Albistea entzun

EH Baik lurralde elkargo berezi bat nahi du, Euskal Herri burujabea helburu

Lehen kongresua egin du ezkerreko abertzaleen mugimenduak, Baionan. 2022-2026 aldirako bide orri politikoa onartu dute
EH Baiko zuzendaritza berria, atzo, Baionan egin zuten ekitaldian.
EH Baiko zuzendaritza berria, atzo, Baionan egin zuten ekitaldian. BOB EDME Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2022ko azaroak 27 - Baiona

«Mugimendu abertzale, ezkertiar, feminista eta ekologista dugu antolatzeko! Euskal Herria dugu eraikitzeko! Aitzina goaz!». Hitz horiekin eman dio bukaera Nikolas Blain EH Baiko koordinatzaileak ezkerreko mugimendu abertzaleak egin duen lehen kongresuari. Dozenaka jende bildu da Baionako Elkartetxean, EH Baik 2022-2026 aldirako izanen duen bide orri politikoa onartu eta hura aitzina eramateko ardura izanen duen zuzendaritza hautatzeko.

Duela hamabost urte sortu zen EH Bai, eta, gaur egun, ezkerreko abertzaleen erreferentzia nagusia da Ipar Euskal Herrian. Lehen kongresua mugarri bat da haren ibilbidean. «Egindako lanaz harro egon gaitezke», adierazi du Blainek. Jende andanak parte hartu du irailean abiatutako prozesuan. Larunbat honetan 235 kide bildu dira lehen kongresuan, eta aho batez onartu dute txosten politikoaren azken bertsioa. Zuzendaritza berrirako zerrendak %94ko babesa jaso du.

EH Bairen hitzetan, Ipar Euskal Herriak ez du erabakitzeko aski botererik, ez du aski autonomiarik. Hala ere, nabarmendu dute azken urteetan «garaipen ederrak» lortu dituztela, bai mobilizazioei esker, baina baita «dinamika kolektiboak eta indar metaketak bultzatzeko ahalmenari esker». Bide horretatik segitzeko borondatea erakutsi du Blainek, «mugimenduen arteko zubiak eraiki eta Parisen parean boz bakarrean herri gisa mintzatzeko xedearekin».

Baina Ipar Euskal Herriaren estatus politikoan aitzina egiteko beharra ere azpimarratu dute, Euskal Hirigune Elkargoaren eredua «gainditzeko» garaia dela adierazita. Borondatea erakutsi dute estatus bereziko lurralde elkargo baten aldarrikapena «agenda politikoaren lehen lerroan» ezartzeko, «Parisko ministerioetaraino» entzunarazteko. Estatus politikoa eta bilakaera instituzionala eztabaida politikoaren «erdian» ezartzeko deia egin diete Ipar Euskal Herriko indar politiko, sindikal eta sozialei.

Abertzaleak, ezkerrekoak, feministak eta ekologistak. Horrela definitu dute beren burua EH Baiko kideek. «Azken urteotan gero eta jende gehiago hurbildu zaigu, eta segur gara geroan ere oraino gehiago izanen garela», erran du Mathilde Hary bozeramaile berriak. «Herria da gure interes bakarra. Horregatik, zenbat eta EH Bai indartsuagoa izan, instituzio eta mobilizazioetan zenbat eta gehiago izan, orduan eta aterabide gehiago izanen dira herriarentzat».

Nazio eraikuntza

Ondoko urteetako hauteskunde zikloari begira dago EH Baiko zuzendaritza: 2026ko martxoko herrietako bozak izanen dira nagusiak. Arloz arlo mobilizatzen segituko dutela ere erran dute, diskurtso propioa lantzeaz gain, izaera anitzeko elkarlanen apustua eginez.

Erran dute EH Baik emantzipazio proiektu bat duela, burujabetza eta autodeterminazio eskubidearen defentsa helburu duena, eta babesa erakutsi diete munduan zehar independentziaren alde ari direnei. Baina Euskal Herriari begira ere jarri dira: «Nazio eraikuntzan ere urratsak egin behar ditugu, Euskal Herrikoa izatearen sentimendua indartzean», erran du Blainek. Alde horretatik, EH Bildurekin duten hitzarmen estrategikoa «indartu eta berritzeko» engaiamendua hartu dute. Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak mezu bera zabaldu du: «Gu gara zazpi lurraldeko Euskal Herria bermatzen dugun bakarrak». EH Baik onartu duen txosten politikoan, bi mugimenduen arteko lantalde bat osatuko dutela jaso dute.

Nazioarteko babesa

Nazioarteko eragile zenbaitetako ordezkari andanak parte hartu du EH Bairen lehen kongresuan; tartean, estaturik gabeko nazio anitzetako ordezkariak: Korsika, Bretainia, Okzitania, Kanaky eta Polinesia, besteak beste. Moetai Brotherson Polinesiako diputatu independentistak egin duen hitzaldia nabarmendu da bereziki. Frantziarekiko «harreman paternalista» bukarazteko eskatu du, «parez pareko» harreman batera igarotzeko. «Ez gara inoren jabetzak: herriak gara».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Mertxe Aizpurua Espainiako Kongresuan. ©JUANCARLOS HIDALGO / EFE

'Mozal legearen' erreforma ez blokeatzeko eskatu die PSOEk bazkideei

Xabier Martin

EAJko Aitor Estebanek uste du orain arte adostutako zuzenketak egun indarrean dagoen legea hobetzen dutela. EH Bilduko Mertxe Aizpuruak, berriz, ohartarazi du Espainiako Gobernuak «hitzemandakoa» bete beharko duela koalizioaren babesa jaso nahi badu Herritarren Segurtasun Legearen erreformarako.

PSNk atea itxi dio Mañeru eremu mistoan sartzeari

Berria

Etzi bozkatuko dute proposamena parlamentuan. Alzorrizek esan du ez dela gaiaz «hitz egiteko garaia»
Odon Elorza, 2021eko urtarrilaren 22an egindako agerraldi batean. ©Gorka Rubio / Foku

Odon Elorzak dimisioa eman du diputatu gisa

Jon O. Urain

Donostiako alkate ohiak aitortu du PSOEko zuzendaritzarekin «desadostasunak» saihesteko hartu duela erabakia. 11 urte egin ditu Espainiako Kongresuan.

Onintze Oleaga eta Unai Urruzuno, otsailaren 11ko topaketa aurkezten. ©/ EH Bildu

EH Bilduk jardunaldi munizipalistak egingo ditu otsailaren 11n

Jon O. Urain

Bost erronkaren inguruan ariko dira, eta indar subiranistak saio horrekin abiatuko du udal hauteskundeetako kanpaina.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Ekhi Erremundegi Beloki

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...