aldaketak beroaldiak ekarri ditu», esan zuen. Uztailaren 12an deitu zituen Feijook berak Galiziako bozetara, 2020an, pandemiaren gordinean; agian horregatik erantsi du debeku posible horrek «aparteko beharren» salbuespena jasoko lukeela. Batera edo bestera, PPko hautagaiak Correosen auzia hauspotu du atzera.

Pedro Sanchez PSOEko hautagai eta egungo gobernuburuak, berriz, «garrantzitsutzat» jo du epea luzatzea, «azken minutura arte bultzatzeko parte hartzea». Hura ere parte hartze handia eskatzen ari da, azken bozetan alderdi progresisten aldekoa izan delakoan abstentzioan geratu zen botoaren zatirik handiena, maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetan.

Lasterketa bukatzen

Politikarien adierazpenetatik harago, Correoseko langileek jardunean jarraituko dute gaur. Lasarte-Oriako bulegoan (Gipuzkoa) lasai antzean ari ziren atzo eguerdian, botoak «tantaka» jasotzen. «Baina aurreko egunetan jardun handia eduki dugu», esan zuen langile batek, argitu aurretik ez dietela uzten adierazpenik egiten. Sarrera nagusiko alboko garajean, berriz, motoan iritsitako bi postari motoen kutxak husten ari ziren: «Oraintxe bukatu dugu, listo!», erantzun zuen batek, oraindik ere botoa emateko agiriak banatu behar ote zituzten galdetuta.

Correos uztailaren 3an hasi zen boto paperak entregatzen eskaera egindako herritarrei. Lasterketa baten modukoa izan da eskaera horiek guztiak garaiz banatzea. Herritarrek, berriz, gaur arteko tartea dute botoa egoitza batean aurkezteko, 14:00ak arte. Sindikatuen kexuen ondoren, postaz arduratzen den enpresa publikoak 1.584 langile kontratatu ditu Hego Euskal Herrian, hauteskunde prozesuan laguntzeko. Era berean, bulegoetako ordutegiak luzatu ditu, eta asteburuetan ere ireki ditu lau lurraldeetako zenbait bulego.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.