Euskal Hirigune Elkargoak apirilaren 13an bozkatuko du 2019ko aurrekontua

327 milioiko gastua aurreikusi dute elkargoaren funtzionamendurako eta 21 politika publikoetarako. Fiskalitatea ez dute aldatuko, oraingoz

Euskal Elkargoko hautetsiak, otsail hasieran egin zuten batzarrean, Baionan. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
<i>Baiona</i>
2019ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Bi urtez instituzioa martxan emateko lanetan aritu ondotik, dagozkion eskumenen araberako lehen aurrekontua bozkatuko du Euskal Hirigune Elkargoak heldu den apirilaren 13an eginen duen bilkuran. Elkargo batzarreko 233 hautetsiei atzo aurkeztu zieten proposamena, 123 orrialdeko txosten mardula; ez zuen oposizio nabarmenik eragin. 327 milioi euroko gastua aurreikusi dute elkargoaren funtzionamendurako eta 21 politika publikoetarako.

Esker mezuekin hasi zuen saioa Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak, azpimarratuta lehendakariordeak, kontseilari delegatuak eta batzorde tematikoak elkarlanean aritu direla aurrekontu proposamena osatzeko. «Herritarrek tokian tokiko demokraziaren nahia erakusten duten momentu berean, [Ipar] Euskal Herriak sistema berri bat sortzeko bere gaitasuna erakutsi du beste behin; neurrira egindako sistema irekia», adierazi zuen.

Pixkanaka instituzioaren markak hartzen ari direla nabarmendu zuen, eta, ondorioz, politika publikoak herritar guziengana iristeko lan egiten ari direla. «Nork erran lezake gure politika publikoen hartzaile ez denik? [Ipar] Euskal Herriko herri eta herritar guzientzat ari gara». Hala, elkargoak bere gain hartu dituen gastu anitz herriko etxeek ez dituzte gehiago hartu beharko, eta beste gastu batzuek onura zuzenak emanen dizkie, Etxegarairen hitzetan.

Euskal Elkargoaren finantzak egoera onean direla errepikatu zuen behin eta berriz: «Gure aurrezkia nabarmen emendatu da, zorra apaldu dugu, eta diru sarrerak hobetzen ari dira». 2019ko aurrekontuarekin hartutako engaiamenduak atxikiko dituztela baieztatu zuen, halaber, Euskal Elkargoko lehendakariak, ez baitute fiskalitatea ukituko. «Oraingoz, fiskalitatea ez dugu ukituko; ulertu dut ez dela ukitzerik nahi. Baina, ondorioz, mugatuak izanen gara. Politikak adostu ditugu, baina orain erabakiak hartu beharko ditugu; dena ezingo dugu egin».

2019. urtean, tokiko ekonomiarentzat eta enplegu sortzeari begira «motor» lana egiten segituko du Euskal Elkargoak, Etxegarairen hitzetan; herriko etxeen «ekintzarekin elkarlanean».

Parekidetasuna

Euskal Elkargoaren aurrekontua ez zen izan atzoko batzarrean aipatu zuten gai bakarra. Gizonen eta emazteen arteko berdintasunari buruzko txosten bat aurkeztu zuen Maider Behotegik, giza baliabideen lehendakariordeak. Argazki iluna aurkeztu zuen; elkargoko langileen artean gutxiengoa dira emakumezkoak: 414 dira, eta 509 gizonezko daude. Gainera, gizonezkoek emakumezkoek baino lansari hobea dute, oro har. 1.741 eurokoa da elkargoko langileen batez besteko lansaria; 1.599 eurokoa emakumezkoentzat eta 1.865 eurokoa gizonezkoentzat. Funtsean, elkargo batzarrean ere emazteak gutxiengoa dira hautetsien artean —233tik 52—. Egoera hori zer bortitza den ohartzeko eskatu zien Colette Capdeviellek gainerako hautetsiei. Beñat Cachenault Iholdiko auzapezak erantzun zion «zaila» dela emakumeak politikan «inplikatzea». Hautetsien kontzientziazioan egin beharreko lanaren erakusgarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.