martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Hitz egitera eseri, zertarako?

2019ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Arrakasta handiko erantzun indartsuak eman dizkio Kataluniako independentziazaletasunak Espainiako Auzitegi Gorenak prozesuari buruz astelehenean eman zuen epaiari. Etorriko dira gehiago, jendetsuak batzuk eta irudimentsuak besteak, asko baitira Katalunian, independentziazaleak izan edo ez, prest ez daudenak ezer gertatu ez balitz bezala etxean, eskolan, lantegian... geratzeko. Bizi diren gizartearen kalitate politikoak batzen eta kezkatzen ditu, bakoitzak eduki lezakeen herri proiektuaren gainetik.

Katalunian orain arte bezalatsu bizitzen segitu nahi dutenek arazo larria daukate taxuzko eskaintza alternatiboa egiteko, estatu egituren aldetik ikusten duten eskaintza bakarra indarra eta errepresioa delako. Eta, nahiko egurra eman eta gero, gozagarri gisa, elkarrizketarako mahaia.

2010etik gaurdaino ikusitakoak, eta jasandakoak, kontuan hartuta, zertarako eseri behar dute mahai baten bueltan Kataluniako independentziazaleek Espainiako Gobernuarekin? Azken horiek Kataluniako auzia aipatzen duten aldiro Espainiako Konstituzioaren muga jartzen dutenez, zer zentzu dauka hizketaldia hasteak? Horretarako, nahikoa da edozein egunetan egunkariak irakurtzea.

Nik, Vicent, ez ditut Kataluniako independentziazale guztiak ezagutzen, asko eta asko direlako, estatu egituren zoritxarrerako. Baina nago ezagutzen ditudanetatik bakar bat ere ez dagoela prest Parisko kafetegi klasikoetako mahaiak baino estuagoak diren mahai politikoetan esertzeko. Madrilek artifizialki luzatu nahiko lukeen elkarrizketa prozesu horretan independentziazaleek parte hartzeko arrazoi bakarra galdeketa baten baldintzak adostea litzateke.

Ez Espainiako Konstituzioaren pergaminozko kopia bat jasotzea opari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.