Torrealdairen omenezko ekitaldi bat egingo dute haren heriotzaren urteurrenean

Ostiralean oroituko dute 'Jakin' aldizkariko zuzendari eta 'Euskaldunon Egunkaria'-ren administrazio kontseiluko buru izandakoa, Martin Ugalden

Joan Mari Torrealdairi omenaldia egingo diote hurrengo ostiralean. JON URBE / FOKU.
Iñaki Agirre Perez.
2021eko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Uztailaren 31n urte bat beteko da Joan Mari Torrealdai kazetari, idazle eta euskaltzalea zendu zenetik, eta hura gogoratu eta egin zituen ekarpenak balioan jartze aldera, bidelagun izandakoek omenaldi berezia egingo diote datorren ostiralean, Andoaingo (Gipuzkoa) Martin Ugalde parkean. Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendariak adierazi du omenaldi bat «zor» ziotela Torrealdairi: «Joan Mari hil zenean ezin izan genuen ezer antolatu, COVID garaian ginelako eta orduan askoz konplikatuagoa egiten zitzaigulako, eta, horregatik, urteurrenerako utzi genuen, nolabait pendiente geratu zelako».

Hala, Jakin aldizkariko zuzendari eta Euskaldunon Egunkaria-ren sortzaile eta bere administrazio kontseiluko lehendakari izandakoa bi hedabideen egoitza den kultur parkean omenduko dute. «Torrealdaik berak, hil aurretik, esan zigun zerbait egin behar bagenion Martin Ugalden egiteko, parkearen proiektuan ere parte hartu zuelako, eta nolabait bere etxe sentitzen zuelako», azaldu du Agirrek.

Eguneko egitaraua bi zatitan banatu dute. Goizean, 10:00etatik 13:00etara bitarte, jardunaldi bat egingo dute Torrealdaik arlo profesionalean eginiko ekarpenetako batzuk errepasatzeko, «bere pentsamendua eta bere praktika aztertu, ezagutzera eman eta etorkizunera begira jartzeko helburuarekin», Jakin-eko zuzendariaren arabera.

Jardunaldia lau hitzalditan banatuko da: Dabid Anaut euskal filologoak Torrealdai: euskara eta euskalgintza hitzaldia emango du; Xabier Eizagirre Jakin-eko erredakzio buruak, Torrealdai: liburugintzaren ikerketa; Lourdes Otaegi EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saileko irakasleak, Torrealdai: liburua eta zentsura, eta Imanol Murua EHUko Kazetaritza II Saileko irakasle eta Jakin taldeko kideak, Torrealdai: euskal kazetaritza.

Arratsaldean, berriz, eskertzerako eta oroimenerako ekitaldia egingo dute, 17:30etik aurrera. Agirrek azaldu duenez, omenaldi «xume, herrikoi eta goxoa» izango da, Torrealdai ezagutu eta estimuan izan zutenak bilduko dituena.

Ekitaldian, Torrealdairen lankide, lagun eta senideen hitzartzeek osatuko dute omenaldia, Agirre beraren, Paulo Agirrebaltzategiren, Mikel Agirrezabalagaren eta Garazi Torrealdai alabaren mezuekin. Hitzartze bakoitzaren artean, berriz, musika eta bertsoak izango dira: Mikel Urdangarin, Manex Torrealdai, Kattalin Zubizarreta, Andoni Egaña eta Oihana Iguaran ariko dira. Omenaldia parkearen lorategian egingo dute, eta irekia izango da, edukiera mugatuaren arabera jarritako aulki guztiak bete arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.