Palestinako gatazka. Raji Sourani. Abokatua

«Okupazioan, okerrena da ez zaiela iruditzen gerra krimenak direnik»

Ia mende erdi darama Palestinako lurretan egindako gerra krimenen berri biltzen. Nazioarteko Zigor Auzitegia iaz hasi zen ikertzen legelariak aurkeztutako eskaerak.

BERRIA.
Beirut
2022ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Palestinako lurretan egindako gerra krimenen biktimek ez dute justizia lortuko nazioarteko zuzenbidearen bitartez baino. Ideia horrek bultzatuta egiten du lan Raji Sourani abokatuak (Gaza, 1953); izan ere, ia mende erdiz aritu da krimen horien berri biltzen, gero Israelgo sistema judizialean aurkezteko, bide horri ahal den etekin gehiena atera nahian. Souranik segurtatu duenez, beharrezkoa zen hori egitea Nazioarteko Zigor Auzitegira jo aurretik. Hain zuzen, auzitegi hori 2021ean hasi zen Souranik aurkeztutako eskaerak ikertzen. Abokatuak espero du ordezkatu dituen pertsonek jurisdikzio unibertsalean aurkitzea Israelen okupazioko sistema judizialean aurkitu ez dituzten duintasuna eta justizia.

Giza Eskubideen Palestinako Zentroaren sortzailea eta zuzendaria da Sourani. Palestinan zuzenbide estatua ezartzearen alde egin duen lana saritu izan dute nazioartean, baina zapaldu ere egin dute bai Israelek eta bai Palestinako Aginte Nazionalak, sei aldiz espetxeratu baitute Sourani.

Nolakoa da giza eskubideen defendatzaile izatea Gazan?

Hemen ezin zara giza eskubideen defendatzaile izan iraultzailea ez bazara, erromantikoa ez bazara, egunero garesti ordaintzen aritzeko prest dagoen norbait ez bazara.

Osloko Ituna [1993] sinatu aurretik, agenda sinpleago bat genuen: okupazioa amaitzea. Ordaindu behar izaten dugu: espetxean sartzen zaituzte, eta mehatxupean bizitzen zara, asko sufrituta. Baina, orain, Palestina giza eskubideak errespetatzearen eredu izatea nahi duten ameslariak garen aldetik, beste oztopo batzuk ditugu: Palestinako Aginte Nazionala —ni neu izan nintzen erakunde horren lehen presoa, Yasser Arafat Palestinako errege eztabaidaezina zenean— eta Hamas. Konfrontazioa daukagu Israelen okupazioarekin, baina beste arazo larri batzuk ere baditugu Palestinako Aginte Nazionalarekin eta Hamasekin, zuzenbide estatuari, demokraziari eta giza eskubideei dagokienez.

Kasu batzuk atzerrira eraman dituzu. Zergatik?

Zuzenbide estatuan sinesten dugu, eta hura lortzen saiatzen ari gara. Urte askoan, gerra krimen guztiak dokumentatu ditugu, eta Israelgo sistema judizialean aurkeztu. Nik neuk 43 urte daramatzat abokatu gisa lanean, eta Israelgo sistema judizialeko aukera guztiak probatu ditut, ezin gehiago. Ez dugu ia kasu batean ere lortu emaitza positiborik, eta lortu dugunetan garaipen sinbolikoak baino ez dira izan.

Batzuek esaten digute ergelak edo naifak garela Israelgo sistema judizialera jotzeagatik. Baina, horri esker, egitateak, dokumentuak eta auzitegiaren erabakiak baliatu ahal izan ditugu sistemaz hitz egiteko, eta datu sendoak bildu ditugu agerian uzteko Israelgo sistemak estali egiten dituela palestinarren aurka sistematikoki egiten diren gerra krimenak. Beste milaka kasuk ere frogatzen dute hori. Gainera, jurisdikzio unibertsalera jo nahi badugu, Espainiako Estatuko Auzitegi Nazionalera eta Londresera jo dugun bezala, frogatu beharko dugu, batetik, gure esku zeuden bide guztiak ibili ditugula, okupazioaren auzitegiko bideak alegia, eta, bestetik, bide horiek ez digutela balio izan duintasuna eta justizia lortzeko.

B'Tselemekin batera egin duzun ikerketan (Unwilling or Unable Borondaterik ez edo gaitasunik ez), ondorioztatzen duzue Israelek ez duela borondaterik edo gaitasunik gizadiaren aurkako krimenak ikertzeko. Nola frogatu duzue hori?

Itzuleraren Aldeko Martxa Handiari erreparatu diogu. Denbora mugatuko esperientzia bat izan zen, eta Gazako zerrendako eremu jakin batzuetan egina. Han, larri urratu ziren zenbait giza eskubide, eta ehunka pertsona hil ziren ondorioz, tartean umeak, erizainak eta elbarriak; askotan, gainera, tiroka ari ziren frankotiratzaile israeldarrak ez zeuden arriskuan. Milaka pertsona zauritu zituzten, eta beste ehunka lagunek gorputz atalen bat galdu zuten.

