Ikasle faltan daude irakasleak

Matrikulazioaren jaitsieraren ondorioz itxi egingo dituzte Ondarroako Txomin Agirre eta Donostiako Claret ikastetxeak. Datozen urteetan horrelako kasu gehiago ere gerta daitezke.

Ondarroako Txomin Agirre ikastolak abuztuaren 31n itxiko ditu ateak. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2019ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Arrazoi bakarra egon da: matrikulazio jaitsiera». 50 urteko ibilbidearen ondoren, datorren abuztuaren 31n behin betiko itxiko ditu ateak Ondarroako (Bizkaia) Txomin Agirre ikastolak. Izenean ikastola hitza eroan arren, ez da Ikastolen Elkarteko kide, baizik eta Elizbarrutiko Ikastetxeetakoa; baita EIB Eusko Ikastola Batzakoa ere. Duela lau urte iritsi zen zentroko zuzendaritzara Alaine Solabarrieta. «Ez da fenomeno berria. Gure ikastetxean duela 30 urte hasi ginen ikasleak galtzen». Eginahalak egin dituzte aurrera jarraitu ahal izateko, baina jadanik eskola ez da «bideragarria». Maila ezberdinetako ikasleak ikasgela berean bildu dituzte azken urteetan, «metodologia berritzaileak» erabilita. Baina kasu askotan ez dira iristen ikasgela bat zabalik edukitzeko behar den gutxieneko ikasle kopurura —hamazazpi—.

«Ondarroan urtean ez dira 50 haur ere jaiotzen; oso gutxi dira hiru zentrorentzat. Ez dago umerik», ohartarazi du. Baina irakasleak, bai. Familiek ez ezik, irakasleek eta gainontzeko langileek ere osatzen dute Txomin Agirreko komunitatea. Batzuek erretiratu ahala, berriak sartu dira. Gaur egun 28 behargin dira. Zer gertatuko da eurekin? Bildu dira sindikatuekin eta abokatuekin. Baina oraindik ez da erabakirik hartu. «Lehenengo, ikasleena konpondu nahi izan dugu, eta hurrengoa izango da irakasleena. Maiatzean izango da». Langileei Elizbarrutiko Ikastetxeetan beste lan bat eman dietela esan du.

Bilboko Elizbarrutia da eskola horien jabea. Markina-Xemeingo Bera Kruz ikastola da gertuen duen zentroa. «Ondarroa leku guztietatik aparte dago. Irakasle gehienak hemen bizi gara. Markinan ez dago gehiagorentzako lekurik. Eta guretzat urruti geratzen dira Bilboko ikastetxeak, hara egunero joateko. Ikusiko da zer gertatzen den. Bakoitzak ikusiko du zer komeni zaion». Esan du hainbatek sare publikoko oposizioetan izena eman dutela, gertuago lana topatuko duten itxaropenez. Aitortu du badakitela Elizbarrutiko Ikastetxeetan ez dela denentzat lekua egongo. «Ez gara matrikulazioan behera egin dugun bakarrak, eta Ondarroa ez da jaiotza tasa gero eta txikiagoa duen bakarra».

Abenduan iragarri zuen Donostiako Claret ikastolak 91 urteko ibilbideari amaiera emango diola —Mariaren Bihotza zen 2016ra arte—. Kristau Eskolako kide da, baita EIBkoa ere. 200 ikasle ditu, eta hurrengo ikasturtean maila jakin batzuetan baino ez ditu emango eskolak. Seguruenik 2019-2020koa izango duteazken ikasturtea claretarren ordenako ikastetxean; Eusko Jaurlaritzarekin negoziatzen ari da ikasgela horientzako ituna.

Ondarroako eskolak 3 eta 16 urte arteko 160 ikasle ditu egun. Datorren ikasturterako ia denek egina dute matrikula: edo Ondarroan dauden beste bi zentroetako batean, edo Markina-Xemeingo Bera Kruz ikastolan. Gaur egun, sei ume geratzen dira Txomin Agirren matrikulatuta. Horietatik hiru neba-arrebak dira, eta udan atzerrira joango dira. Beste hirurak uztailean sartuko dira Ondarroako eskolaren batean. «Zorionez, familia guztiek nahi izan duten ikastetxean matrikulatu dituzte umeak; alde horretatik, oso pozik gaude».

Azken bost urteetan %8 jaitsi da matrikulazioa Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskoletan. Adituek uste dute datozen urteetan antzeko joera izango dela. Biztanleriaren piramideak hautsi egingo du eskaintzaren eta eskariaren arteko oreka. Eskola gehiegi egongo da aurki. Eta sindikatuek ez dute enplegua suntsitzerik nahi. Hain zuzen, hori da Kristau Eskolako lan gatazkan konpondu ezinik dabiltzan arazoetako bat. «Afiliatuek argi esaten digute: soldatan baino indar handiagoa egin enpleguari eusteko neurrietan», aitortu du Aitor Nuñez LAB sindikatuko Hezkuntza arduradunak. Haren esanetan, Ikastolen Elkartean lortu dute nolabaiteko konponbidea ematea: ikastola batean «sobera» egon daitezkeen irakasleak beste batean jartzen dituzte. «Hori hitzartu genuenetik, ez da enplegurik suntsitu».

Bermeen premia

Kristau Eskolako gatazkan ere hori da sindikatuen helburua: enpleguari eusteko plan bat. Joan den asteko negoziazio mahaiaren bileran, patronalak lan itun berrian txertatuko litzatekeen plan bat adosteko «konpromisoa» proposatu zuen. «Lanpostuen %100 mantentzea» da helburua, patronaleko zuzendari Mikel Ormazabal esanetan. Baina sindikatuek gehiago nahi zuten. «Konpromisoa baino gehiago behar dugu lan itun bat sinatzeko. Egutegi bat behar da, plangintza bat, noiz hasiko den, nola egingo den, eta, batez ere, adostuko den hori beteko den bermea». Segurtasun falta hori egotzi zioten Eusko Jaurlaritzari ere.

Kristau Eskolako eta IZEAko lan gatazka «konpontzen laguntzeko», itunpeko sare osoan enplegua mantentzeko neurri bi proposatu zituen Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak martxoaren 21ean: batetik, patronal bakoitzean lan poltsa bat sortu gura du, eta, bestetik, errelebo kontratuak sustatu nahi ditu, lantaldeak gaztetzeko. Miren Zubizarreta ELAko Hezkuntza arloko arduradunak uste du horrek ez duela enplegua bermatzen. Gainera, kalitatea «okertuko» dela ohartarazi du. «Errelebo kontratuetan lanaldi erdiak eskaintzen dira, eta ez da bermatzen kontratu finkoak izango direnik».

Lekualdatzeak patronal bereko zentroen artean egitea da aldarrikapena. Baina nahikoa izango al da? Matrikulazioak jaisten jarraituz gero, eskola guztiek izan ditzakete behar baino irakasle gehiago. «Ikastoletan oraingoz baliagarria da, baina ez dakigu noiz arte», aitortu du Nuñezek. «Arazo itzela datorkigu aurretik, eta, era berean, erronka polita».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.