KRITIKA. Musika

Askotariko erlijio doinuak Bilbon

Jesus Mari Begoña -

2019ko apirilak 18

Bilbao Ars Sacrum. 'Egurra eta soka'

Taldeak: She'Koyokh, Singer Pur. Non: Bilboko Gizakunde elizan. Noiz: Apirilaren 11tik 16ra.

Bilboko erlijiozko musika zikloak, hogei urte igarota, sendotuta dagoela egiaztatu du, eta aurten erakutsi duen maila ona da horren adierazle. Zikloa osatu duten sei kontzertuetatik badira nabarmentzeko moduko zenbait.

Klezmer musika jo zuen She'Koyokh taldeak, oso ona edo aurrera bezala itzul daitekeen Erresuma Batuko taldeak. Klezmer hitza, Yiddish edo Ekialdeko juduen hizkuntzan, K´ley eta Zemer berbetatik dator, eta doinu-ontzia esan nahi du, beste adiera batzuen artean. Halako taldeen jatorria Ekialdeko Europan eta Behe Erdi Aroan zeuden askenazi edo diasporako juduen sorlekuetatik letorke, eta ezkontzetan eta jaietan —Janukka, Purim eta Shabathen bukaeran— jotzeko dantzak izaten ziren. Gurera etorri zen klezmorin talde bikainak juduen tradiziozko jazan edo beren erlijiozko kantinelen oihartzuna zekarren, batez ere, Balkanetako folkloreko ekarpenekin joa —eta nola joa gainera—, abeslariek lagunduta batzuetan. Tradiziozko instrumentuak baliatu zituen taldeak, hala nola klarinetea, biolina, eskusoinua, gitarra, kontrabaxua, perkusioa eta Bulgariako kaval deritzon artzainen flauta zaharra, hain justu.

Hasieran, akustika nahasi batekin —laster konpondu zuten— interpretatu zuten ohiko dantza pot-pourri zoragarria, eta bi kantu sefarditan murgildu ziren ondoren. Taldeak bere aberastasuna azaldu zen ijitoen bi abesti erromaniz eta serbieraz kantatuz, baita Armenia, Mazedonia, Turkia eta Serbiako dantzetan ere. Dantza horien artean, klarineteak, Susi Evansen eskuetan, aieneak eta barreak tartekatu zituen, ahotsen oihartzuna erakarriz, baita mendeetako jazarpenak gogora ekarriz ere.

Singer Pur ahots taldea, berriz, Erromako katolikoen tradizioan oinarritu zen, Jeremiah izeneko egitarauarekin. Berpizkundeko erlijiozko piezak interpretatu zituen, Carlo Gesualdorenak, Giovanni Pierluigi da Palestrinarenak zein kantu gregorianokoak, jatorriz a capella, ahots hutsez abestekoak. Kasu honetan, baina, David Orlowski klarinete jole apartaren laguntzarekin.

Singer Pur bikaina soprano batek, hiru tenorrek eta baritono bik osatzen dute, eta emanaldian oso ondo elkartu zen taldea tinbre, dinamika eta erritmoetan. Eskarmentu handia erakutsi zuten Berpizkundeko polifonia sacroan, afinazioan, arnasketan eta fraseoan. Klarinetearen partehartze malenkoniatsu edo mistikoa ondo uztartu zen Nekaldiaren edukiekin —klezmer klarinetea zirudien batzuetan— beste ahots bat balitz bezala uztartzen zenean. Aldiz, ez hain ondo intentsitatea bortxatzen zuenean, ahotsen gainetik jarriz, edo are okerrago gregorianoko abestiei oihartzun modukoa, kontrapuntua egiten zienean. Horiek horrela, esan daiteke Matan Porat musikagile garaikidearen abestietan konbibatu zirela hobekien ahots taldea eta klarinetea, gaur egungo konposizio disonanteetan, hain justu ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna