Euskal Herriko bake prozesua babestuko du Kataluniako Parlamentuak

Foro Sozialak erronda egin du alderdiekin, eta bilera Torrent presidentearekin. Diotenez, «argi geratu» da gehiengo zabal baten babesa

Teresa Toda eta Agus Hernan, atzo, Roger Torrentekin. BERRIA.
Erredakzioa
2018ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
«Kataluniako Parlamentuko gehiengo zabal batek Euskal Herriko bakearen aldeko egitasmo bat babestuko du». Horixe da Foro Sozial Iraunkorreko kideek hango alderdiekin egindako errondatik ateratako ondorio nagusia. Agus Hernan eta Teresa Toda bozeramaileek egin dituzte bilerak Junts per Catalunya, PSC, CUP, ERC, Catalunya En Comu Podem eta CUP alderdiekin, eta baita CCOO eta UGT sindikatuekin ere. Atzo amaitu zuten bi eguneko erronda, parlamentuko presidente Roger Torrentekin egindako bilerarekin. Haien ustez, «argi geratu da» Euskal Herriko bake prozesuari babesa emateko «gehiengo zabal batek» erakutsitako borondatea.

Bartzelonako Udalak joan den ekainaren 29an onartu zuen Euskal Herriko Bakearen Aldeko Adierazpena —han jasotzen da, besteak beste, «Euskal Herriko bizikidetzarako giza eskubideen babesa ardatz nagusitzat eta erreferentzia bakartzat hartzea», baita giza eskubideen urraketak «ez errepikatzeko bakearen kultura sustatzea ere»—. Gehiengo zabal batekin onartu zen hura, eta haren edukiak eta prozedura Kataluniako Parlamentuko alderdiei eta presidenteari aurkeztea izan da Foro Sozial Iraunkorreko kideen helburua. «Parlamentuan ere onartzeko aukerak aztertu ditugu», nabarmendu dute.

Eta erantzuna positiboa izan den arren, ez dute zehaztu noiz eta nola egingo den adierazpen hori babesteko urratsa. Foro Sozial Iraunkorrak argi dauka ETA desagertu ostean Espainiako Gobernuko presidentea, PSOE eta beste eragile garrantzitsu batzuk espetxe politika egokitzearen alde agertu direla, «eta egokitzapen horretarako EAEko eta Nafarroako gehiengo politiko, sozial eta sindikalaren babesa izango dutela badakite». Nabarmendu dute presoek pausoak emateko borondatea publiko egin dutela, «erantzukizunez eta egindako mina aitortuz».

Baina badakite Euskal Herrian sortu den agertoki berria «ez dela ondo ulertzen» Espainian. Hori dela eta, aurreikusten dute «sektore batzuk» espetxe politikaren aldaketa «oztopatzen» saiatuko direla. Eta iragarri dute Bartzelonan eta Katalunian hasitako bidea Espainiako beste leku batzuetara eramango dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.