Joan, ikusi, eta, ahal dela, irabazi

Realak Erroman jokatuko du gaur, Europa ligako final-zortzirenetako joanekoan. Aritz eta Sadiq ez beste, jokalari guztiak eraman ditu Imanolek. Bi taldeak lehen aldiz ariko dira elkarren aurka norgehiagoka ofizial batean

Jon Ander De la Hoz.
2023ko martxoaren 9a
00:00
Entzun

Realaren jirakoak Erromaren ingurukoak jakiten aritu dira Europa ligako final-zortzirenak zozkatu zituztenetik. Txuri-urdinek han jokatuko dute gaur, txapelketa ofizial batean estreinakoz, eta tropelka dira hara bildu diren zaleak. Italiako hiriburuan txango turistiko bat egitea nahikoa izaten da Gaio Julio Zesar agintariari esleitzen zaion esaldia entzuteko: «Etorri nintzen, ikusi nuen, irabazi nuen».

 

Ikusi gehiago:Erroma: Arroka baten gisakoa da

Gauza bera esan nahi dute bidaiatu duten 2.000 realzaleek. Ez Antzinako Erroman, egungoan baizik. Aurrez bisitatu gabeko tokia ezagutu ostean, garaipena nahi dute, kosta ahala kosta.

Izan ere, txapelketan segitzea da txuri-urdinen asmoa, eta urrats handia egingo lukete joanekoan gailenduta. Ez dute lantegi erraza izango; Jose Mourinhoren taldea suspertuta ailegatuko da norgehiagokara, joan zen asteburuan Juventus menderatu ostean: 1-0. Gainera, 70.000 zale baino gehiagoren babesa izango du Olinpiar Estadioan.

Egoera horretan, Realak azkenaldiko mamuak uxatuta aritu beharko du. Imanol Alguacilek prest du ia talde osoa, eta, Aritz Elustondo eta Sadiq Umar ez beste, gainontzeko jokalari guztiek bidaiatu dute. Min hartuta daude bi horiek.

Realak Zubietan egin zuen partidaren atariko azken lan saioa atzo, eta bazkalostean bidaiatu zuen. Behin ailegatuta, prentsaren aurrean hitz egin zuten Imanolek eta Martin Zubimendik.

Teknikari oriotarraren esanetan, «berebiziko norgehiagoka» da gaur arratsaldekoa: «Europa liga. Erroma. Mourinho. Final-zortzirenak. Taldeak ilusioa du, eta partida ona egin nahi dugu. Ordua iristeko irrikaz gaude, eta jokalariak gisa honetako neurketa batean ikusi nahi ditut».

Reala eta Erroma laugarrenak dira beren ligetan, eta goiko postuetara begira daude. Ordea, donostiarrek beheraldia izan dute azken jardunaldietan. Nolanahi ere, irabaztea beste xederik ez dute gaurko partidan. Hala esan zuen Zubimendik: «Noski, bestela gaizki gabiltza. Urtea osoan erakutsi dugun mailak konfiantza eman behar du. Aurten, helburua ahalik eta urrunen iristea da. Talde sendo bat espero dut, Mourinhoren taldeak oso landuta izaten baitu defentsa».

Jose Mourinho Erromako entrenatzaileak, berriz, goraipatu egin zuen Reala, eta nabarmendu zuen zozketan «zorte txarra» izan zutela: «Reala oso talde ona da, eta, egiari zor, zaila da haien ahulguneak aurkitzea. Jakina denez, Imanol oso entrenatzaile ona da, eta ondo egituratutako taldea du, nola erasoan, hala defentsan».

Prestatzaile portugaldarraren esanetan, txuri-urdinen abilezia nagusietako bat da taktikoki «talde moldagarria» izatea: «Sistema aldatzeko erraztasun handia dute. Ohiko 4-4-2a erabiltzen dute hasieran, baina, 4-3-3 moldea baliatzen dutenean, mugikortasun handia lortzen dute erasoko jokalariek. Teknikoki jokalari onak ditu, ez Mikel Oiartzabal soilik».

Italiako hiriburuko taldea gorabeheratsu aritu da azkenaldian, eta kostatzen ari zaio emaitza onak kateatzea. Haatik, Realeko teknikariak ere loreak bota dizkio, baita haren entrenatzaileari ere: «Defentsiboki gaitasuna dute goian defenditzeko, baina beheko blokean ere badakite egiten, aurkariei aukerarik eman gabe. Goian ere jokalari onak ditu; talde ona da, eta entrenatzaile ona du ere bai».

Lehenik, gaurko partida

Kanporaketa bi partidatara jokatuko denez, unearen kudeaketak ere garrantzia izan ohi du. Halako distira duen partida batean nola egin daitekeen galdetuta, zera uste du Imanolek: «Zaila da, baina egia da itzuliko partidan aukerak izateko lehena ondo jokatu behar dela. Oraingoz, joanekoari heldu behar diogu».

Gauzak horrela, Realak estreinako partidatik lortu nahi du abantaila. Tokia aproposa da horretarako, Italiako talde nagusietako baten zelaian ariko baita. Zale gehientsuen biltzen den estadioan. Europan sarri antzean aritzen den talde baten aurka. Partida handia du jokatzeko, eta distiratsu aritu nahi du. Ilusioz joan da, eta garaipen batekin itzuli nahi du etxera.

ERROMA-REALA
Erroma. Rui Patricio; Diego Llorente, Smalling, Mancini; Zalewski, Cristante, Wijnaldum, Spinazzola; Pellegrini, Dybala eta Abraham.
Reala. Remiro; Gorosabel, Zubeldia, Le Normand, Diego Rico; Silva, Zubimendi, Merino; Kubo, Oiartzabal eta Sorloth.
Epailea. Sandro Scharer (Suitza).
Lekua. Erromako Olinpiar Estadioa (72.698 ikusle).
Ordua. 18:45 (Cuatro).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.