Garraio kooperatiba faltsuak desagerrarazteko eskatu du Hiruk

Euskal kamioilarien sindikatuak irudi berria plazaratu du. Garraio zerbitzuen prezioa gasolioarenarekin batera aldatzea nahi du

Hiruren agerraldia, atzo, Oiartzungo Bideko gasolina zerbitzugunean. Logo berria ibilgailuetan ageri da. HIRU.
xabier martin
2019ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Euskal Herriko garraiolarien Hiru sindikatuak aurrera egiteko indarrez dagoela plazaratu zuen, atzo. Epe berri bati ekin dio sindikatuak, bere irudia eta egitura berrituz. Aurrerantzean, hilabeteak iraun duen prozesu baten osteko erabakiak tarteko, idazkari tekniko bat izango du: Biktor Galarza. Eta horrekin batera, logo berria ere bai. Oiartzungo Bideko gasolindegi kooperatiban egindako agerraldian erakutsi zuten irudi korporatibo berria: hiruki gorri baten barruan Hiru zuriz idatzita ageri duena.

Kamioilarien jardueraren defentsa sutsua egin zuen Hiruk; esaterako, erregaiaren igoeraren auzia salatu zuen. Garraiolarien zerbitzuek gasolioa igotzearekin batera aldatu behar dutela esan zuen, «erosteko ahalmena gal ez dadin». Kamioilarien zerbitzuak kontratatzen dituzten enpresei erreparatzen jarraitu zuen sindikatuak; kamioilariek gehienez 30 egunen barruan kobratu nahi dute, eta ez 90 eguneko epean, orain egiten den bezala. Hiruk esplikatu zuen garraiolariek «lanordu amaiezinak» dituztela, eta sektorea apurtzen duten kooperatiba faltsuek hor jarraitzen dutela, lehia desleiala egiten. Haiek desagerrarazteko eskatu zuen Biktor Galarzak berak.

Garraiolarien sindikatua bere afiliatuekin aritu da Hiruren geroaz, eta erantzun positiboa jaso du, idazkari teknikoak esplikatu zuenez: «Hiru beharrezkoa dela uste dute gure afiliatu garraiolariek. Horrela adierazi digute azken hilabeteotan egin dugun galdeketan. Gu prest gaude orain arte egindako lanari eusteko, indartsu. Zintzotasun osoz erantzungo dugu bi esparrutan lan eginez: garraiolarien defentsan eta errepideetako zerbitzurik onenean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.