Kasu horietako bakoitzak Israelgo sistema judizialean izan duen bilakaerari erreparatu diogu, eta zerbait sinpleaz jabetu gara: Israelek bere lege propioak dituela. Ez ditu onartzen nazioarteko zuzenbidea, legedi humanitarioa eta giza eskubideak. Salaketa aurkeztu genuen entitate horrek berak, Abokatu Militar Nagusiak, baimena eman zuen Itzuleraren Aldeko Martxa Handian munizio erreala erabiltzeko zibil palestinarren kontra. Kasuak ez dituzte nazioarteko zuzenbidean oinarrituta ikertzen, Israelgo barne erregulazioetan oinarrituta baizik, soldaduak bete dituen edo ez aztertuz.

Palestinako Aginte Nazionalak eta Hamasek ere etekina ateratzen diote inpunitateari.

Ez nago oso harro Palestinako Agintearen errepresioa kritikatzeagatik egondako lehen preso politiko palestinarra izateaz. Adierazteko eta biltzeko askatasuna mugatzen dute, eta era masiboan atxilotzen dituzte oposizioko taldeak. Hori aspaldi izan zen, baina oraindik ere baditugu kontu horiei lotutako arazoak, besteak beste torturak eta atxilotze arbitrarioak. Arazo berak ditugu Hamasekin. Hemen, oraindik indarrean dago heriotza zigorra, nahiz eta ez den erabili duela azken bi urteetan. Hamas ez beste talde politikoen jarduna mugatuta dago: giza eskubideen urraketa bat da, argi eta garbi. Zisjordanian gertatzen da hori, baita Gazako zerrendan ere.

Nazioarteko Zigor Auzitegiak zenbait ikerketa abiatu zituen iazko maiatzeko erasoak aztertzeko. Zure ustez, horrek justizia ekarriko du?

Iazko urtea ezin bereziagoa izan zen, Nazioarteko Zigor Auzitegiak adierazi baitzuen Gaza eta Jerusalem bere jurisdikzioaren barruan daudela. Eztabaidaezina da orain: Nazioarteko Justizia Auzitegiak eskubidea du ikertzeko zer gertatzen den lurralde horietan.

Gainera, iazko martxoan, Fatou Bensouda fiskalak ausardia handiz batzorde bat sortu zuen Nazioarteko Justizia Auzitegian aurkeztu ditugun eskaera guztiak ikertzeko, mehatxu zuzenak egin dizkioten arren. Horrek esan nahi du Israelek egindako gerra krimenen eta gizadiaren aurkako krimenen aurka egin ditugun alegazio guztiei buruzko ikerketak abian egon beharko lukeela oraindik ere.

Gazan, Nazioarteko Justizia Auzitegiak zenbait auzi ikertuko ditu: batetik, 2014an zerrendaren kontra izandako erasoaldia; bestetik, 2018ko Itzuleraren Aldeko Martxa Handia eta iazko maiatzeko erasoaldia; eta, azkenik, Gazari ezarri zitzaion blokeoa.

Zisjordanian, palestinarren garbiketa etnikoa eta Jerusalemen judaizazioa ikertuko ditu auzitegiak. Apartheid krimenak eta arpilatzeak ere aztertuko ditu; izan ere, Israelek baliabideak kentzen dizkigu, besteak beste aberastasun energetikoa, petrolioa, ura eta mineralak. Azkenik, soldaduen kokalekuetako krimenak ere ikertuko ditu.

Egunero izaten dira erasoak Gazako zerrendan. Giza Eskubideen Palestinako Zentroan arrantzaleen eta nekazarien aurkako erasoak dokumentatzen dituzue, esaterako. Zer diozu horren inguruan?

Gazako zerrendan, nekazaritzarako emankorrak diren lurren %33 [Israelekiko] mugan daude. Hori asko da, are gehiago kontuan izanda munduan biztanle dentsitaterik handiena duten lurraldeetako bat garela. %33 hori kanpoan uztea mingarria da, eta, okupazioa dela eta, nekazari batzuk ezin dira beren lurretara joan. Izugarri zailtzen diete bizimodua, eta han ereitea ezinezkoa da. Batzuetan heriotza ere ekartzen die, odola, lesioak.

Beste aldean, itsasoa daukagu. Gure kostaldea 33 kilometro luze da, eta ezin gara itsas barrura joan. Normalean, itsas barrura 3-8 kilometro joaten uzten digute. Arrantzaleentzat, igerileku bat bezalakoa da hori. Jazarri egiten zaizkie, eta asko sufritzen dute... Horren eremu txikian arrantzatzen dutenez, bizigaiak oso urriak dira. Pobreziaren mugan daude.

Nola liteke armada horrek, zeinak itsaspekoak, gerra hegazkin espezializatuak eta munduko armarik teknologikoenak dituen, nekazariei apuntatzea mugen inguruan? Zenbat israeldar hil dira mugetatik gertu azken urteetan? Ia bat ere ez! Zenbat israeldar hil dira itsasoan? Bat ere ez. Orduan, zergatik apuntatzen diete nekazari eta arrantzaleei? Horregatik daude Gazako biztanleen %65 langabezian edo lansaririk jaso gabe, ia %90 pobrezia mugatik behera, eta horregatik jasotzen dute ia %85ek UNRWAren edo halako beste erakunderen baten laguntza. Are, UNRWA ere sufritzen ari da bere lana egin ahal izateko eta Palestinako herritarrei zerbitzuak eskaini ahal izateko.

Gazan gertatzen ari den guztia kontuan hartuta, hemen bizitzea ezinezkoa da. Suizidioa da. Okupazioan, okerrena ez dira krimenak, alderdi morala baizik: haiei ez zaie iruditzen gerra krimenak egiten ari direnik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.