Arroka baten gisakoa da

Defentsako lanean eta kontraerasoetan oinarritzen da Erromaren jokoa. Baloia duenean, berriz, ez da hain arriskutsua. Aurretik jarriz gero, oso gutxitan egiten dio ihes neurketak.

Jose Mourinho Erromako entrenatzailea, baloia eskuetan duela, aginduak ematen. ANNA SZILAGYI / EFE.
Iñaki Berastegi.
2023ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Jose Mourinhoren Erroma taldea gainditzea zaila da. Ez da zirrara sortzen duten horietakoa, baina bai oso talde sendoa, lakarra eta lehiakorra. Finean, entrenatzaile portugaldarraren betiko estiloa oso barneratuta daukan multzoa da. Defentsako lana, diziplina taktikoa eta kontraerasora azkar ateratzeko gaitasuna dira Italiako taldearen bertuterik nagusienak. Jokoaren erantzukizuna eraman behar duenean edo hegaletara laguntzak iristen ez direnean da ahula.

Ikusi gehiago:Atarikoa: Joan, ikusi, eta, ahal dela, irabazi

SISTEMA
Barrutik jendea pilatuta

Hiru erdiko atzelari eta bi hegaleko luzerekin jokatzen du beti Jose Mourinhoren taldeak, 1-3-4-2-1 sistema erabilita. Zelai erdian lau jokalari kokatu ohi ditu entrenatzaile portugaldarrak, eta aurrelari bakarrarekin ari da azkenaldian. Normalean, bi euskarrik eta aurrelariaren atzetik jokatzen duten beste bi jokalarik osatzen dute zelai erdia, karratu itxurako bat sortuz. Euskarrietako baten lana izaten da taldea baloiaren bitartez mugitzea, eta bestearen eginkizun nagusia litzateke taldeari oreka ematea. Aurrelariaren atzetik Lorenzo Pellegrini eta Paulo Dybala aritzen dira: zelai erdian nahieran mugitzeko askatasuna dute, eta, taldeari azken metroetan argitasuna emateko ardura izateaz gain, areara iristeko eskatzen die entrenatzaileak. Hauek dira aurrelariaren betebeharrak: baloi luzeak borrokatzea, bigarren lerroko jokalariei aukerak ematea, eta erdiraketak egiten direnean errematea egiteko toki aproposetan egotea.

ESTILOA
Kontraerasoan da trebea

Jokatzeko orduan, batere nahasten ez den taldea da Erroma. Talde kontserbadorea da. Atzean sartuta eroso sentitzen da, eta ez du etengabe baloia luze jokatzeko arazorik. Modu zuzenean eta abiadura handiarekin jokatzean sentitzen da erosoen, eta baloia barruan berreskuratzen duenean izaten da arriskutsua. Beraz, jabetza luzeak arbuiatzen ditu, ez duelako gehiegi arriskatu nahi, eta atzealdeko jokalariek ez dutelako baloia jokatuta garbi ateratzeko gaitasun hori. Zain egotea du gustuko, aurkariak egin dezakeen akats baten esperoan. Markagailuan aurretik jartzen denean, taldea are atzerago kokatzen du Mourinhok, eta oso zaila izaten da haiei arriskua sortzea. Gainera, geldikako jokaldietarako jokalari aproposak ditu.

ERASOAN
Spinazzolaren hegaletik

Aurrelariaren atzetik ari diren bi jokalariek eta ezker hegalean jokatzen duen Spinazzolak sortzen dute arrisku gehien Mourinhok zuzentzen duen taldean. Luze jokatu ostean, Belottik baloia bularrez jaisten du, eta Pellegrinik edo Dybalak, bietako batek, baloia ahalik eta azkarren jasotzea da agindua. Behin horiek baloia dutenean, bi modutara egin dezake min Italiako taldeak: baloia barrutik area ingurura gidatu eta jaurtiketaren bat eginez, edo Spinazzolaren hegaletik datorren erdiraketa baten bitartez. Italiako selekzioko atzelaria azkarra eta buruz burukoan trebea izateaz gain, bi oinekin erdiraketa onak egiteko gai da. Erdiraketa asko egiten dituen taldea da, eta area ertzetik ere askotan jaurtitzen dute.

DEFENTSAN
Area defendatzen, eroso

Defentsako lanean oso talde sendoa da Erroma. Hala erakusten dute datuek: Italiako ligan laugarrena da gol gutxien jaso duten taldeen artean. Etxean bost baino ez ditu jaso, eta gol aukera gutxien egiten dizkioten taldea da. Barrutik jende asko pilatzen dutenez, area ingurua oso ondo zainduta daukate, eta erdiko hiru atzelariak, Chris Smalling, Roger Ibañez eta Gianluca Mancini, gainditzea oso zaila da: fisikoki oso hirukote indartsua osatzen dute, goiko baloietan maisuki moldatzen dira, eta aurrelariei aurrea hartzeko duten gaitasuna nabarmentzeko modua da. Intentsitate handiarekin eta modu oldarkorrean jokatzen duen multzoa da, taktikoki ondo landuta dagoena, eta taldekideei laguntzea oso barneratuta daukate. Hegaletatik sufritzen du Erromak gehien, Zalewskik eta Spinazzolak gutxi begiratzen dutelako atzera. Laguntzak ailegatu ezean, arriskua sortzen diote. Hortaz landa, Mancini atzelariak gora joateko joera handia duenez, batzuetan tokiz kanpo harrapatzen dute aurkariek.

JOKALARIAK
Dybalaren doinupean

Juventus utzita, Paulo Dybala argentinarrak bere tokia aurkitu du Mourinhoren aginduetara. Barrutik jokatzeko erabateko askatasuna eman dio entrenatzaile portugaldarrak, eta, taldeari argitasuna ematen dion jokalaria izateaz gain, erromatarren golegile nagusia da. Lerro artean baloia etengabe eskatzen du, eta hura da azken pasea emateko jokalaririk aproposena. Erromak ondo jokatu dezan, Dybalak ondo aritu behar du. Halere, argentinarrak jokalari trebeak ditu bere inguruan: Spinazzola da Dybalarekin batera taldeari beste zerbait emateko gai den bakarretakoa, baina Pellegrini kapitainaren edo Andrea Belotti aurrelariaren lana ere ezin da aipatu gabe utzi, besteak beste. Realak gertutik zaindu beharko ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.